Mostrando entradas con la etiqueta testua. Mostrar todas las entradas
Mostrando entradas con la etiqueta testua. Mostrar todas las entradas

miércoles, 29 de mayo de 2013

NORA GOAZ?

Noaua! Usurbilgo herri aldizkariko 533. alean argitaratutako iritzi artikulua Herorrek esan atalean. Independentzia, nazioa, burujabetza, subiranotasuna hizpide, probokaziotik idatzita, behar baitugu halakorik, probokazio apur bat gure barnean ere, bestela nora goaz?
 
Bota errua Giuseppe Trebbiri edo bestela Giuseppe Battelliri edo Gian Enrico Rusconiri. Bota errua Garibaldiri, Cavourri edo Bismarcki. Ez da mea culparik independentziari edo nazioari buruz idazten badut gaurkoan. Erru guztia besteek dute. Bota errua Kataluniari, Eskoziari edo Kortsikari. Ez da erruduna ez naizelako, baina badakizue, kulpa beti beste batena da.
Enbaxadore bat bezala sentitzen naiz munduaren amaiera honetan, trenbideek trenei stop dieten eremu honetan. Egon denak hemen badaki zergatik diodan. Herrian gertatzen den guztiaren berri dut (beno gehienarena), baina bertan ez egonik kanpoko ikusle batek bezala ikusten dut dena. Postu pribilegiatua San Giusto gazteluak eskaintzen duena.
Baina mintzo gaitezen benetan axola duenaz: Zergatik gara hain burugogorrak? Zergatik gara hain artaburuak? Hain anormalak? Hain, hain, hain … Galdera erdi erretoriko hauen intentzioa iraintzea da, ez dago inolako sarkasmo edo ironiarik … beno agian apur bat, goilarakada bat, ez gehiago. Inongo izenik aipatu gabe, politika instituzionalean sinesten dugu oraindik, gainontzeko herrialdeetako gobernuek aurrerapausoak daramatzaten bitartean gurean haur jolasetan gabiltza: berak ez dit pilotarekin jolasten uzten, ba nik ere ez diot utziko nirearekin jolasten eta pilota galtzen badu, izorrai! Honetarako daude Legebiltzarrean? Pilotarekin jolasteko? Martxa honetan nituen ilusio guztiak galduko ditut.
Eta oraindik ligthegia iruditzen zait idatzi hau. Zarata behar du, buila, garrasiak. Haserre gehiago, eromen gehiago!
Independentzia nahi dugula, askatasuna nahi dugula … Eta zer egiten ari gara? Sozialismoa! Sozialismoa! diote batzuek … Eta ideia putarik ez zer den! Das kapital irakurri eta ulertu balute bezala mintzo dira intelektual paperan. Eta historiarekin justifikatzeko gure existentzia gai dira erromatarren aurkako batailak Euskal Herriaren askatasun eta subiranotasunaren ikur bezala hartzeko. Azken finean bla bla bla Independentzia eta Sozialismoa! Gora Euskal Herria askatuta! Akaso horregatik telebistako debateetan ez dute historialaririk eramaten inoren justifikazio historiko-politikoa ez dezaten hankaz gora jarri.
Falazien eta gezurren inperialismo kognitiboa. Eta gainera gure ignorantziatik gai gara egia gezurra dela esateko gure ikuspuntutik oker baitago egia hori. Eta gainera nazia edo faxista deituko diogu egiari gure argudio indartsuena bailitzan.
Gobernuaren inmobilismoa independentziaren alorrean eta Herriaren ignorantzia erradikala. Errobiren kantu baten izenburua galdera: Nora goaz?
Eta inkontzienteki Hegel dugu maitale. Batetik Estatua eta bestetik Gizartea. Estatuak dituen helburuen atzetik jarraitzen du, nahiz eta Gizartearen kalterako izan. Eta egun ekonomiak agintzen duenez, lehentasuna Estatuaren osasuna (ekonomikoa) da eta ondorioztatzen dute honen suspertzearekin Gizartearen osasuna hobetuko dela, inoiz alderantzizkoan pentsatu gabe.
Gobernuaren postureoa ez denez aldatuko (oraingoz) gure soluzio bakarra Herria mugitzea da albo batera utzita alderdi jokoak, ignorantzia etab. eta kausa batengatik, hau da, independentziagatik eta alde mugitzea eta borrokatzea. Zarata atera behar dugu kalean munduak entzun diezagun. Justifikazio historikoak aparte utz ditzagun, kontzentra gaitezen justifikazio garaikideetan. Independentzia ez da Sabino Aranatik datorkigun kapritxo bat, gurea denaren defentsa baizik. Ultimatum batek egon behar du: gurea dena babesteko prest zaudete (utzi pentsatzen … EZ!) edo bagoaz hemendik! Konturatu behar baikara kultura dela euskaldun egiten gaituena eta gure kultura gainbeheran doala kanpoko eta BARNEKO hainbat motibo tarteko. Kulturarik ez badugu agur independiente izateko aukera orori.
Beraz: kontzentzia gaitezen, utzi txorakeriak albo batera eta Marxi ideia lapurtuz: Munduko euskaldunak batu gaitezen!



viernes, 17 de mayo de 2013

BESTE HEZKUNTZA FORMA BATI

Irratian entzun dut gaur bozkatuko dela Espainiako Parlamentuan Wert Legea deitua izan dena. Eta inongo arazorik ezean baiezkoarekin aterako dela. Hemendik urtebetera indarrean (praktikan) jartzea espero dutela entzun dut, ondorioz jarriko dutela jada lege izango baita eta legea hitzik gorena izanik ... Diote Estatuan dagoen eskola porrotaren tasa jaisteko erreforma bat dela, eskola porrotaren tasak hain zuzen, ez datuetatik haratago dagoen hezkuntza. Azken batean Gobernuei datuak soilik axola zaizkie. Zer nolako gauzak ezta?
Datuak bakarrik axola bazaizkie, kalitateak bost axola. Europan eta Munduan "begira zer nolako datu onak dauzkagun! Gure eskola porrota jaitsi egin da! Orain hezkuntza hoberena dugun estatuetako bat gara! Gora gu!" esateko besterik ez dute balio datuek. Itsututa gaude datuekin, hobeki esanda daude eta daude horrek gaude egiten gaitu. Baina niri datuek bost axola! Atzo ipini nuen artikuluan nioen moduan arazoa berdina da, Estatuaren eta Herriaren osasuna, Hezkuntzaren datuak eta kalitatea. Pentsatzen dute lehenak senda dezakeela bigarrena eta ez dira pentsatzen jarri alderantziz izan daitekeela. Zergatik datuek garrantzi gehiago dute kalitateak baino?
Bestalde nik uste Hezkuntza egungo egoera justifikatzeko erabili nahi dutela. Dagoenarekin jarraitzeko ikasgaiak eman nahi dituzte, Hezkuntza egungo zibilizazioaren aldare moduan erabili nahi dute. Honekin esan nahi dudana da: Elizak botere handiagoa zuen garaian historian suertatu diren gertaera guztiak justifikatzeko sermoiak erabiltzen zituen moduan, askotan Estatuaren babesean honek ematen zizkion pribilegioengatik, gaur egun Hezkuntza erabili nahi dute horretarako. Hezkuntzaren bidez lokartu nahi dituzte ikasleak, haur direnetik gazte diren arte. Eta K. Marxek zioenean "Erlijioa da Herriaren lobelarra" XXI. mendera egokituta "Hezkuntza HORI da Herriaren lobelarra". Egoera matematika euklidetarraren filtrotik pasako dute eta honela 1+1 beti 2 izango da. Eta inork ez du zalantzarik egingo zergatik 1aren balioa 1 den edo zergatik den 1+1 batura 2. Hezkuntza justifikazio forma moduan.
Beraz zerbait egin behar da honen aurka, manifestazioak, aldarriak, protestak ... ez dute bukatu behar, baina horiekin bakarrik ez dugu ez lortuko. Kaleko ahotsak ez dira Espainiako Parlamentu barrura iristen, ez eta gainontzeko Parlamentuetara ere. Hormak lodiegiak izango dira eta insonorizazio lanak egingo zituzten ez entzuteko. Beste zerbait praktikoagoari heldu behar diogu, alternatibaren bat topatu. Okurritzen zaidan alternatibetako bat Hezkuntza libre bat antolatzea litzateke. Hezkuntza libreak edo deitu nahi diogun moduan, gure herrietako haur, gazte zein helduri eskainia izan behar luke, adin guztietakoen arteko interakzio edo elkarlan horrek fruituak eman ditzazkeelako. Badakit egiten direla egun jakinetan, baina zabalagoa izan behar luke.
Herrian, herri bakoitzean, edo auzoetan, gazteak badaude, haurrak badaude, helduak badaude, eta elkarren artean gauza asko ikas ditzazkegu. Egongo dira magisteritza ikasten dutenak, ingeneria, filosofia, filologia, historia, industriako ikasketak, psikologia eta beste hainbat ikasketa. Ez soilik teorikoak direnak, baita praktikoak direnak eta baita ikasketak egin dituztenak edo lanean gauzak ikasi dituztenak. Zenbat gauza ikas ditzazkegu horrela? Gogoan dut gure herrian Gaztetxearen aldeko mugimendua hasi zenean "Herritik herriarentzat" lemapean ibili ginela. Eta aisia bezalako gauzetaz aparte hezkuntza ere izan daiteke herririk herriarentzat. Horri heldu behar diogu, zalantzan jarri 1aren balio ea 1 den, zalantzan jarri komunikabideek zabaltzen duten oro, zalantza egin zibilizazio honen inguruan.
Hala ere, eta gure herrian oso ohikoa da, antolatzen den ekimen orori bere etiketa politikoa ipintzea. Hau ere gainditu behar dugu, hezkuntza laiko bat proposatzen badugu, ados! egin daiteke ideologia bati zuzenduta edo beste batera, baina laikotasun politiko bat ere behar luke. Hasiera batean Hezkuntzaren aldarria gure kultura maila handitzea dela, gure zalantza egiteko abilezia handitzea onerako eta txarrerako.
Beraz herri mugimenduak indarra duten lekuetan horrelako ekimenak martxan jartzea aproposa izan liteke aurre egiteko ezarriko digute hezkuntza molde berriari. Aldi berean instituzioen aurka egin behar da noski, baina alternatibaren bideari heldu behar zaio, protestak soilik ez ditu emaitzak edo soluzioak ematen. Ez dakit nork irakurriko duen, baina horrelako ekimenak bultzatzea oso aproposa delakoan nago eta Herria bera aberas dezakeen forma bat izan liteke. Dagoenari aurka egiteko beste forma bat.

