jueves, 26 de abril de 2012

ERRULETA ERRUSIARRA


Hitzak sikatu dira dagoeneko eta tinta tantak orrian behera doaz
larrosa baten petaloak izango balira bezala.
Gela ilun dago,
ilunegi begirada non dagoen jakiteko.
Indietatik esportatutako lobelarra,
Perutik odolez lapurtutako urrea.
Luxu erotikoa Montparnasseko bagoietan, Senaren ertzean zure irudi
lausotua.
Bals.
Baina hori dena igaro zen,
orain zure egunerokoren batean egongo da idatzia,
etorkizuneko mamuek irakurtzeko edo.
Erruleta errusiarra.
Bolbora garunean lehertzearen zortea.
Eta galera.
Gutunak. Izenik gabekoak. Sutara.
Ez dezaten berriz ere ilusiorik dekapitatu Robespierren gilotinaren dantzan.
Konparazioak txarrak omen dira. Hori diote.
Helduek. Eta ez hain heldu direnek.
Eta kasu egiten diegu. Errepideak amaitzen diren arte.
Orduan balsek ez dute askorik balio.
Montmartre. 2 am. Bolbora garezurretik bi pausura.
Leherketa zarata.

PSYCHEDELIC TEA ROOM



Parfum de vanille. Kearen esplorazio bidaia
airezko itsaso zabaletan. Hosto berdezko hormak,
olatuen pare lehertzen diren kandela argiak.
Arpegio desitxuratuak agurearen begietan.
Eta zureetan goraintzi ahantziak. Beldurrez berriz ahantziak izan
daitezkeelako.
Baina gaur aho usteldu baten gogorik gabe nago
eta lobelarrak Morpheoren sehaskan kulunkatzen nauen bitarteaurrun joan nahi dut
bidaideen bila. Oraindik garaiz dela uste dut.
Binilozko sinfoniak ez daitezela berriz isildu!
Orient Express. Parisetik eguzkiaren bila, sorterrira.
Hondarrezko ordulariak geratuko ziren,
baina zure taupadek nireekin batera oihukatzen dute.

SARRERA II


Teloiak ixterako mundua mila zatitan apurtuko da
asteroideen pare.
Eta antzezleen imajinazioa
interpretagaitzen erbesteraldian joango da maleta batean sartuta.
Dorre guztiak itsasora jauziko dira
eta iratxoen erreinua herensugeen gainean fundatuko dute
uharte bakartietako robinsonoek.
Eta bihar goizeko lauetan Aladin hegan ikusten baduzu
zeru zabalean,
egin tiro! Zure magia lapurtu dizunaren seinale.
Horregatik oraingo fusiletatik conffetiak irteten dira
eta loreek ilargiraino salto egiten dute,
saiakera bakoitzean bere masail borobiletan musu emateko.
Lo hartzen baduzu, lasai. Esnatuko zara. Edo zaituzte.
Eta ez bazara ezertaz enteratu,
azalpenak eskatu albokoari. Eta honek lo hartu badu,
albokoaren albokoari.
Beti egongo da norbait haizezko pentagrametan
zintzilik geratzen dena
edo buruz behera kristalezko euri tantetan.
Poesia ez dago kalean!
Hareazko ordularietan kanuto bat erretzen
akaso, baina gaur kalera ateratzen bada
goraintziak nire partez.
Eta ezer ez baduzu entenditu, lasai
hau hasiera bakarrik baita.

KALEIDOSKOPIOTIK BEGIRA AMETSAK OPARITZEN DITUT



Ostiral honetan, apirilak 28, Añorgako gaztetxean "Kaleidoskopiotik begira ametsak oparitzen ditut" poesia errezitaldia gaueko 22:30etan. ea han ikusten garen.

