lunes, 21 de enero de 2013

ATERKI BAT BESAPEAN ZERAMAN NESKATOARENA

Euri tantetatik babesteko aterkia zabaldu behar zenuela esan zizuten.
Baina hau esandakoan ahaztu zitzaien aterkia aipatzea.
Garai hartan haur bat besterik ez zinen.

Orain beti aterki batekin ateratzen zara kalera.
Jendeak txutxumutxuka:
"Baina zer ari da aterki batekin?"
"Sekulako eguzkia eta aterkia?"
"Esaten nuen bai neskato hura ez zela oso normala."
"Gurasoek zer esana izango dute ba?"

Eta zuk aterkia zabaltzen jarraitzen duzu
babes beharra duzun bakoitzean.

martes, 15 de enero de 2013

OLERKIA 15

Kafe aroma zigarrokinen alboan,
naufrago bat zure labirintoan,
itsas-argia behelainoan,
goizeko ihintza zure kobazuloan,
karamelua gorria ahoan,
orgasmo bat zure ondoan.

OLERKIA 19

Inozoak gara,
txontxongilo teledirigiboak.
Jaiotzen garenetik kontrolatzen gaituzte
eta hil ostean ez gaituzte bakean uzten.
RIP?
Bere bertsio laurogeitarrak zentzu gehiago du.

OLERKIA 22

Kulero bustiak oparitu zenizkidan.
Amak garbitzera bota zituen
arrebarenak zirela pentsatuz.
Orain usaintzen ditudanean
garbigailuaren usaina hartzen diet
eta ez larrutan egin ostean
abandonatu zenudan egunarena.

OLERKIA 10

Behin azti batek
euria ekarri zuen basamortura
eta bertako biztanleek pozarren ospatu zuten
ondorengo aberastasuna.
Azti hil da,
eta basamortuko biztanleek berriz euria
nork ekarriko duen zain daude.

OLERKIA 11

Suak berotu egiten du,
batzuetan erretzeraino.
Bere izate maltzurragatik
kontrolpean izaten saiatu gara,
baina behin gure kontroletik ihes egin digu
eta su horretan kiskaltzen gabiltza ordutik.

OLERKIA 5

Izaki Ahalguztidunak sortu genituen
ulertzen ez genuena ulertzeko.
Eta hain izan ginen inozoak
ulertzen ez genuena ulertzean
ez genuela ulertu
zergatik oraindik ulergarria ulergaitzarekin
ulertzen saiatzen ginen.

lunes, 14 de enero de 2013

OLERKIA 6

Ipuinetan piztiak iluntasunean ezkutatzen dira
beldurrez eguzkiak ikusiko dituen.
Baina hori ipuinetan bakarrik da.
Egiazki eguzkitan ibiltzen dira piztiak
axola eta errukirik gabe
piztikerietan.

OLERKIA 4

Belardian loreak ederrak dira.
Belardian eder jaiotzen dira
eta belardian eder hiltzen.
Belarditik kanpo eder izan daitezke,
baina heriotzik itsusienak itxaroten die.

OLERKIA 3

Leviatana pizti bat da,
mitologikoa.
Krakena pizti bat da,
mitologikoa.
Deabrua pizti bat da,
mitologikoa.
Gizakia piztia bat da,
egiazkoa.
Eta gizakiak piztiak sortzen ditu.
Kontua da egiazkoak edo mitologikoak diren.

OLERKIA 12

Sinesmenak hauskorrak dira.
Gure izatea garatzeko balio duten bitartean
ondo,
baina horrela ez denean
denboragaltze hutsa da
sinesten genuenean sinestea.

viernes, 11 de enero de 2013

FRESKATU DEZAGUN GURE AURPEGIA

Zenbat gustatzen zaidan ikustea jendeak nolako garrantzia ematen dion historiari gaur egun! Harrituta geratzen ari naiz han eta hemen entzuten ditudan iritzi eta diskurtsoekin. Beharbada mundua aldatzen ari denaren seinale bat izango da hori dena. Seguru hori dela.
 
Youtube-ko bideoak ikustea denbora-pasa entretenigarri bat da inolako zalantzarik gabe. Eta bideoa ikusi ondoren horri buruzko iritziak irakurtzea. Jendeak bere jakinduria azaltzeko parada ezin hobeago bat. Eta bideo askotan jendeak historiari buruzko iritzi eta parrafada batzuk idazten dituenean ezin isilik geratu. Mugimendu betean dagoen gizarte honek bere sustraien berri izan nahiko du, eta zerbait jakitean ezin izaten du isilik geratu eta mundu osoari irakurri duen artikulua eta liburu bateko parrafoa goitik behera errepikatzen du. Eta egon zaitez ziur jakintsuetan jakintsuena bezala ikusiko duela bere burua astakeria bat idatzi duen tipoari sekulako eskarmentua eman baitio.
 