jueves, 16 de mayo de 2013

BOTEREAREN UMANIZAZIOA

Oraindik honen inguruan asko ikastekoa naiz, baina gaia aproposa iruditu zait gauden momentua kontutan hartuta gaiari buruz idazteko.
Ideia bati bueltaka eta bueltaka nabil azken egun edo hilabeteetan eta zerbait idatzi nahi nuen honen inguruan eta azkenik denboratxo bat ere hartu dut idazteko. Boterearen umanizazioa bezala deitu dut artikulu hau, behar bat bezala ez badu hondamendira gehiago hurbildu nahi egungo gizarteak, baina batez ere boterearen bueltan bizi den kastak. Asko hitz egiten baita horren inguruan, kasta politikoa, egungo gizartea "gidatzen" duena. Geroz eta inmobilistagoa bihurtzen ari den klasea eta horrek beraien arteko erlazioetara bakarrik mugatzen ditu beraien mugimenduak. Kasta politikoak, gure inguruko estatuetan oso garbi topatzen direnak, bereizketa bat egin du XIX. mendeko filosofo germaniarrari kasu eginez. Hegel-i buruz hitz egiten nabil.
Georg Wilhelm Friedrich Hegel (1770 - 1831) askotan lotu izan da estatu naziaren pentsamendua burutu zuelako. Richard Wagner musikaria ere, baina guztiz ideia anakronikoa da hori. Hegelek ez zuen ezta Alemania batu bat ezagutu, beraz nola demontre aurreratu zezakeen halako erregimen bat? Baina hori ez da landu nahi dudan gaia. Hegelek bereizketa bat egin zuen sistema politiko eraginkor bat lortzearren: Estatua eta Gizartea. Bi entitate aparte ziren eta axola zuena Estatuaren helburuak lortzea zen Gizartearen onerako ala kalterako izanda ere. Estatuaren salbazioa, Estatuaren hoberako ziren helburuak, horiek soilik axola zuten.
Eta hau zertara dator? Ez al zaizu iruditzen gaur egungo estatuetan halako bereizketarik dagoela? Batetik Estatua eta bestetik Gizarte. Nahi izanez gero dei diezaiogun Herria gaur egungo terminologian gustorago irakurtzen baitugu. Hau Estatuaren zerbitzura daudenak ez baititugu Herriaren parte hartzen. Baina nik hala dela uste dut, aipatu dugun kasta politikoak Estatuaren salbazioa du gaur egun krisiak eta ekonomiaren beherakadak eraginda. Bereizketa hori egin dute, lehenik Estatuaren osasuna eta bigarren Herriaren osasuna, berau Estatuaren osasun onak sendatuko duena. Estatuak ekonomiaren zerbitzura geratu dira eta duten helburu bakarra (esku ikusezinak edo ikusezinek) irabaziak lortzea da axola gabe zein diren irabazi horien kostuak. Estatuek dituzten zergek entitate horiekin Herriari "laguntza" eskatzera behartzen dituzte. Laguntza hori behar bat denean eta Herriak ez duenean ikusten laguntza hori itzuliko zaionik normala da honen altxamendua.
Estatua ezagutzen dugun egiturarik garrantzitsuena bihurtu da gaur egun, zerbait sakroa izango balitz bezala kasik. Eta estatuaren gidariak sakrotzat ikusten dute. Ez da harritzekoa zenbait estatuk beren barne separaziorik nahi ez izatea, hala ere hori estatuz estatu aztertu beharreko gauza litzateke. Gidariak profeta bihurtu dira eta Estatuaren osasuna hobetu nahi dute, baina Estatuaren gaixotasun bakarra ekonomikoa dela pentsatzen dute gainontzeko arazoak honen ondorio izango balira bezala. Konserbadoreenak ere Marxen ideia hau bere egin dute! Baina ez da hala, ekonomia ez da denaren erremedio, beste hainbat karta ere badaude mahaiaren gainean eta ez ditu ekonomiak erremediatuko. Ez da harritzekoa kultura jipoitzea gainbehera garai batean egiten duten lehen gauza, kultura eta hezkuntza biak. Horiek gabe Herria ignorantzian eroriko dela pentsatzen dute eta ondorioz beraiek dioten guztiari men egingo diotela. Beraz ekonomia ona denean soilik gara dezake Herriak bere kultura bere hezkuntza? Oso krudela deritzot afirmazio honi.
Baina ez, hezkuntza inflexio bat egin behar luke kasta politiko horrek. Gizartearen osasuna ez du Estatuaren osasunak konponduko. Alderantzizkoa izan behar luke honek. Herriaren osasunak sendatuko du Estatuarena. Honegatik Estatuaren administrazioak umanizazio bat garatu behar du. Estatua makina bat ulertzen dugu denak mekanikoki funtzionatzen duelarik. Estatuaren parte edo Estatuaren besoak iristen diren toki guztietan denak mekanikoki funtzionatuko du, baita gizakiak ere bere lanean, bere pentsamenduan, bere bizitzan. Eta honekin bukatu behar da, hau baita zibilizazioa amildegian behera daramana. Hurbileko instituzioek umanizatu behar lukete, udaletxeek, gero etorriko dira aldundiak, gobernuak, parlamentuak eta gainontzeko funtzioak eta Estatuak (eta Euskal Herriaren kasuan botere entitate gorenak) umanizazio hau bultzatu behar du, eta ez badu bultzatzen ez badu oztopatu behar, bestela aldaketa bortitzagoa izango da. Eta bortiztasun horrek ekartzen badu aldaketa berau ere bortitza izango da bere izatean, ordena mantentzea izango baitu helburu honekin umanizazio indar guztiak hutsean hutsiz.
Estatuaren zerbitzariek ez badute Herriaren osasuna hobetzen Herria bera hasiko da bere osasuna hobetu nahian eta lortzen badute hura hobetzea Estatuarenganako mespretxua geroz eta argiagoa izango da bi entitate aurrez aurre geratuz: Estatua eta Herria. Eta bigarrenak lehena garaitu nahiko du. Azken finean izaki bizidun garen aldetik bizirautea dugu helburu, bakardadean ala kolektiboan eta zuzenean ala zeharka gure hondamendia ekarri nahi badigute bizirauteko senak bultzatuta haren kontra egingo dugu kontra egiteko formen aniztasunean.
Beraz  botereak (politikoak, ekonomikoak edozein motatakoak) bere izatea aldatu behar du, baldin eta bere hondamendia ekarri nahi ez baldin badu. Eta hondarrezko ordularian hondar aleak guttiago dira goiko aldean, eskuekin kontatzeko moduan.


sábado, 20 de abril de 2013

GAZTERIA DENBORAREN KRONOLOGIAN KOKATZEAREN ETA BESTELAKOEN INGURUKO ZALANTZAK

2013ko apirilak 20, Usurbilen larunbatez Usurbilgo Ernairen aurkezpen ekitaldirako egindako testua Leire Iturriotzek bakarrizketa moduan irakurtzeko. Ez dakit hala egingo duten, baina nik fondoko musika moduan Cat Stevens-en "Morning has broken" jartzen dut irakurtzen dudan bakoitzean.
 
Barkatu nire egoismoa, baina galdera bat dut buruan bueltaka eta bueltaka eta erantzun nahian ibilita ere ez dut lortzen erantzutea. Horregatik gaur zuen artean egonda errazagoa izan daiteke buruhauste horrekin amaitzea. Ondo entzun, behin bakarrik esango dut eta. Hemen ona izango litzateke buruhezur bat eskuetan izatea, dramatismo barroko pixka bat, baina hori gabe ere moldatuko gara. Zergatik esaten digute gu gazteok etorkizuna garela? Zuek badakizue? Beno hau bakarrizketa bat da eta nire kontutik erantzun beharko diot galderari. Zergatik etorkizuna? Denbora imajinario hori, inork ezagutzen ez duena, existitzen ez dena? Zergatik gaur biharkoak izan behar dugu eta bihar etzikoak?
Gero diote etorkizuna orainak eraikitzen duela, beraz gazteok non hostia gaude? Krokis bat egidazue gauzak uler ditzadan. Etorkizuna gara eta orainak egiten du etorkizuna. Beraz etorkizun horretan bizi behar dugu gaurko helduek gaur egingo diguten etorkizunaren arabera? Broma bat da, ezta? Non daude kamerak? Konparazion bat eginez, gutxi gorabehera Sobietar Batasunaren antza hartzen diot Kremlinak zioelarik nola jokatuko zuten bloke sobietarreko estatu partaide guztiek.
Nik umetan gazte izan nahi nuen eta gazte izanik herria hobetu genezakeen guri gustatuko litzaigukeen arabera. Eta gazte izanik ikusten duzuna da, edo burugogor, egoskor, errebelde zara edo ea noiz naizen heldu gauzak aldatzen hasteko. Hor arazo bat sortzen da, heldu izanik gaztetako begirada idealista ez dela horren idealista. Batzuetan bai ... kasuak eta kasuak daude ... helduak eta helduak ... eta gazteak eta gazteak noski. Piratak eta piratak dauden bezala. Batzuk kortsario bihurtzen dira. Baina hori beste gai bat da, beste galdera baten erantzuna eta nik lehenagoko galderari erantzun nahi diot.
Uste dut politikan eta boterearen goi mailetan daudenek gazteak kaleetara edo hobekiago esanda lokaletara (tabernak barne) murriztea nahi dutela. Demagogo buruhuts batzuk izan gaitezen, esaten diguten lehen gauza sinets dezagun zalantzarik erakutsi gabe. Eta kaleetara protestan ateratzen garen bakoitzean bandalo (kontenporaneo) batzuk garela esaten digute. Pintada batzuk egiteagatik, boterearen aurkako blasfemiak oihukatzeagatik, poliziari botilak botatzeagatik etab. eta etab. luze bat adibide gisa. Hain gara gaiztoak? Hemen dauden helduek erantzun dezakete? Akaso horrela da eta ispiluan gure burua ezberdin ikusten dugu. [...] Ironia da, ez dut uste Napoleonen sindromea dugunik. Edo agian bai? Soziologo-medikuei galdetu beharko diegu.
Gazteok existitzen gara, etorkizuna ez, ergo gazteok oraina gara eta ez gaude konforme dagoenarekin. ez dugu izan nahi beste belaunaldi bat munduak berarekin daraman zama eramaten jarraituko duena. Boterearen pulpitoetatik (metafora bat da) "Ezin diegu gure seme-alabei halako mundua utzi. Mundu hau konpondu behar diegu" diotenean, EZ! Utzi guri gure mundua eraikitzen! Ez dugu berdinarekin jarraitu nahi, amildegitik gure burua bota nahi. Honekin jarraitu nahi duenak bidea libre du, nik ez diot lagunduko.
Mundua estatu ezberdinek osatzen dute, gizartea bere partaide guztiek. Eta guk gure ahotsa nahi dugu, gure ahots propioa, gazteona gazteon ahotik irteten dena. Beharbada ekibokaturik gaude, beharbada oraindik ez gara hain heldu mundua ulertzeko, beharbada oraindik ez gara gai munduak dituen hamaika korapiloak askatzeko. Berdin zaigu! Ikasiko dugu, gure onerako baldin bada prest gaude. Edan dugu edabetik eta ateei danbaka eta danbaka ibiltzen hasiak gara.
Kulpak eta erruak (baldin badaude edozertan) botatzen hasi aurretik jarri dezagun gure albokoak zer digun esateko. Entzun dezagun zer dugun esaten. Zein diren zure eta nire ametsak, nire eta gure ilusioak, gure eta zure asmoak. "Munduaren koloreak egunetik egun doaz aldaketan" eta guk gure koloreekin marraztu nahi dugu mundua, irri-kolorez, errebeindikazioz, abestiz ... Kaleak, herriak inbaditu eta konkistatu eta zuzenean ikusi nola argitzen den egun berria.



