Mostrando entradas con la etiqueta elurra. Mostrar todas las entradas
Mostrando entradas con la etiqueta elurra. Mostrar todas las entradas

domingo, 21 de abril de 2013

AMODIO ISTORIO BAT

Amodioari idatzi nion behin, ekutitz bat.
Idatzi nion eskutitz bat zirriborroz betea.
Eta beste zirriborro batekin erantzun zidan,
erantzun gisa zirriborro mugagabea.
 
Eta erantzunaren erantzun bi hitz
koma batez bereizirik bi hitzak, bereizita.
Maite, zaitut. Zaitut, maite.
Aparte egotera kondenatuta daudela iritzita.
 
Bidean maite galdu zen eta amodioak
zaitut bakarrik irakurri zuen, harriduraz.
Nik zu zer? Zer? Zer? Zer ote zer hori?
Eta galdezka oheratu zen loguraz.
 
Biharamunaren biharamunean biharamun
gorroto ala maite zaitudan galdezka.
Biharamunaren biharamunean biharamun
hurbil ala urrun zaitudanaren kezka.
 
Maiatza zen, baina ez udaberri.
Neguak tinko zeraman kaleetan. Elurra
zoko txikienetan oraino eta eguzkia beldurti
urtzearren iraganaren azken apurra.
 
Boulevardean elkartu ginen elkartu gabe
euripean korrika aterpe bila edonon.
Ordulariak hamaikak markatzen zituenean,
guardasolik gabe ezin zenean egon.
 
Haitzetan zure buruaz beste egin zenuela
jakin nuen jakin aurreko instant batean
eta zure eskutitzak haitz horietan bota nituen
abenduko hogeita hamabigarren egunean.
 
Amodioa zu zinela jakin izan banu lehenagotik,
agian, ez nuen jokoetan ibili beharko zurekin.
Baina Jerusalemgo harresiak gogoko nituen
eta urrun izatea zer zen nahi nuen jakin.
 
Eta oraindik haitzetatik eskutitzak iristen zaizkit
helbiderik gabeko postontzi honetara.
Baina hitzak bidean galduta daude eta badakizu,
eskutitza osatzeko itzuli beharko nukeela haitzetara.
 


viernes, 19 de abril de 2013

BASAMORTUKO ELURRETAN URTZEKO OHITURA

Zure bizkarrean esmeraldazko marrazkiak egiteko ohitura nuen,
zure oinetan lapurraren eta poliziaren jokoak egiteko ohitura nuen,
zure sabelean tximeletak harrapatzeko ohitura nuen,
zure masailetan txoriak pausatzeko ohitura nuen,
zure ezpainetan ardozko gutunak idazteko ohitura nuen,
zure begietan itsasozko ispiluak apurtzeko ohitura nuen,
zure belarrietan Minotauroren ehizan ibiltzeko ohitura nuen,
zure ahoan alkimistarena egiteko ohitura nuen,
zure eskuetan veneziarrak bezala mozorratzeko ohitura nuen,
zure gorputzean basamortuko elurretan urtzeko ohitura nuen.

Ohitura nuen
eta orain memoriaren labirintoetan bakarrik ikusten ditut ohitura horiek,
memoriaren labirintoetan bakarrik,
memoriaren labirintoetan bakarrik.

domingo, 9 de diciembre de 2012

OLERKIA 9

Orri zuria ez da hain zuti orain.
Eta loreak elurrak kiskali ditu.
Eta leihoak itxita izanik ere elurra barrura sartu da
orri zuriak galdutako bataila mendekatzera.