Noaua! Usurbilgo herri aldizkariko 533. alean argitaratutako iritzi artikulua Herorrek esan atalean. Independentzia, nazioa, burujabetza, subiranotasuna hizpide, probokaziotik idatzita, behar baitugu halakorik, probokazio apur bat gure barnean ere, bestela nora goaz?
Bota errua Giuseppe
Trebbiri edo bestela Giuseppe Battelliri edo Gian Enrico Rusconiri.
Bota errua Garibaldiri, Cavourri edo Bismarcki. Ez da mea culparik
independentziari edo nazioari buruz idazten badut gaurkoan. Erru
guztia besteek dute. Bota errua Kataluniari, Eskoziari edo
Kortsikari. Ez da erruduna ez naizelako, baina badakizue, kulpa beti
beste batena da.
Enbaxadore bat bezala
sentitzen naiz munduaren amaiera honetan, trenbideek trenei stop
dieten eremu honetan. Egon denak hemen badaki zergatik diodan.
Herrian gertatzen den guztiaren berri dut (beno gehienarena), baina
bertan ez egonik kanpoko ikusle batek bezala ikusten dut dena. Postu
pribilegiatua San Giusto gazteluak eskaintzen duena.
Baina mintzo gaitezen
benetan axola duenaz: Zergatik gara hain burugogorrak? Zergatik gara
hain artaburuak? Hain anormalak? Hain, hain, hain … Galdera erdi
erretoriko hauen intentzioa iraintzea da, ez dago inolako sarkasmo
edo ironiarik … beno agian apur bat, goilarakada bat, ez gehiago.
Inongo izenik aipatu gabe, politika instituzionalean sinesten dugu
oraindik, gainontzeko herrialdeetako gobernuek aurrerapausoak
daramatzaten bitartean gurean haur jolasetan gabiltza: berak ez dit
pilotarekin jolasten uzten, ba nik ere ez diot utziko nirearekin
jolasten eta pilota galtzen badu, izorrai! Honetarako daude
Legebiltzarrean? Pilotarekin jolasteko? Martxa honetan nituen ilusio
guztiak galduko ditut.
Eta oraindik ligthegia
iruditzen zait idatzi hau. Zarata behar du, buila, garrasiak. Haserre
gehiago, eromen gehiago!
Independentzia
nahi dugula, askatasuna nahi dugula … Eta zer egiten ari gara?
Sozialismoa! Sozialismoa! diote batzuek … Eta ideia putarik ez zer
den! Das kapital irakurri
eta ulertu balute bezala mintzo dira intelektual paperan. Eta
historiarekin justifikatzeko gure existentzia gai dira erromatarren
aurkako batailak Euskal Herriaren askatasun eta subiranotasunaren
ikur bezala hartzeko. Azken finean bla bla bla Independentzia eta
Sozialismoa! Gora Euskal Herria askatuta! Akaso horregatik
telebistako debateetan ez dute historialaririk eramaten inoren
justifikazio historiko-politikoa ez dezaten hankaz gora jarri.
Falazien
eta gezurren inperialismo kognitiboa. Eta gainera gure ignorantziatik
gai gara egia gezurra dela esateko gure ikuspuntutik oker baitago
egia hori. Eta gainera nazia edo faxista deituko diogu egiari gure
argudio indartsuena bailitzan.
Gobernuaren
inmobilismoa independentziaren alorrean eta Herriaren ignorantzia
erradikala. Errobiren kantu baten izenburua galdera: Nora goaz?
Eta
inkontzienteki Hegel dugu maitale. Batetik Estatua eta bestetik
Gizartea. Estatuak dituen helburuen atzetik jarraitzen du, nahiz eta
Gizartearen kalterako izan. Eta egun ekonomiak agintzen duenez,
lehentasuna Estatuaren osasuna (ekonomikoa) da eta ondorioztatzen
dute honen suspertzearekin Gizartearen osasuna hobetuko dela, inoiz
alderantzizkoan pentsatu gabe.
Gobernuaren
postureoa ez denez aldatuko (oraingoz) gure soluzio bakarra Herria
mugitzea da albo batera utzita alderdi jokoak, ignorantzia etab. eta
kausa batengatik, hau da, independentziagatik eta alde mugitzea eta
borrokatzea. Zarata atera behar dugu kalean munduak entzun diezagun.
Justifikazio historikoak aparte utz ditzagun, kontzentra gaitezen
justifikazio garaikideetan. Independentzia ez da Sabino Aranatik
datorkigun kapritxo bat, gurea denaren defentsa baizik. Ultimatum
batek egon behar du: gurea dena babesteko prest zaudete (utzi
pentsatzen … EZ!) edo bagoaz hemendik! Konturatu behar baikara
kultura dela euskaldun egiten gaituena eta gure kultura gainbeheran
doala kanpoko eta BARNEKO hainbat motibo tarteko. Kulturarik ez
badugu agur independiente izateko aukera orori.
Beraz:
kontzentzia gaitezen, utzi txorakeriak albo batera eta Marxi ideia
lapurtuz: Munduko euskaldunak batu gaitezen!