 
 

jueves, 11 de abril de 2013

JALGI HADI MUNDURA!

Euskadi Irratia entzuten hizkuntz-politikaren inguruko eztabida topatu dut entzungai.
Eztabaida Kataluniako epaile batzuen sententziak piztu dute eta Generalitat-earen ondorengo erantzunak indartu su hori. Berria, Gara, Público (bi hauek gazteleraz) eta El Punt Avui-ko (azken hau katalanez) berriek hala diote adibide gisa.
Eta eztabaida horretan Martxelo Otamendik aipatu duen gauza bat oso interesgarri iruditu zait, honela zion gutxi gorabehera: "Azterritarrak Kataluniara edo Euskal Herrira etortzen direnean, Espainiara etorri direla diote, ez Kataluniara ez Euskal Herrira, Espainiara. Ondorioz, gaztelania dela hizkuntza nagusiaren uste osoa dute."
Arazo honekin amaitzeko Estatu propioa da bide bat, politika linguistiko bat gure ideien arabera antolatzeko inongo arazorik izan gabe. Estatu propioa izatearena, ordea, oraindik ez dago eratua eta beraz, gaurtik egun hori bitarte arazo hori konpontzeko beste forma batzuk asmatu beharko ditugu. Baldin eta honekin amaitu nahi badugu.
Nik Euskal Herriaren inguruan hitz egingo dut, Kataluniatik etorri den arren eztabaida, baina eztabaida gure ere egin dezakegu inongo arazorik gabe.
Kanpotarrekin elkartzen zarenean, askotan nazkatu ere egiten zara nongoa zaren azaltzen hasten zarenean, grabatu beharko genuke eta galdetzen diguten bakoitzean play-ri eman. Batzuk gustora entzuten dizute, halere. Interesatzen zaie gauza berriak entzutea, beste lurraldeetako errealitatea zein den egunkariek eta komunikabideek orokorrean diotenaz aparte. Eta gainera elkarrizketan kolaboratu ere egiten dute interesaren ondorioz. Beste batzuei ez zaie interesatu ere egiten nongotasuna non kokatzen den, zertan den ezberdina gainontzeko nongotasunekin etab. Interes faltaren ondorio. Bada jendea gure nongotasunaren berri ere ez dutenak geografiaren ondorioz edo beste edozein motiboren ondorioz.
Izaera ezberdin hauek kontuan hartuta, lana badugun seinale. Eta zein da lan hori? Gure nongotasuna munduan zabaltzea. Baina lehenik gu zein garen jakin beharko dugu, badakit asko hitz egiten dudala hauen inguruan, baina ez zaizkit batere gustatzen inozo ahoberoak loroen gisara bizi direnak. Batek hau esan dio eta nola berak horretan sinestu behar duen behin eta berriz errepikatzen du esan diona, interesatu ere egin gabe egia hala gezurra den. Ondorioz, batzuen ahoberokeriak gure nongotasunaren etiketa itxustu dezake.
Hezkuntzaren garrantzia dago hor. Eta hezkuntza ofizialak (eskolenei erreferentzua eginez) ez badigu ase-betetzen, ba mugimendu eta elkarte ezberdinek bultzaten dituzten hitzaldi eta eskola eta horrelako ekintzak baliabide oso politak eta aberasgarriak ditugu.
Baina hori lehen pausoa bakarrik da. Gure burua, gure etiketa, gure nazioa, gure identitatea, Euskal Herria munduan "saldu" behar dugu. Ezberdina baita Espainiatik, ezberdina baita Frantziatik, ezberdina baita Alemaniatik, ezberdina baita Britainia Handitik ... Guk gure kultura dugu, gure hizkuntza, gure historia, gure gatronomia, gure literatura, gure artea, gure herrigintza, gure ohiturak, gure errituak, gure mitologia ... Hau munduari azaldu behar zaio ikus dezan hona datorrean ez pentsatzeko Espainiara etorri dela. Donostiako Alde Zaharrera sartzen zarenean eta ikusten duzunean "You are not in Spain, you are in Basque Country" (uste dut hala dela dioena, aspaldi ez naiz azaldu bertatik eta), atzerritarrak pentsatzen jarriko dira seguruenik eta nahi badute informatzen saiatuko dira. Baina hau erraztu dezakegu baldin eta atzerrian azaltzen badugu gure errealitatea.
Nik uste barrurako lan dezente dugun arren, kanpora begira ere gure lana egin behar dugula. Gainera gure borrokan laguntza edota babesa lor genezake modu honetan, duguna baino gehiago. Oraindik gogoan dut Triesteko taberna batean Corriere della Sera egunkaria irakurtzen ari nintzela Espainiako mapa bat ikusi eta zera jartzen zuela: Paesi Baschi, la regione dell'independentismo più radicale (Euskal Herria, independentismo erradikalena duen lurraldea). Gure nortasuna zabaltzeko medioak bilatu behar ditugu horretarako, eta ez baldin badaude sortu, eta horrela atzerritarrak gure herrietan azaltzen direnean (turista gisa edo emigrazioaren ondorioz) hemengoaren berri izango dute eta ez liratezke sortuko gaur Katalunian gertatu dena.
Ignorantziaren erradikalaren kontra (dagoen errealitatea onartu nahi ez dutenei zuzenduta) ez dakit zer egin daitekeen.
 

sábado, 6 de abril de 2013

ANTIDEMOKRAZIA NAHI DUGU!