miércoles, 25 de abril de 2012

JOAQUINISMO SABINISMOA - AUTOBUSEKO DAMA



Autobuseko kristalak lurrundurik dira beste behin,
euriaren babespean. Autobuseko kristalak lurrundurik dira
eta
ez du intentziorik uneak aldatzeko. Lurrundurik.
Zeru goibeldun egunetan errepideak bustita egon ohi dira
eta Seat baten argiak atmosfera hezean galduta daude.
Aterki bustiak.
Kafe katiluak hutsik terraza abandonatuetan,
zigarrokinen alboan. Hautsontzian.
Eta zu geltoki anonimo horretan igo zara.
Leku bakartiak okupatuta daude
eta nire alboan eseri zara,
menturaren kontuak.
Eta isilik ezin egon eta "kaixo" batez agurtu nauzu.
Liburua albo batera utzi dut
eta hizketan jarraitzeak dakartzan oztopoak gainditu ditugu.
Geltoki berean jaitsi gara gaueko hamaikak pasata
eta gure desioak ezin ezkutaturik taberna baten terrazan
kubata baten biran sakon ezagutu gara.
Muxuak gurutzatu arte begiraden intimitatean.
Euria atertu du. Berotasuna haziz doa.
Kamustu dira lotsak. Zorroztu plazerrak.
Eta aterperik gabe pentsio batean erantzi ditugu larruaren hesiak.
Dardara komun bat amaierako sinadura.
Eta begiak itxi ditugu zigarro bana itzali ostean
biharraren beldurrik izan gabe.


BALS


Hartu nire eskua.
Gauerdia gainean dugu eta orkestrak
azken pieza joko duela dio biolin zartatu artetik.
Bals bat.
Agur esateko bals bat,
konpromiso barik.
Gerritik heldu eta aska gaitezen
pentagramen haize izoztuko soketan dantzan.
Dena ahaztu!
Dena hauts bihurtu!
Ez pentsatu ezer. Momentuaz gozatu.
Lokartu zaitez loak deitu gabe
eta esnatu loak deitzean.
Senti ezazu haizeak belarri ertzean egiten duen kilima.
Olatuen laztana bizkarretik behera.
Ez onartu xake materik,
hartu zaldi bat eta galdu ohianean
inoren bila.
Bira.
Begirada gurutzatu eta bira.
Musika bukatuko da bukatu behar duenean.
Nahi duzuna egin.
Esan agur bat eta akaso ikusiko gara beste bals batean.
Edo edozein herriko jaixetan.

BARRAREN GAINEAN

Hogeita lau ordu mozkorrak,
hogeita lau ordu amodioz mozkortuta.
Gerritik heldu estu-estu
eta murgildu gaitezen pasioaren sugarretelkarrekin izerditu dezagun
begirada bakoitzaren berotasunean.
Eztizko ezpainen aroma orgasmikoetan
galdu gaitezen
barraren gainean dantzatzen dugun bitartgaragardo apar artean
takoi eta punten konpasean.
Eta loak hartu gaitzala ilargitik zintzilik
zoramenean.
Eguna sortu artean
gurea baita gau osoa.
Zurea eta nirea. Ez beste inorena.

lunes, 16 de abril de 2012

DON'T WORRY, BE HAPPY: RUDOLFO KOSMONAUTAREN BIDAIA FANTASTIKOA

Turboa sartu eta atzetik patruila espaziala
sirena soinuak dinbili-danbala.
Saturnori bost buelta
rotonda batean balego bezala eta
ezkerretara hartu du Venus aldera
pikea botata Phelps izeneko kometa bati.
Rudolfo kosmonauta bigarren iritsi da
eta gin tonic bat atera behar izan dio
California Beach izeneko
txiringito batean.
Kabroia!
Gero han joan da bere kosmobilean
ilargiaren magalera kulunkatzera
okasioa ikusten duenean gona altxatzeko
bere ipurdi ezkutua ikusteko.
Baina nobioa duela esan dio
eta kubatetan gastatuko dirua itzultzeko eskatu dio ilargiari.
(agindu itxura gehiago du)
Ligatzea garesti baita.
Eta patruila berriz atzetik.
Eguzkiari sua eman diola diote sarjentuek.
Cadena perpetua!
Jupiterren atzean ezkutatu da Rudolfo Rudolfensis.
– Barkatu. Ni Zeus naiz. Jupiter nire anaia bixkia da.
– Barkatuta zaude.
Eta galdu da izar artean.
John Lennon, Michael Jackson, Ray Charles, Iesus Christ eta Freddy
Mercury.
Eta Laboa, Lete, Imanol, Lekuona, Lazkao Txiki, Txirrita.
Baina horiek euskal konstelazioetan daude.
Berdin du!
Gora gu ta gutarrak!
Eta jarraitu du bere bidaia fantastikoan
ezkerra, eskuina. Gibel edo aintzina.
Don't worry, be happy
eta turboa berriz sartu du
izarren salda urdinik gabe geratu baita.
Gasolindegian poliziak harrapatu du ordea.
Hurrengo egunean egunkarian bere argazkia publikatu dute
poliziaz inguratuta.
Mucha policía!

