Badira segundoak
urteengandik aldatzen diren merkatu zaharrak,
armiarma sareen paradisuak.
Badira likore botila erdi hustuak
poeta mozkorren euripeko paseo bakartiak
oroitarazten dizkizutenak.
Izenak abandonatu dien naufragoen gutunak.
Badakizu ate atzeko panpinek ezin dutela negar egin,
baina goizero
malko pozoitsuetan itota aurkitzen dituzu,
maitasun gerretako desertoreak
whisky kopa batean gatibu geratzen diren moduan.
"Sous
le pavés, la plage".
Gezurra da!
Gezurra da diozun guztia!
Ez zara jabetzen, baina gezurra da.
Julieta beste batekin joan da
eta Romeo putetxez putetxe dabil psikiatrikora bidean.
Berdin dio.
Berdin dio nola izena duzun.
Berdin dio zure adatsetan eskuak ezin baditut pausatu,
zure berba eztiarekin isili,
larrua larruarekin josi.
Beharbada arrazoi zenuen esan zenidanean
ez nintzela hemengoa.
Horregatik banoa. Auskalo nora.
Taberna batera seguruenik zigarro kea oxigeno
molekulekin
larrutan ikustera.
Pentsatzera noa.
Pentsatzera zergatik den delitu bihotz bat okupatzea,
maitatzea,
gozatzea,
borrokatzea.
Orbel sikatuak estaltzen dituen maindire zuriak agur
esatean
itzuliko naiz.
Itzuliko naiz.
Euria ari du eta aterkia ahaztu zait.
Udaberri da,
baina zure begipeko izotza ez da urtu.
Larregi da hotz egun hauetan.
Larreago zure belardietan.
No hay comentarios:
Publicar un comentario