Aurreko iritzi artikulan esan dut beste batean idatziko nuela Demokraziaren inguruan. Bai, Demokrazia D larriarekin. Bere handitasunaren ikur gisa.
Batzuetan pentsatzen jarri naiz honen inguruan, eta batzuetan horien askotan nire burua antidemokratiko izendatu dut. Antidemokratikoa, bai horixe. Eta seguru pentsatuko duzula antidemokratikoa banaiz stalinista, faxista, nazia edo antzeko zerbait naizela ezta? Logikoa guztiz. Edota frankista ere, baina euskaldun abertzale izanda frankista izatea ez da oso ondo geratzen, beraz ken dezakegu listatik.
Mitoak dioen moduan demokrazia Grezia zaharrean jaio zen, Atenaseko polisean. Perikles eta konpainia demokrazia haren irudi nagusienak. Eta demokraziak zer esan nahi du? Herriak agintzen duen gobernu forma. Herriak baino hiritarrek. Hiritarrek soilik zuten bizitza politikoan parte hartzeko aukera, ez-hiritar bezala izendatzen zirenak ezin zuten polisaren norabidean inolako hitzik esan. Eta garbi dagoen moduan hiritarren taldea adin nagusitasuna zuten gizonezkoek osatzen zuten, emakumeak ez-hiritar ziren.
Baina Peloponesoko gerraren ostean Atenasek eta Delosko Ligak gerra galdu zuten Sparta eta Peloponesoko Ligaren aurrean eta demokraziaren kontua denboraldi batez amaitu zen. Erroma izango zen berriz hau martxan jarriko zuena Made in Rome etiketarekin. Botaren edo italian bertan dioten moduan scarpa formaren esentzia horrekin. Baina kontutan hartu hau Erromako hirian bakarrik hartu behar dugula kontuan, Senatuaren bidez. Gero Senatu hau Aita Santuaren kontrolpera pasa zen krisi garaian hiriaren agintea norbaitek eduki behar baizuen eta duela gutxiko Kontzilioa eta Aita Santuaren ohiturak Errepublika eta Inperio garai hauetako aginte formetan dute jatorria.
XIX. mendean hasi ziren historia garaikideko mugimendu demokratikoak. Beno XVIII. mendea esatea egokiagoa da Ameriketako Estatu Batuen independetzia eta honen antolaketa demokraziaren lehen bertsio garaikidea izan baitzen. Europan Frantziako Iraultzak eta ondorengo Napoleonen konkistek zabaldu zituzten ideia libelal berriak. Horrela mende bat beranduago Frantzia eta Britainia Handia izan ziren I. Mundu Gerran eta are gehiago II. Mundu Gerran Demokraziaren alde borrokatu zutenak (Europan diot). Eta gerra irabazi ostean ezin propaganda hobea egin Demokraziari, Europako mamu berria garaitu duena (Adolf Hitler-en Reich-a alegia) eta Yalta ostean (1947) mamu zaharrari aurre egiteko egitura politikoa. Mamu zaharra diot Karl Marx eta Friedrich Engels-ek idatzi zuten "Alderdi Komunistaren Manifestua" liburuan hala definitzen baitute sozialismoa.
Ereserki frantsesak hala dio: Libertè, Egalitè, Fraternitè. Demokraziaren ereserkian kasik sar daitezkeenak. Kontua da iraultza sozial honi beste osagai bat sartu behar diogula: Britainia Handitik eta bereziki Ingalaterratik zetorren industrializazioa. Eta industrializazio zabaltzeak kontinentean barrena ez da ezer txarra, baina industrializazio hau kapitalismoa bezala ezagutzen den pentsamendu ekonomikoarekin azaldu zen. Honek baldintzatu egiten ditu Libertè, Egalitè eta Fraternitè hori. Eta gehi dezakegu kapitalismo horrek ez zukeela nahi eta nahi ez zuen izaera izan, izan zitekeen humanoagoa, baina ez zen hala izan eta gaur egun arte bere bortiztasunaren erradikalizazio batera eraman du. Sobietar Batasunarekin leihan ibili izanak garrantzi handia izan dezake erradikalizazio horretan, leihak beti egiten baikaitu basatiago.
Antzinako erregimenaren aurka altxa zirenek beste mundu bati ireki zizkioten ateak, baina iraultza batean ideia indartsuenak zabaltzen dira. Bestela galdetu Marat-i, bestela galdetu Trosky-ri. Eta horrela miserable berriak sortzen dira eta aberats berriak aurrekoen iluntasuna beren disdirarekin ez dadin ikusi. Eta 1848ko iraultzen ostean eta are gehiago 1871an Europako azken gerra amaitzen delarik denboraldi luze bat arte, garai berri bat sortzen da Frantzian Belle Époque deritzona. Ideia liberalek estatu osoa kontrolatzen dute (beren bariante kontserbadore edo aurrerakoiarekin, baina liberalak). Klase gizartea bera ere Europan zabaltzen da eta ideal eta ohitura berriak sortzen dira. Hemen hasten da demokrazia zabaltzen, sufragio unibertsala eskatzen hasten dira eta horrela urtetik urtera, hamarkadaz hamarkada jende gehiago igotzen da nazioaren gidaritzara.
Esan bezala tartean bi mundu gerra gertatzen dira eta 1945. urtera iristen gara. Europa mendebaldean demokraziak zabaltzen dira, ekialdean komunismoak. Eta hemen doa galdera: posible litzateke, adibidez, Frantzia batean frantses hiritar guztiak asanblea batean biltzea? Ezinezkoa da, beraz ipin ditzagun gure izan daitezkeen errepresentante batzuk gure errebeindikazioak asanblea horretan babes ditzaten. Eta horrela hauteskundeetan gure errepresentanteak aukeratzen ditugu, hauteskundeetarako deialdia dagoenean aukeratuko ditugu gure ideologiaren arabera eta horrela gure alde egingo dute beti. Alegia demokrazia errepresentatibo bat daukagu. Hau XIX. mendean ere gertatzen da, baina esanguratsuagoa da II. Mundu Gerra osteko demokrazia errepresentatibo hau momentuan bizi den jende kopuruagatik.
Honela politika herritik urrundu egin da, nahiz eta hiritarren kopuru osoak aukera izan beren herrialdearen politika erabakitzeko. Bai, eta gainera politika ez ezik politikariak ere urrundu dira benetako errealitatetik. Noiz gogoratzen dira gurekin? Hauteskunde garaian, interesatzen zaielako. Eta diskurtso ponpoxoak eta bozkak lortze aldera egin beharreko guztia egingo dute eta Quevedo baino Gongoraren estiloa egin dute bere, diotenak baino nola dioten da garrantzitsu. Jada hauteskunde programak berdin du, parlamentuan giltzapetzen direnean nahi dutena egingo dute. Ez zaie interesatzen herriaren (Konstituzioen arabera boterea ematen dien giza entitatearen) ongizatea, baizik Estatuaren ongizatea. Estatuaren iraupenak du garrantzia, herriarenak ez. Azken finean kanpoan saltzen dutena Estatua baita, ez Herria.
Eta Estatuaren itxura kaltetzen duen edozer antidemokratikotzat jotzen dute. Adibide moduan Público egunkarian agertu den berri hau. Demokratikoa bada Estatuaren izatea iraunarazi nahi duena, Demokraziaren barkutik itsasora botako naiz. Horregatik diot antidemokratikotzat jotzen dudala nire burua, nik ez dudalako nahi horrelakorik. Estatu baten funtsa Herrian baldin badago, funtsa osasunez ongi izatea izango litzateke gakoa. Bada metafora historiko bat XVIII. mendeko despotismo ilustratua ulertzeko eta zera dio: garai haietan fatxada pintatzen zuten kanpotik onngi ikus zedin etxea, nahiz eta barrutik pitzatuta eta erortzen egon. Eta egungo krisi ekonomikoak hori egin duela dirudi: aurpegia margotu ez ikusteko ditugun ubelduak. Akaso garai honi gure ondorengoen ondorengoek demokrazia despota gisa identifikatuko dute.
"Hik bultza gogor hortikan, ta bultza nik hemendikan. Ikusiko dek nola, nola laster eroriko dan." Gorka Knörr-en ahotsean. Laster horren denbora jakin nahiko genuke, ordea.
Eta diotenek Demokrazia Egiazkoa behar dela, hobe da antidemokratak garela esatea, horrela demokratak direla diotenek ez dute inongo zalantzarik egingo non gaudenaren inguruan. Beraientzat hau baita Demokrazia ...

MILITANTZIA KULTURALA

Ezagutzen nauenak badaki zenbat gustatzen zaidan hezkuntza, kultura eta euskarari buruz hitz egitea, gogoeta egitea. Horregatik, beharbada, dantza, bertsolaritza, literatura, herrigintza eta halako munduetan mugitu naiz nire udaberri mugatu hauetan. Edo akaso alderantziz da, mundu horietan mugitu izanak bultzatu nau mundu horiei buruz hitz egitera. Eta gaur ere, irratia dudalarik lagunkide, lerrook idazteari ekin diot, euskaraz, nire ama-hizkuntzan, nahiz eta beste hizkuntza batean ere idatz nezakeen. Orain Italian egonik italiarrez idaz nezakeen, edota gaztelaniaz edo gogo eta esfortzu gehiagorekin inglesez. Baina ez. Euskara hartu dut nire idazteko forma, blog hau euskarazko hitzez betea dago jende jakin batengana iristea bainuen asmo hasieran eta oraindik ez dut aldatu jo-muga. Beste jende batengana joan nahi izango banu hizkuntzaz aldatuko nuke, baina hau ez da kasua.
Eta zer aipatu nahi nuke sarrera edo testu honekin? Euskara dut mintzagai, pentsagai edo burugai oraindik. Idatzgai bihurtu nahian. Berriaren formatu digitalean Natxo De Feliperen elkarrizketa bat irakurri dut oraintsu. Euskal kulturaren egoera nola ikusten duen irakurri eta kezkatu edo egin nahiz. Mundu horretan nomada gisa mugitu naiz ni, nomada baino bohemio gisa, itzaletik bezala, nire kontura. Dantzan taldearekin, poesia errezitaldiak burutzen interesatzen zitzaidanean, bertsotan lagun artean, herrigintzan kolektiboan ... Inongo gidari funtziorik gabe edo hobekiago esanda beheko mailetan. Ondorioz begirada iristen ez den tokietan zer gertatzen den jakitea zaila egiten da. Bestalde oasis batean bizi izan naiz duela urte batzuk arte. Usurbilgo herria euskararen munduan oasis bat bezala hartu behar da. Hamasei bat urte arte herrian soilik mugitzen ginen eta beste nonbaitera joanez gero gure gustoko giroaren bila joaten ginen (Donostiako Alde Zaharra, Hernani, Zarautz ...), ahala gustorago sentitzen baikara. Beraz errealitatearen begirada oso partziala eta itxia genuen.
Oasis batetik munduara salto egitea zen Gasteizera Historia ikastera joatea. Herri ezberdinetako jendea, mundua ikusteko forma ezberdin bat, borroka egiteko baliabide ezberdinak, hitz egiteko era ezberdinak ... Denak beste mundu baterako ateak irekitzen zituen. Eta orain Italiara etortzeak oraindik gehiago, baina hau beste kontu bat da gaiarekin ez datorrena bat (edo bai?).
Beste herrietan eta hirietan nola dago euskara? Eta taberna bateko terrazan, kalearen erdian, zigarro, kafe, kanuto eta garagardo artean hitz egiten hasten zara euskal kosmopolismo linguistikoan. "Gurian beti!", "Segun zeñekin ...", "Hemen ez da erreza, zona euskaldunetik kanpo zero" ...
Eta konturatzen zara zure herriak ez duela denaren isla baterako ere balio, gauzak oso ezberdinak direla mugarrietatik beste aldera.
Militantzian mugitzen da euskara eta euskal kultura. Militantziaren arabera indartzen edo ahultzen da euskal kultura. Eta indartzeko aktibo egon behar gara une oro, aktibitate aktiboan su-etenik gabe. Gaur hitzaldi bat, bihar dantza emanaldi bat, bakarlari baten kontzertua ostiralean, film bat iganderako etab. eta etab. atsedenik gabe eta ordain saririk gabe, sari bakarra zure asmoak betetzen direla ikustea. Oso ikuspegi erromantikoa.
Baina militantziak ez du jateko ematen eta dena ezin da militantziagatik egin. Eta gaur egun gainean dugun krisi mota guztien artean egonik militantzia da forma bakarra kulturgintza aurrera eramateko. Eta politikak ez du intentziorik kulturari eskaini behar zaion postura eramateko eta murrizketa eta debekuen artean kulturak eta hezkuntzak jipoi handi bat hartzen dute instituzio eta administrazioaren aldetik. Hau jakina da denon artean, baina esan behar nuen.
Horrelako une batean zer egin behar dugu? "Goitik" ez badigute laguntzen, ergo guk mugitu behar dugu. Logikoa. Baina "Goikoek" badituzte formak mugimendua ez sortzeko. Komunikabideak, legeak, debekuak, betebeharrak ... Gaur egun Internet-a dugu eta mila gauza aurki ditzazkegu gure asmoak egiteko, baina beste hainbat gauza daude, opioa alajaina. Telebista, egunetik egunera programazio penagarriagoarekin, baina jendeak ikusten dituenak. Herriaren opio famatua. Opioa legeztatuta al dago?
Kulturgintza, herrigintza. Euria eta hotza eginda ere kalera atera behar dugu. Aztertu zer dagoen kalean eta horiek hobetzen hasi ahal bezain laster. Bakoitzak bere eremuan. Baina zerbait egin beharra dugu, ez badigute laguntzen geure artean laguntzen ibili beharko dugu. Hemen bada esaldi bat izugarri gustatzen zaidana: Ametsek InBECendentziako ekitaldian irakurri zuena: "Politikak bermatzen ez badu liberazio kulturala, beharbada kulturak beharmatu beharko du liberazio politikoa". Eta norbaiti okurritzen bazaio politikak bermatu behar duela dena, demokraziak bermatuko duela liberazio forma oro ... Bai, bai, hurrengo batean hitz egingo dut Demokraziari buruz, zer den Demos bat eta zer den Krazia bat. Hori etxeko lan moduan (niretzat noski).
Beharbada chipa aldatu behar dugu, beharbada begiak aldatu behar ditugu edo betaurrekoak ipini hobeto ikusteko ikusi behar duguna. Badakizu politikan bi urtean behin bakarrik parte hartzen duzula (politika instituzionaletan) gutxi gorabehera, baina herrigintzan egunero jardun daiteke. Egunero hondar ale bat ipini mendia osa dadin. Eta mendia eginik mendikatea egiten hasi, auzoz auzoko, herriz herriko mendikatea denak lotuko gaituena. "Goikoak" badakigu nola mugitzen diren eta zertan mugitzen diren, gure izatea estatuaren salbaziorako, ordenaren salbaziorako bakarrik interesatzen zaie, inork ez digu ezer oparituko, autopariak egin beharko dizkiogu geure buruari. Zoriontasunaren eta edonismoaren pentsamenduak guk eratu behar ditugu. Zoriontsu izateak ederrago egingo baitu gure izatea, nik uste.
Eta norbaiti zerbait berritzailea otzen bazaio, gure kulturari indarra edo kosmopolismoa emango badio, lagun dezagun, zergatik ez? Musika talde berri bat, antzezlan anormal bat, bertso talde bat euskara hain zabaldua ez den toki batean, film amateur bat ... Guk ez badio laguntzen albokoari, beste inork ez dio lagunduko. Hau izan daiteke gure kultura indartzeko erabil beharko genukeen militantzia kulturala. Eta militantzia kultural horrek indar dezake liberazio politiko hori.  