lunes, 2 de abril de 2012

HEGOAK BUSTIRIK



Hegoak bustirik dituzun txori bat zara.
Hegoak bustirik dituzun txori txiki eta gaixo bat zara.
Hegoak bustiegiak dituzu hegan egiteko.
Malko gehiegi isuri zenituen bart
gu denok ohereatu ginenean. Inor kontura ez zedin.
Lotsa ematen baitizu
besteen aurrean negar egiteak. Eta horregatik
ipurtargiei bizkar emanik
penak masail ubeletatik behera isurtzen dituzu
bihar alaiago egongo zarela pentsatuz.
Baina ez duzu irribarrerik mokoan
eta zure kaiola lorez apaindu dute, pentsatuz alaituko zaituela.
Gauzak berdin.
Pasa dira egunak. Pasa dira asteak. Pasa dira hilabeteak. Urteak.
Eta handitu zara. Hegoak bustirik daude oraindik,
baina bihotza indarrez bete da
eta hegoak astintzen hasi zara
eta petalo sikatuak desagertu dira
eta kaiola erdoildua apurtzen hasi da
eta zu hegaka zeru urdin eta zabalean.
Eta bai.
Orain negar egiten duzu,
baina irribarre bat ahoan marrazturik.
Hegaka. Sorterrira. Eguzkiak argitzen duen kabira.

PARTISANIA



Kausa bat eta horren alde bolbora usaina.
Hilotzak aireratzen diren bitartean
banderen azpian gordetzen dira suak kontsumitatutako errautsak.
Paradisu urrunak infernu hurbiletatik gertu
eta kanoi burrunbak
Vienako philarmonikaren errepertorio bakar.
Aristokraziaren balsak nahigabetan pozointzen dira,
kopak lurrera doaz, zilipurdika marmol gainera.
Kapritxo garestiak horrela zikintzeak berdin dio
guduzelaiaren erdian.
Etxeak sutan daude, jauregiak hiltzaileen gordeleku bihurtu dituzte.
Partos. Egunsentiarekin iluntzen dira
eta kafea lobelarrarekin zerbitzatzen da.
Heroien gotorleku eta hilerri. In saecula saeculorum. Amen.
Lur bat defenditzea segundo baten isiltasunak hutsean utz dezake.
Bart bi andere zurbil hurbildu dira x izeneko baten hilkutxa aurrera.
Lora sorta bat piztiaren aurkako balentriaren truk.
Dagoeneko
haizeak eramanak ditu kupida barik.

ORTZEMUGAKO MUGAK SUNTSITUZ



Greba egun batez eskuak ere greban jarri zizkizuten
goizeko lehen printzek argitzen zutenean aurpegia
jipoi baten esklabo.
Esaten zenituen barbarie guztiak irenstea
egindako delituaren konponbide bakarra egin zuten.
Ihes egitea ere amets bihurtu zen,
aurre egitea ametsgaizto. Dena beltz ikusi arte.
Amets gaiztoak orduan egin zuen ihes eta bere inperioa fundatu zuen
maite zintuztenen bihotzetan.
Egunerokotasun rutinarioaren bandera erre eta berea inposatu zuen
inongo baimenik eskatu gabe.
Negar malko bi begi bietan.
Eta orduan konturatu ginen bakarrik ez geundela, nahiz eta
bakarrik sentiarazi nahi gintuzten.
Eta ortzemugatik haratago, mendien beste aldetik ere
zure izena oihukatzen dute bortizki,
izendatzea merezi ez duten horiek tratatu zintuzten moduan.
Minezko itsaso batera kondenatu nahi gintuzten,
baina itsaso horrek dagoeneko su hartu du.
Eta gu bertan erretzen gabiltza.



Nafarrate jauna, hau hiretzako, merezi duk eta.
Animo Xuban!