Baina hau ez da gauza berria nire inguruan. Oraindik gogoan dut aurreko urtean Amaiurrera egin genuen bidaia. Jakingo duzun moduan 2012. urtea Nafarroako Erresuma konskistatu zutenaren 500. urteurrena ospatzen zen. Ospatu baino gehiago gogorarazi, askok zioten moduan hemen ez baikenuen ezer ospatzeko. Zorionak, ezkontza bat, haur baten munduratzea, bikote baten ez dakit zenbagarren urtea lehen musua eman zutenetik ... horrelako gauzak bai, horiek ospatzen dira, baina konkista bat? Baldin eta garaipena lortu zuenaren bandokoa ez bazara. Baina utz dezagun hau une batez, akaso beste baterako utziko dugu. Kontua da Ezker Abertzalearen barnean kokatutako gazteen artean "Jalgi hadi garaipenera!" ekimena sortu zela konkista hura gogoratze aldera eta mugimendu horretako hainbat gaztek ekimenarekin bat egin zuten, nola ez. Guk Buruntzaldean ere gure aletxoa ipini nahi izan genion kontuari eta Andoain, Hernani, Lasarte-Oria eta Usurbilgo gazteok Amaiurrera antolatu genuen bidaitxo bat, egun-pasa bat aitzakia horrekin bertan elkartutako gazteok elkar ezagutu gintezen. Eta bertaratu zen klasekide batek egun-pasa hura baino aste batzuk lehenago komentatu zidan nola mugimendu edo ekimen hura sortu aurretik inor ez zela interesatzen Amaiurren pasa zenaz. Bera gazteluaren indusketa-lanetan ibili zen uda batez eta horregatik friki deitu ziotela esan zidan. Beraz historiaren inguruan interesatzen dena friki bat da? Egunero ikasten da zerbait. Eta ekimen horren baitan sortu zen giro hark gazteak pentsaraztera ematea baino honetarako balio izan zuen: euskal nazionalismoa eta independentzia nahia Amaiurren borrokatu zuten 200 soldaduen balentrian funtsatzen dela. Eta zergatik ez da oinarritzen Noainen borrokatu zutenenetan? Edo nafarren aliatu ziren frantsesetan? Eta oraindik buelta handiago bat emanik honi, zergatik gure independentzia ez da funtsatzen Pelayoren Covadongako altxamenduan eta altxamendu horren ondoren etorri zen Errekonkistan, Errekonkista horren parte delarik Gaztelak Nafarroa konkistatu izana?
 
Artikulu hau irakurtzen zoazen heinean akaso gogoratuko zara blog honetan ageri den "Leiendetan itsututa" artikuluan. Bertan nioen moduan, itsutu egin gaituzte. Mugimendu nazionalista bat bere arriskuan ikusten duenean sortzen da, populazio bat eta bere kultura arriskuan daudenean. Mugimendu nazionalista bat defentsa bat da, ez duzu zurea dena galdu nahi eta ondorioz zurearen gaineko kontrol osoa lortzeko formak bilatu eta errebeindikatzen dituzu. Eta gurearekin berdina gertatzen da. Gure kultura arriskuan ikusi dugunean independentzia oihukatzen hasi gara. Eta eskakizun horri funts bat ipintze aldera historian bilatzen ditugu gure oinarriak. Baina ezin dugu esan erromatarren aurka borrokatu zutenak edo herri indoeuroparrak Kantauriko zonalde honetan geldiarazi zituztenak direla gure nazionalismoaren edo independentziaren hasiera. Mesedez, ez gaitezen horrelako engainuetan erori.
 
Baina "Leiendetan itsututa" artikulu txikiaren edo nire pentsamenduaren ataltxo horri berriz heldurik, zergatik funtsatu behar gara iraganean? Iragana ez da existitzen, eta existitzen ez den zerbaitetan funtsatu behar ditugu gure izatearen oinarriak? Orain norbaitek pentsatuko du nondik atera dudan iragana ez dela existitzen dioen ideia hori. Ba erantzungo dizut baldin eta horrela pentsatu baduzu: Matthew Johnson arkeologoaren ideietatik hartu dut (Honen inguruan irakurri nahi baduzu: "Teoría arqueológica. Una introducción."). Nahiz eta absurdoan pentsatzea gustatzen zaidan, izan gaitezen praktikoak momentu batez, ez gaitzatela engainatu gure historiaren labirintoetan murgiltzen garen orotan. Independentzia nahi dugu. Zertan funtsatzen duzu zure nahi hori? Nahi horretan bertan, gutxi iruditzen zaizu?
 
Denbora eta indarra galduko dugu lortu nahi dugun hori lortzean leiendak, mitoak, heroiak, jainkoak eta dena delakoak idazten. Gure artean borrokatzen astia gero ere hor egongo da, baina faborez, goizean esnatzean aurpegia garbitzen den moduan, joan gaitezen komunera eta freskatu dezagun gure aurpegia eta ea ideiak argitzen zaizkigun.
 
Eta orain berriz ere youtube-ko bideoak ikusten jarraituko dut, akaso beste zerbait idazteko ideia otzen zait. Aurretik zigarro bat hala ere, mmmm, paketea hutsa dago? Beraz erosi egin beharko dugu etxe honetan beste inork ez baitu erretzen eta.

miércoles, 2 de enero de 2013

KALEIDOSKOPIOTIK BEGIRA AMETSAK OPARITZEN DITUT POESIA EMANALDIA

Bihar arratsaldeko 19.00etan "Kaleidoskopiotik begira ametsak oparitzen ditut" poesia errezitaldiaz gozatzeko aukera izango da Zarautzko Putzuzulo Gaztetxean. Arrats atsegin, ezberdin, surrealista bat igaro nahi baduzu gonbidatua eta ateak zabalik izango dituzu. Psychedelic tea room-eko ateak zabalik, lehioen beste aldeak deskubritzeke.Eta ametsen fabrika baldin bada Putzuzulo, ametsak oparitzeko jendea behar dugu. Zure esperoan egongo gara.
Tokia: Zarautzko Putzuzulo Gaztetxea
Eguna: 2013ko urtarrilak 3
Ordua: Arratsaldeko 19.00etan