jueves, 4 de abril de 2013

IRAUNTZAILE ETA IRAULTZAILE

Aspertuta nengoen eta erabaki dut Twitter-eko kontuko sarrera aldatzea. Eta zer otuko eta iraungitze- data. Irauntzaile bezala definitu dut iraunten duena eta horrela definitu dut nire burua ere. Zergatik ez? Autodefinizoak norberak egiten baitizkio bere buruari. Irauntzaile alajaina. Eta gero konturatu naiz irauntzaile izatetik iraultzaile izatera hizki bateko aldea besterik ez dagoela. Eta nola garuna eta pentsamendua inoiz ez den geldirik egoten, Joaquín Sabinaren abesti bat etorri zait burura: Embustera ("Vinagre y Rosas" diskokoa, 2009). Bertan hala dio bere bertso batek :"la muerte es solo la suerte con una letra cambiada". Irauntzaile eta iraultzaile bezala!
Eta azken finean nik horrela ikusten dut dela kontuaren esentzia. Hizki batek aldatu behar du batek bestera pasatzeko. Beti ezin da ibili iraun eta iraun, iraungitze-data bat du iraupen guztiak. Iraunaraztea pisu bat bihurtzen da azkenerako baldin eta iraun behar duen hori ez bada gai bere kabuz irauteko. Eta ingurukoek medio ezberdinen bitartez iraunarazi egiten dute, edo baita behar. Behar bat bezala azaleratzen da iraunarazte hori. Adibide moduan: gaur egun ditugun idealak. Ez al dira modaz pasatakoak? Nik hala dela pentsatu izan dut maiz, ez diotela erantzuten gaur egun jendeak eskatzen duenari. Eta idealak beharren arabera aldatu beharrean beharrak idealen arabera aldatzen ditugu. Zergatik? Saltzen digutena hori baita, ideal horiek iraunaraztea. Komunikabideen bidez, filmeen bidez, liburuen bidez, modaren bidez, artearen bidez, hezkuntzaren bidez ... Eta horrela goaz, norabidea markatu digute eta amildegira hurbiltzen ari gara. Edo beharbada jada amildegian behera goaz segurtasun neurririk gabe.
Baina esan bezala irauntzaile izatetik iraultzaile izatera hizki bateko diferentzia dago. Horrek ez du esan nahi sinplea denik aldaketa hori, diferentzia minimo bat dirudien arren bada amildegi izugarri bat bien artean. Iraunaraztetik iraultzera. Eta irauli ondoren iraun behar da edo iraultzen jarraitu? Baina hori irauli ondorengo galdera bat litzateke eta oraindik ez dugu irauli, ez ditzagun ekintzak aurreratu. Edo agian hori litzateke egokiena, ondorengo ekintzak adostuak izatea. Baina horren aurretik bada beste gauza bat egin behar dena. Irauntzetik iraultzera pasatzea.
Irauntzetik iraultzera. Garaia baita zama hori bizkarretik kentzeko. Iraunarazteak dakarren pisu eta zama guztiak nora daraman gizakia gure begiekin ikusten dugu, ez oso toki onera. Eta azkartasun handiegian doa, goaz, bizkarreko zamaren inertzia. Eta gure, gazteoi zuzenduta, iraungitze-datak eta bizkarrean daramagunarenak oso data bertsua dutelaren ustea dut.
Irauntzetik iraultzera dagoen diferentzia hori apurtzen hasi behar dugu, lehena abandonatu eta bigarrenera hurbildu. Bakoitzak bere sistema edukiko du horretarako, baina hobe gaur hastea horretan eta ez uztea gerorako. Dena uzten badugu biharko ez dugu denborarik izango ezertarako eta koltxoiak egiten hasi beharko dugu hartuko dugun hostiak min gutxiago eman diezagun. Masokistak beti daude, ordea.
Irauntzetik iraultzera. Pasa gaitezen batetik bestera. Ez al duzu uste badela garaia horretarako? Igor Elortzak hala abestu zuen 2013ko urtarrilean Oiartzunen egin zen presoen aldeko bertso-jaialdian: "Bada garaia herri zahar honi bertso berriak jartzeko." 

lunes, 11 de marzo de 2013

NIK USTE NUEN EZBERDINA IZANGO ZELA

Nik uste nuen ezberdina izango zela, ez zuela inongo antzarik izango aurrekoarekin. Beno, ñabarduraren bat agian, baina ...
Gazteok gure burua autokritikatzea edo gazte batek beste bat kritikatzea edo antzeko gauzak ez dira oso ondo ikusten geure artean. Normala. Gazte eta errebelde! Gure izatea errebeldian funtsatzen da eta ondorioz errebeldetasunak bihurtzen eta egiten gaitu gazte. Zeinen sinplistak. Sinplismoa eta inozokeria, ordea, ez dira sinonimo. Batek badu bere konplexutasuna ere, besteak sinple hitzaren esentzia ere ez du usaindu ere egiten. Eta gure errebeldia zertan funtsatzen da?
Beharbada zerbait ezberdina idatziko nuen nire kokapena dela eta. Munduaren amaiera honetatik gauzak beste era batera ikusten dira, internazionalki beharbada. Eta internazionalismo horretan nazio mailan pentsatzen. Viena itsasoari begira dagoen txoko honetan garrantzi handiagoa dute Bersani eta Grillo eta Berlusconi bezalakoek. Edota Aita Santu berriaren aukeraketak, egunero hiriburutik datozen berriak. Ma che cazzo! (gestu italiar eta guzti)
Hona etorri aurretik orain dela egun batzuetatik Ernai deitzen den gazte erakunde berriaren sorkuntza lanetan ibili nintzen. Errealistak izanda esan dezagun espermatozoide batzuk ginela garai hartan obulu baten bila ernatze bidean. Hori udan zen, eta martxoa arte hilabete batzuk pasa dira. Txostenak irakurri, kontzeptuak aztertu, eztabaidatu honen eta bestearen inguruan ... hondartzara joan beharrean egiten zuen eguraldiarekin bulegoan geratzen ginen, itzalpean, freskuran gure idealismo guztiak martxan jarriz.
Atzo bukatu nuen liburu bat. Michel Onfray filosofo frantsesak idatzia: Politiche della felicità (Zoriontasunaren politikak). Idealismo motak guztiak arbuilatu eta edonismorako joera batekin aztertzen zituen XIX. mendeko pentsalari nabarmenenak beti ere politikaren alorrean. John Stuart Mill eta Mikail Bakunin irakurri ditut bakarrik, besteen beharrik ez bainuen. Sozialismoa irakurtzeko bi forma hain zuzen. Hirugarren ikuspegi bat ere irakurri dut, Karl Marxena, norena bestela (pentsatuko duzu). Hiru izen hauetatik hirugarrena jainkoaren postuan ipiniko lukete gehienek. Bigarrena anarkista zikin bat bezala, koherentziazko ezer egiten ez dakiena. Lehenaren berri, agian, oso gutxik, nahiz eta pentsalari garrantzitsua izan zen edonismoaren eta feminismoaren ikuspegitik.
Eta hau zertara dator? galdetuko duzu seguruenik. Ernai gazte talde honen hasiera hartan, oraindik Ernai deituko zela ez genekien hartan, beste forma batera ikusten nuen mundu berri hau. Ideia zoragarriak iristen ziren esku artera, goazen hau egitera eta gero beste hau eta azkenik hura. Utopikoa zirudien denak, oso urruti jarrita zeuden helburuak, baina zer hostia! Euskaldunak bagara nola ez ditugu lortuko bada!
Nik beti eman diot garrantzia handia kulturari, beharbada mundu horretan murgilduta nabilelako poesia, idatziak, dantza, pintura, literatura, bertsolaritza ... bezalako mundu eta itsaso zabaletan. Eta kulturarekin batera hezkuntzaren garrantzia. Gaur egungo atentatu, holokausto, gerra kultural eta akademiko guztiak ikusita (Wert-en erreformak kasu, baina modu pasiboan ere beste mila kasu topa daitezke) mundu horren mugimendu bat egon behar litzateke. XIX eta XX. mendeetan, ikasia dudanez, hainbat eskola ezkertiar eratu ziren langileei eta eskolara joan ez zirenei kulturaren eta hezkuntzaren oinarriak erakusteko. Adibide bezala Georges Politzer (Nagyvárad, gaur egun Oridea, Austro-Hungariar Inperioa, 1903 - Mont Velérien, Frantzia, 1942) langile eta hauen semeei filosofia erakusten zielarik Parisen. Baina atzo enteratu nintzen Ernai-ren lehen ekintza Beasaingo Batzokian pintadak egitea izan zela.
Ekintza honen harira bi gauza: bat, ez al zen esan erankunde berri honetan ezkutaketan ez ginela jolastuko? Bi, sormena balore garrantzitsu bezala aipatzen zen, ondorioz, non hostia dago gure super sormena? Sakon ditzagun bi kontu hauek azaletik bada ere.
Ezkutaketan jolasten. Beldur diogu aurpegia ikus diezagutenari? Eztabaida da bidea diote parlamentuetatik eta burokraziaren tronuetatik. Jolas dezagun beraien arauekin, egin dezagun eztabaida horman pintatutakoari buruz. Beharbada produktiboagoa izango da eztabaida horretan sor daitekeena eta horrek emango diguna.
Sormena. Non hostia dago sormena? Hormak pintatzea modaz pasata dago, buruari eman diezaiogun kritikarako beste forma batzuk asmatuz. Gai gara utopiarik utopikoena diseinatzeko bere detaile edo ñabarduna txikienarekin eta kritikarako moldeak eta formak aldatzen ez dakigu.
Kritikarako une beti dago eta baita autokritikarako ere. Beharbada idealista samarra naiz eta egoista aldi berean nire pentsamenduarekin bat egiten ez duten ekintzak (ideiekin ez bezala) arbuilatzen ditudanean. Baina aldaketa garaia deitzen dugun honetan aldaketak egitean errotzen dela uste dut aldaketen garaia. Ekintzek definitzen gaituztela sinestuta nago, akaso ez da hala izanen, baina jokuko arauak ipinita daude. Aldatu behar direla? Noski baietz, baina badaude aldaketak egiteko beste formak ere.
Nik uste nuen ezberdina izango zela ... Oraindik uste dut ezberdina izango dela. Lapsus txiki bat. Oinez ikasten ari den haurra erortzen den modu berean. Eta kantuak erortzen ikasten baita oinez esaten duen modu berean, ez gaitezen enpeinatu behin eta berriz erortzen eta has gaitezen bidea egiten. 

