Zer ote da Historia?
Igande arratsaldez autobusa hartu Siberia aldera joateko hurrengo
egunez asteari ahal den gogotsuen ekiteko. Arratsaldeko zortziak
aldera ilun dago eguna urteko sasoi honetan eta libururen bat
irakurtzen edo apunteak aztertzen edo besterik gabe musika baxu-baxu
ipini belarri alboetan eta leihotik begira joan lo hartzen den arte.
Eta horrelako une bakartietan pentsatzen jartzen zara ea zergatik
sartu ote zinen lau urteko karrera horretan, zergatik Historia eta ez
beste edozer gauza bizitzaren bide zidor guztiak gainditzea errazago
egiten dutenak. Mikel Urdangarinen kantu malenkoliatsu batetik Freddy
Mercury-ren ahotsera jauzi du erreproduzioak. Militantziagatik gauza
gutxi egiten dira gaur egun.
Lehen urtean galdera
horren erantzuna topatu nahian ibiltzen zara eta aje egunak besterik
ez dira tokatzen begien parean bata bestearen atzetik. Ostegunak.
Onak, oso onak direla diote adituek Gasteiz aldean. Kutxi eta
Gaztetxia, katu baltzak toki guztietatik miauka. Eta goizetan, ahal
den heinean lanak aurreratzeari ekiten diozu Bibliotekan, bidean
lanera doazen trajedun gizonak gurutzatzen direlarik Daton barrena.
Jubilatuak petankan. Eta liburuak irakurtzen dituzun bitartean
aurreko ostegunean mosuak konpartitu zenituen neskarekin topo egiten
duzu eta irri batekin agurtzen dizu “zortzietan Hala Bedin”
izkiriatzen dutelarik bere ezpainek. Baina Historiari buruzko
erantzunik ez duzu topatzen sazerdote drogazale eta ex-voto artean,
ez eta Goi Erdi Aroko Inperio Frankoan ere. Irakasleak emandako
bibliografia gomendagarrirako ere ez duzu paradarik topatzen
Historiaurrekoak beste horrenbeste eta gehiago irakurtzea eskatzen
baitizu. Baina hori sistemaren arazoak dira, komunikazioaren eta
inkomunikazioaren arteko erlazioak.
Eta
bigarren urterako lagun berriak ere ohiko bihurtzen zaizkizu. Eta
askotan irakaslearekin baino gehiago ikasten duzu beraiekin bazkari
eder baten konpainian garagardo eta zigarro artean. Orduan
konturatzen zara garaituak beti idazten dakiela, baina orri beltzak
ez dituela haizeak urratzen. Eta saiatzen zara irakaslea irteera bako
kaleetara eramaten eta zure ezagutza berea baino handiagoa dela
erakusten, baina alderdi ilunenean gordeta dituen kartan mahai
gainean pausatzen dituenean emeki begirada koaderno gainean ezartzen
duzularik esandakoa onartu ostean berau orri zuriaren gainean
idazteko. Auto istripu bat dagoela dirudi Aretxabaleta parean, stand
by me.
Konturatzerako Araban gaude.
Horrelako
uneetatik ikasten zure artxibo propioa handitzen doa eta jada
konturatzen hasten zara hasieratik planteatutako galdera oker
plantatuta dagoela. Ez da zergatik sartu zaren Historia ikastera
gainontzeko guztiek erotzat hartzen zaituzten bitartean sufritu
zutelako bere garaian azterketa gainditzeko. Kontua da zer eskain
diezaiokezun albokoari Historiaren bitartez. Medikuek pertsonak
sendatzen dituzte edo mina arindu lehenengoa ezin bada burutu.
Historialariak gizartearen iragana aztertzen du soziologoenak ez
dezan berriz ere harri berberarekin tupust egin. Baina Kulturan
inbertitzea zaldi elbarriaren alde apostu egitea bezalakoa dela
pentsatzen dutenez eta krisiaren eta terrorismoaren aitzakiak
ipintzen dituztenez garai hauetan, ba historia plazer duenaren
militantziaren arabera zabaltzen da gizarte osora. Akaso iragana
(berez existitzen ez dena) ezkutatu nahi dutelako edo bestela gustatu
egin zaigulako harri berarekin tupust egitea.
Iritsi
gara helmugara, Calle Melancolia live,
zerbait afaldu eta laster ohera bihar egun gogorra, eta seguruenik
oso hotza izango baita.
No hay comentarios:
Publicar un comentario