viernes, 11 de enero de 2013

FRESKATU DEZAGUN GURE AURPEGIA

Zenbat gustatzen zaidan ikustea jendeak nolako garrantzia ematen dion historiari gaur egun! Harrituta geratzen ari naiz han eta hemen entzuten ditudan iritzi eta diskurtsoekin. Beharbada mundua aldatzen ari denaren seinale bat izango da hori dena. Seguru hori dela.
 
Youtube-ko bideoak ikustea denbora-pasa entretenigarri bat da inolako zalantzarik gabe. Eta bideoa ikusi ondoren horri buruzko iritziak irakurtzea. Jendeak bere jakinduria azaltzeko parada ezin hobeago bat. Eta bideo askotan jendeak historiari buruzko iritzi eta parrafada batzuk idazten dituenean ezin isilik geratu. Mugimendu betean dagoen gizarte honek bere sustraien berri izan nahiko du, eta zerbait jakitean ezin izaten du isilik geratu eta mundu osoari irakurri duen artikulua eta liburu bateko parrafoa goitik behera errepikatzen du. Eta egon zaitez ziur jakintsuetan jakintsuena bezala ikusiko duela bere burua astakeria bat idatzi duen tipoari sekulako eskarmentua eman baitio.
 
Baina hau ez da gauza berria nire inguruan. Oraindik gogoan dut aurreko urtean Amaiurrera egin genuen bidaia. Jakingo duzun moduan 2012. urtea Nafarroako Erresuma konskistatu zutenaren 500. urteurrena ospatzen zen. Ospatu baino gehiago gogorarazi, askok zioten moduan hemen ez baikenuen ezer ospatzeko. Zorionak, ezkontza bat, haur baten munduratzea, bikote baten ez dakit zenbagarren urtea lehen musua eman zutenetik ... horrelako gauzak bai, horiek ospatzen dira, baina konkista bat? Baldin eta garaipena lortu zuenaren bandokoa ez bazara. Baina utz dezagun hau une batez, akaso beste baterako utziko dugu. Kontua da Ezker Abertzalearen barnean kokatutako gazteen artean "Jalgi hadi garaipenera!" ekimena sortu zela konkista hura gogoratze aldera eta mugimendu horretako hainbat gaztek ekimenarekin bat egin zuten, nola ez. Guk Buruntzaldean ere gure aletxoa ipini nahi izan genion kontuari eta Andoain, Hernani, Lasarte-Oria eta Usurbilgo gazteok Amaiurrera antolatu genuen bidaitxo bat, egun-pasa bat aitzakia horrekin bertan elkartutako gazteok elkar ezagutu gintezen. Eta bertaratu zen klasekide batek egun-pasa hura baino aste batzuk lehenago komentatu zidan nola mugimendu edo ekimen hura sortu aurretik inor ez zela interesatzen Amaiurren pasa zenaz. Bera gazteluaren indusketa-lanetan ibili zen uda batez eta horregatik friki deitu ziotela esan zidan. Beraz historiaren inguruan interesatzen dena friki bat da? Egunero ikasten da zerbait. Eta ekimen horren baitan sortu zen giro hark gazteak pentsaraztera ematea baino honetarako balio izan zuen: euskal nazionalismoa eta independentzia nahia Amaiurren borrokatu zuten 200 soldaduen balentrian funtsatzen dela. Eta zergatik ez da oinarritzen Noainen borrokatu zutenenetan? Edo nafarren aliatu ziren frantsesetan? Eta oraindik buelta handiago bat emanik honi, zergatik gure independentzia ez da funtsatzen Pelayoren Covadongako altxamenduan eta altxamendu horren ondoren etorri zen Errekonkistan, Errekonkista horren parte delarik Gaztelak Nafarroa konkistatu izana?
 
Artikulu hau irakurtzen zoazen heinean akaso gogoratuko zara blog honetan ageri den "Leiendetan itsututa" artikuluan. Bertan nioen moduan, itsutu egin gaituzte. Mugimendu nazionalista bat bere arriskuan ikusten duenean sortzen da, populazio bat eta bere kultura arriskuan daudenean. Mugimendu nazionalista bat defentsa bat da, ez duzu zurea dena galdu nahi eta ondorioz zurearen gaineko kontrol osoa lortzeko formak bilatu eta errebeindikatzen dituzu. Eta gurearekin berdina gertatzen da. Gure kultura arriskuan ikusi dugunean independentzia oihukatzen hasi gara. Eta eskakizun horri funts bat ipintze aldera historian bilatzen ditugu gure oinarriak. Baina ezin dugu esan erromatarren aurka borrokatu zutenak edo herri indoeuroparrak Kantauriko zonalde honetan geldiarazi zituztenak direla gure nazionalismoaren edo independentziaren hasiera. Mesedez, ez gaitezen horrelako engainuetan erori.
 
Baina "Leiendetan itsututa" artikulu txikiaren edo nire pentsamenduaren ataltxo horri berriz heldurik, zergatik funtsatu behar gara iraganean? Iragana ez da existitzen, eta existitzen ez den zerbaitetan funtsatu behar ditugu gure izatearen oinarriak? Orain norbaitek pentsatuko du nondik atera dudan iragana ez dela existitzen dioen ideia hori. Ba erantzungo dizut baldin eta horrela pentsatu baduzu: Matthew Johnson arkeologoaren ideietatik hartu dut (Honen inguruan irakurri nahi baduzu: "Teoría arqueológica. Una introducción."). Nahiz eta absurdoan pentsatzea gustatzen zaidan, izan gaitezen praktikoak momentu batez, ez gaitzatela engainatu gure historiaren labirintoetan murgiltzen garen orotan. Independentzia nahi dugu. Zertan funtsatzen duzu zure nahi hori? Nahi horretan bertan, gutxi iruditzen zaizu?
 
Denbora eta indarra galduko dugu lortu nahi dugun hori lortzean leiendak, mitoak, heroiak, jainkoak eta dena delakoak idazten. Gure artean borrokatzen astia gero ere hor egongo da, baina faborez, goizean esnatzean aurpegia garbitzen den moduan, joan gaitezen komunera eta freskatu dezagun gure aurpegia eta ea ideiak argitzen zaizkigun.
 
Eta orain berriz ere youtube-ko bideoak ikusten jarraituko dut, akaso beste zerbait idazteko ideia otzen zait. Aurretik zigarro bat hala ere, mmmm, paketea hutsa dago? Beraz erosi egin beharko dugu etxe honetan beste inork ez baitu erretzen eta.

viernes, 21 de diciembre de 2012

EXISTENTZIAREN MUGAK ZEHARKATZEN ORTZEMUGARAINO. ERREGE BATEN HERIOTZA ( XX )

Ez da argirik ene inguruan. Suak argitzen dituen lantzen puntek egiten duten dizdira infernuko sugarrek egiten dutenaren parekoa da. Gorputz osoa odolez zikinduta eta gehiago eta gehiago zikinduko da ordulariak gelditu arte existentziaren mugak zeharkatzen ditudan heinean. Ortzemugaraino.

Errege madarikatu hori hil nahi eta azkenean berak hil nau. Edo akaso mendeku goseak, goseak itsutu nau eta azkenean mendekua mendekatu da nirekin.

Eskua odoletan dut begien aurrean.

Orain nire bizitza nola itzaltzen den besterik ez dut itxoin behar. Aita eta amarekin elkartuko naiz berriz ere, urteak beraien ohorea berreskuratu nahian eta esku hutsik itzuliko naiz etxera, ez beraien ohorerik, ez eta nirea ere.

Eta Giulia ere beraiekin egongo da. Berriz ere besarkada baten berotasuna sentitu nahi dut. Berriz ere gure banderak ipini ohean konkistatzen ditugun eremuetan.

Begiak zabalik mantentzea geroz eta zailago egiten zait.

Baina Penelope bakarrik geratuko da mundu honetan, Ulisesen itzuleraren zain, baina oraingo honetan ez da Ulisesik agertuko bere etxean. Bakarrik geratuko da, inoren babesik gabe. Negarrez agian, isilik beharbada. Auskalo. Amorrurik ez dadila ernatu bere baitan eskatu nahi diot Jainkoari. Arren. Ez dut nire odoletan bizi den erokeriarik bere jabe izatea nahi. Aske! Libre izan dadila bere bideak egiteko, libre eskua nori eman erabakitzeko, libre ateak nori ireki erabakitzeko.

Hor dator aita eta amaren heriotzak mendekatzeko hil behar nuen erregea zaldi zuri baten gainean.

Hotza sentitzen dut eskuetan. Eta bularra bitan zatituta.

"Azken traidorea hil da!" belarri ertzera esan dit erregeak. Eta begiak ixten ari zaizkit. Ilunago ikusten dut orain, sugarrak itzaldu balira bezala. Duela momentu batez ikusten nuen sugarrezko mundu hori itzaltzen ari da ... Beltza bihurtu den arte.

jueves, 20 de diciembre de 2012

NORMANDIAKO KOSTATIK HARATAGO ( XVII )

Ingalaterrako flota aurrean dago. Gerrako buke onenak itsasoaren gainean. Etsaiak piratak, Montemascherako kondea denen buru, piratarik piratena. Eta erregea akabatzeko asmoz azaldu da iparraldeko itsasoetara, noizbait bere begiradak bustitzen zituen itsasora. Baina nostalgia oro eraman du denborak eraman beharreko tokira eta kutxa ilunetan sartu inork aurkitu ez ditzan.

Gaur, ordea, udaberriko egun horien ezberdin da. Kanoiak prest daude, ezpatak zorrozturik, odola bero, odol gose. Eroturik Normandiko kostatik haratago. Jainkorik baldin bada izan dezala erruki izan behar duenarekin. Justiziarik baldin bada egin beza balantzaren arabera.

Eta tximistak su txinpartak bilakatu dira. Eta trumoiak eztanda hots bihurtu dira. Salbazioari erreguka ari diren garrasiak nonahi. Banderek berdin balio dute Estigian. Bi txanpon begietan. Txanpon bat ahoan.

Ontziak sutan daude uraren gainean. Naufrago. Normandiko kostatik haratago. Behelainozko teloi bat, pantaila ikusezin bat. Arima hiltzaileak. Gaueko otsoak. Piztiak. Begi gorriak. Herio irribarrez begira. Baina Montemascherako kondea aurrera doa Tamesis aldera. Oraino bizirik behelaino artean.

Itsaso gorria lekuz aldatu da. Gorpu naufragoak Neptunok gordeko ditu inork aurkitu ez ditzan. Eta ontzi urperatuak ondorengoen ondorengoek kontatuko dituzten kondairetako mamuen ontzi misteriotsu izango dira. The flying Dutchman, Willem Van der Decken. Atlantidaren bila.

miércoles, 19 de diciembre de 2012

VENEZIATIK PARISERA: EPOPEIAREN HASIERA ( XVI )

Veneziatik Parisera guda tronpetak. Edwarden atzetik doaz bere gizonak Parisera bidean atabal soinuz. Zaldiak trostan gerrara bidean. Erregea erregea hiltzera. Odolez idatzitako patua. Aurpegia haserre, malkoak masailetatik behera. Eta odola borborka. Irakiten eta su bilakatzen. Barne sua. Eta barne su horrek irensten du osorik. Gorrotoa, mendeku gosea, haserrea, amorrua ... dena gorputz baten barnean. Sutan. Lehertu beharrean.

Piratak zain daude itsasoan. Bere aliatuak Normandiako kostan. Heroiaren aliatuak epopeia ederrenaren parte izateko. Piraten Erregeak Ingalaterrako erregea nola hiltzen duen kontatuko duena eta piratak izango direla mendekua lortzen lagunduko diotenak. Baina epopeiak ez du kontatuko nola piratek gerrako botina lortu nahi zuten, Peruko urrez egindako altxorrak ron botilengatik aldatzeko.

Eta Parisen Frantziako Koroa, Montemascherako kondearen aliatua. Justiziaren alde borrokatuko duten zaldun prestu eta adoretsuak odola aliatuen alde isurtzeko beldurrik ez dutenak. Mosketeroak. Unus pro omnibus, omnes pro uno. Epopeiako salbatzaileak, ideal egokien banderak eramango dituztenak. Epopeiaren orrietan ez da idatziko, ordea, tronu frantsesak Ingalaterrari gerra irabazi nahi ziola eta bera bihurtu munduko zentroa. Paris. Notre Dame. Ehun Urteko Gerraren errebantsa.

Baina horrek berdin du. Epopeiek hitz ederrak bakarrik aipatzen dituzte eta ondorengoen ondorengoek irakurriko dute Montemascherako kondea guda tronpeten artean abiatu zela Veneziatik Parisera bere aliatuen bila Ingalaterrako erregea hiltzeko.

Heroia Veneziatik Parisera doa, hau da Epopeiaren hasiera.

domingo, 16 de diciembre de 2012

VIENAKO SARRERA ( XII )

Eguzkia ezkutatzerako Vienan egongo dira Edwarden gizonak Ingalaterrako erregea hiltzeko asmoz, palazioko zerbitzarien trajeak jantzita. Ardo kopa bat pozoinarekin eta bihotz bat gutxiago munduan. Afaltzerakoan, arlekin eta bufoiek beren funtzioa hasten dutenean, irriak malko bihur daitezen azal txuridun aurpegi batean. Eta kanpoan bostehun gizonek armak prest beste norbaiti bizia kendu behar baldin bazaio. Dena subirano anker batekin amaitzeko. Herriak ez baitu eguzkirik ikusten bere buruan Ingalaterrako koroa dagoen bitartean.

Eta udaberriko egun batez, traizioaren egun berdinez zaldunak Vienara abiatu dira erregearekin amaitzeko pirata baten gidaritzapean. Danubio ertzak inguratzen hiriaren sarrerara iritsi dira. Viena, otomandarren aurkako gudazelaia, deabru beltzei sartzen utzi nahi ez diena eta deabru zuriak kortesia guztiekin zerbitzatzen dituena. Kanoi burrunbak gurutzearen horizonteetatik ekialderantz.

Baina Ingalaterrako bandera dantzan zebilen hiriaren sarreran zaldun bibotedun batek eutsirik. "Edward MonteMascherako Kondea! Hire pauso guztiak zakizkiagu. Zerbitzari guztiak akabatu dizkiagu." Hogeita hamar txanponen hotsa berriz ere. "Eta ez dituk izango akabatuko dizkiagun bakarrak. Hire emazteak Giulia izena dik, ezta? Ikusten duanean emaizkiok goraintziak erregearen partetik."

Vienako sarrera: kanoiak norabidez aldatu dira eta pozoinak jada ez du ahalmenik inor pozointzeko.


viernes, 14 de diciembre de 2012

KARIBEKO URETAN ( IX )

Gauerdia jo dute Port Royalgo kanpaiek. Hamabi kanpai-soinu hamabi olaturentzat. Eta itsasontziak uraren gainean geldo. Ilargiak argi zuriz argitzen ditu iluntasunean. Eta izarrak soldadu prestu ilargiamandrearen inguruan. Gauaren ehun mila begi itsasoari so. Kresala aurpegian, ezer ikusten ez dutenen aurpei biluzietan.

Eta isilik itzal beltzak fragata baten inguruan geratu dira. Eta oraindik isilago abordatu dute bandera ingelesdun fragata. Altxorrak lapurtzera doaz, itsas lapurrak Peruko urrearen bila Karibeko uretan.

Egunsentiz armadaren esnadeia eta guda doinuak Port Royalen. Piraten bila taberna lotietan iskanbila gosez. Ateak ostiko kolpez lurrera eta ezpainetan ron zaporea gordetzen dutenen ehiza. Txakurra eta katuren jolasa. Eta burdinazko espetxeetan harrapakin harrapatua.

Amerika. Utopien eta ametsen lurraldea. Mundu Berria, zaharraren laborategi eta esperimentu.

Itsasoaren gainean uhinek murgiltzen dute Espainiako Koroaren galeoi bat Urrezko Dorrera bidean. Eta atzetik bandera beltza. Buruhezur erdi bat Jolly Roger. Abordatzera! Eta kanoi soinuak piratak hegan doazen bitartean, ezpata kolpeen txinpartak, bolbora lurrina odolean. Eta lehoia eta dorrea sutan kiskaltzen dira altxorrak ontziz aldatzen diren bitartean.

Itsasoa zakar bihurtu da gaur. Olatuek fragata kolpatzen dute eromenaren erdian uharte sekretura bidean doazelarik altxorrak gordetzera. Itsasontziak mamu bihurtzen diren uretan. Leienda eta kondaira zaharren urak, itsas munstro eta marinel naufragatuen itsasoak. Karibea.

Piratak estriborrean. Altxorrak nahi dituzten piratak. Piratak piraten aurka. Bandera beltza bandera beltzaren aurka itsaso eroaren erdian.

- Alferrik erasotuko diguzue. Ni izango naiz hurrengo piraten errgea!

Eta eromenaren erdian guda. Hodei beltzen pean olatuen dantza eta sua beraien gainean. Haize zakarrak putz belak apurtzeraino eta ezpata soinuak abordaiaren ondoren. Kanoien leherketa zarata. Gatilo soinua bolbora artean. Odola egurraren gainean eta itsasoan gorpuak. Infernua urazalean.

Kapitainak bere ezpata lurrera bota du. Kanpaien moduan mundu guztiak entzun du metal soinua egurraren aurka.

- Nor haiz hi?
 
- Edward Galesko Kondea, hurrengo piraten erregea.

Eta altxorrak lapurtu dituzte Edwarden gizonek. Esklabo batzuk eta urre eta zilarrezko txanponak. Tartean emakume eder bat, azal zuria, ile luzea bizkarretik behera, begi ilunak. Kapitaina sorgindu dutenak.

jueves, 13 de diciembre de 2012

CORNUALLESKO TRAIDOREA ( VII )

Zatozte, ez izan beldurrik agure honi. Nahi duzue piratei buruzko istorio bat kontatzea? Taberna honetan bizi izan zen pirata bati buruzko istorio eder bat. Zatozte, ez dut inor jango, ez diozue agure zahar honi izurik izan behar. Mundu honetan bada beldur handiagoa eduki behar zaion jendea, horiei izan benetako beldurra, ez taberna honetan erdoildu den agure honi. Kontatuko dizuet Edward izeneko pirata baten istorioa.


Istorio zaharrek kontatzen dute Cornuallesko Traidorea Galesko Kondearen lagun mina zela. Biek batera diseinatu zutela Ingalaterrako erregearen hilketa. Ez zen bakerik garai hartan. Belardi berdeak gorri bihurtzen ziren eta suak garbitzen zituen bekatu guztiak. Eta noble ingelesek beraiena zena zaindu nahi zuten. Erregeak ez. Erregeak dena berarentzat nahi zuen, botere guztia bere eskuetan izan nahi zuen. Absolutua.


Baina erregea nola edo hala konturatu egin zen nobleen traizioaz eta konspirazioaz koroaren aurka. Galesko kondearen heriotza. Biolina jotzen ari zen bitartean hil zutela kontatzen dute poeta zaharrek. Eta bere seme txikia ihesi joan zen ordutik. Ihesaldi ero batean koroarengandik ihesi. Baina haurregia zen lur hauskor eta basati haietan bakarrik ibiltzeko.


Istorioek diotenaren arabera Cornuallesko Traidoreak babestu zuen bere gazteluan. Bere aitaren adiskide izanik ezin zuela eta haur gaztea bakarrik utzi. Haurrak hamar urte bete zituenean Erregea etsai guztiak harrapatzen eta akabatzen hasi zen berriz ere, traizioaren urtetik bi urte ondoren. Cornuallesko Traidoreak, orduan, haurra koroak harrapa ez zezakeen nonbaitera eraman behar zuela pentsatu zuen, errege hura gai baitzen Galesko Kondearen odola zeraman edonor hiltzeko izan zezakeen adinak axola izan gabe.


Cornuallesko Traidoreak bazuen adiskide bat Frantzian. Bretainiako herri txiki batean, Kemperren. Erreinuko mugetatik haratago ezingo zuen haur hura harrapatu eta egun batez bidaia hasi zuten Cornuallesko kostatik Bretainiako kostara. Kemperrera. Bertan taberna batera sartu ziren. Gizon basatiak, mozkorrak, alprojak, gezurteroak ... zibilizazioaren muga tabernako atean zegoen. Eta istorien arabera bertako jabearen eskuetan utzi zuen. Jacques. Eta bere emaztearenetan, Madeleine. Bertan hazi zuten gazte bilakatu zen arte barraren atzean.


Denborarekin ikasi zuen nola taberna hura piratez josia zegoela. Beraien bidaiak eta lapurretak ospatzeko ardoz mozkortzen ziren piratez jositako taberna. Eta denborarekin bera ere, bere iragana kasik ahazturik pirata bihurtu zen.


Istorio zaharrek hori kontatzen dute, taberna honetan hasi zela Edward pirataren istorioa.

LARROSA GORRI BAT KOPETEAN ( V )


Eguzkia horizontera kulunkatzen ari zen lorategian eskuetan zenuen biolinari melodia marrazten ari zinenean. Marrazten marrak. Airean. Horizonte aldera olatuen gainetik eguzkiari sehaska kantu bat jotzen ariko bazina bezala.


Baina olatuen gaineko bidaia horretan Leviathan basatiena agertu zitzaizun begien aurrean. Hortzak zorrotz. Zorrotzegi bakea nahi duenarentzat. Begi gorri. Gori. Bezain gorri. Hori. Zoli uraren gainean. Basatiena ere lokartu nahian marratzen jarraitu zenuen. Uraren gainean. Gainean, uraren besoetan. Venus Milokoarenetan.


Haur. Nerabe nintzen oraino. Eta zure aurpegiko zimurren zirrikituetan gordetzeko beharra nuen beste behin ere. Berriro. Ihesi doan lapurra bezala bere gordelekura. Gordetzeko lekura. Leku hura. Zure aurpegiko zimurren artekoa.


Elurra bezain zuri zenuen aurpegia, larrosa gorri bat kopeta erdian. Eta loreak ureztatzeko malkoak begietan. Kea da lanbroa. Bolbora da aroma. Lanbroa ke, aroma bolbora. Eta justiziaren irri bat bere titereen maskaretan. Antzokiko aktoreek tragediak enmaskaratzeko darabiltzatenetan. Teloien atzean. Hatzean. Zure eskuetakoetan. Biolina. Negarrez. Eta eguzkia? Lotan. Ikusitakoa ametsgaizto bat izan dela sinetsi nahian. Eta ilargia? Bakarrik. Biolin negarti bat izara azpian gorde nahian.

miércoles, 12 de diciembre de 2012

UDABERRIKO EGUNSENTI BATEZ ( III )

Udaberriko egunsenti batez eguzkiaren izpiak zuhaitz artean jolasten zebiltzan lora bakoitzari musu
emanez ama batek haurra esnatzen duen moduan. Eta zu ere hala esnatu zinen Elisabethen besoetan
preso. Goxotasunean. Haur txiki baten negarrak amets amaigabeari amaiera sinatu arte.

Udaberriko egunsenti batez eguzkiaren izpiak zuhaitz artean jolasten zebiltzan lora bakoitzari musu
emanez ama batek haurra esnatzen duen moduan. Eta zu ere hala esnatu zinen Paul Galesko konde
biolinjoleari bi besoekin besarkaturik. Ur beharrean den lora euriak bustitzen duenean bezala. Haur
txiki baten negarrak amets amaigabeari amaiera sinatu arte.












martes, 11 de diciembre de 2012

LEIENDETAN ITSUTUTA

Leiendek ez dute ezer balio. Gure denborarekin ez dute ezer ikustekorik. Antzinako espejismoak besterik ez dira, liluratzeko besterik balio ez dutenak eta kasurik okerrenetan jende gaixoa itsutzeko. Antzinako heroiak gurtzeak ez du zentzurik gaur egun, dekadentziaren erdian glorian sinestea buruaz beste egitea bezalakoa da. Ez al zara konturatzen? Historia sustraiak topatzea dela diozu, iraganeko iluntasuna argitzeko. Eta iluntasunean egin diren aldaketa guztiak? Aldatzen dizkigute gure jatorria, gure bideak, gure helmugak. Errealitatea justifikatzeko iragana erabili behar omen dugu ... Eta ez al da nahikoa errealitatea errealitatea bera justifikatzeko? Baina leiendetan itsututa gabiltza eta ez gara horretaz konturatzen. Hain gara inozoak ...

BURUARI GALDEZKA


Balkoira ateratzen naizen bakoitzean argi gehiago ikusten ditut leihoetan ipiniak. Koloretako argiak
piztu eta itzali egiten direnak. Kristalaren beste aldea zuhaitzen siluetak ikusten dira. Eta hotza
airean elurra egiteraino.
Plazetan zuhaitza handiak ipinarazi ditu udalak kolore gorrizko bolekin apainduta. Dendak goitik
behera apaindu dituzte, plaza nagusiak jaiotza montatu dute eta kanpai soinudun abestiak entzuten
dira tabernetako bozgoragailuetatik.
Telebistak ere ez du etenik gabonak anuntziatzeko garaian. Bada denbora iragarki komertzialak bata
bestearen atzetik ikusi ditudala denek opari egokiena eskaintzen. Olentzerorik ez dut oraindik ikusi,
itzultzen garenerako utziko dugu hau.
Baina egia esan behar badizut momentu honetan irakurtzen ari zaren irakurle, urtetik urtera grazia
gutxiago egiten nauten festak dira Gabonak. Horrela jarraitzen badu kontuak gorrotatzeraino iritsi
beharko dut, baina hau urte batzuetara edo askora tratatu beharreko gaia izango da.
Pentsatzen dut ene ikuspuntu hau argudiatu beharko dudala, gauzak esateagatik esatea bakarrik ez
omen da oso egokia. Baina ni izan beharrean zergatik ez zara zu nire ikuspuntua aztertzen saiatzen?
Erronka onartzen duzu? Ez baduzu onartzen ez duzu lerrook irakurtzen segi behar, denbora galtzea
izango baita.
Betiko argudiaketari hauts apur bat ken diezaiogun, egia da kontsumismoarekin duen lotura
ukaezina dela; masa-kontsumoa; berezko zituen baloreak galtzen ari dela; saltzen diguten irudi
estereotipatuak; zoriontasuna, bakea, maitasuna, laguntasuna bezalako hitz potoloak edozein ahotik
irteten direla; egungoak ez duela jatorrizko gabonen antzik ... Hau guztia seguru noizbait pentsatuko
zenuela. Eta iristen diren bakoitzero pentsatuko dituzu. Antolatuko dituzte han edo hemen
Gabonetako kontsumismoari buruzko hitzaldiak, Jainkoaren jaiotza ospatzeko elizkizunak ere
egingo dituzte, egunkari edo aldizkarietako artikuluetan irakurriko dituzu nola dena loturik dagoen
eta telebistaren edota filmeen bidez manipulatzen gaituztela estereotipoak, erritualak, erosketak eta
beste hainbat gauza urteko egun hauetan egin beharreko gauzak direla esanez.
Ez nator anti-gabonen esloganak egitera. Interneten egongo dira seguruenik nik hau idatzi aurretik
ere. Denbora galtzea litzateke, plagio bat egitea, nire gaitasunari muzin egitea. Eta hori ez dago
ongi, ez, ez ... hasi nahiz adar eta hodeietan barrena galtzen. Barkaidazu, ez zen nire asmoa. Segi
dezagun gurearekin oraindik irakurtzen ari bazara eta zerbait zentzuzkoa irakurri nahiko baituzu,
bada garaia eta.
Eta eslogan horiek irakurri nahi badituzu bila itzazu, esan bezala Interneten egongo dira. Edo akaso
manifestazio edo protesta bat antolatzen dute eta bertan oihukatuko dituzte. Ez, beste gauza bat dut
buruan sartuta, proposamen bat zuri egiteko. Eta honetarako aurreko guztia? Aurreko dena
irakurtarazi nauzu proposamen bat egiteko bakarrik? Lasai, nik idatzi egin dut, absurdoaren
goraipamen bat egiteagatik, beste batean azalduko dizut ideia hau.
Nire proposamena: gustoko dugu sarri azalpenak azaltzen dituzten moduan ikustea, baina ipin
diezaiogun berezko ukitu bat, Karlosek perrexilarekin egiten duen moduan. Jarri azalpen edo
ekintza orori zergatik bat aurretik. Afari eta bazkaritako janaria erostean, etxekoei edo lagunei
opariak egitean, gabon kantuak abestean, Urte Berriko erritualetan, Urte Zaharrez jateko zerbait
eskaintzean, lagunekin zerbait hartzera joatean, urte berria opatzean, bromaren bat egitean, errege
opila jatean ... galdegiozu buruari zergatik egiten duzun. Bitartean ongi bizi geroz eta egun gutxiago
geratzen baitira festarako.
 
 
Noaua! herri aldizkarirako idatzia