jueves, 29 de marzo de 2012

1937



Malkoak zapi xuri batez sikatu nahian edo
gizonaren egunerokoa mahai txokoan utzi du,
gurutzearen alboan.
Itsasoa harrotu samar dabil azken egunetan
olatuen tirabiran batelak ipurdi bistan geratuz.
Haize zakarra begi alboan.
Egunak luze eta gauak luzeago egunak ere ia gau bihurtuz.
Kanoi zaratak horizontetik harantzago. Hurbiltzen.
Suak dena harrapatzen du
eta dena jaten du, bizi arima txikiena ere bere biktima bihutzen du.
Enbata leihoan kolpeka sartu nahian balitz bezala.
Atea bota du eta herio sukaldeko suarengana hurbiltzen da.
Akabatzera.
Eta sukaldeko hotza etxean hedatzen hasi da
izozten
bizi oro.
Udaberriko loreek ez lukete udaberrikoak bakarrik izan behar.

miércoles, 28 de marzo de 2012

0:00



Badira segundoak

urteengandik aldatzen diren merkatu zaharrak,

armiarma sareen paradisuak.

Badira likore botila erdi hustuak

poeta mozkorren euripeko paseo bakartiak

oroitarazten dizkizutenak.

Izenak abandonatu dien naufragoen gutunak.



Badakizu ate atzeko panpinek ezin dutela negar egin,

baina goizero

malko pozoitsuetan itota aurkitzen dituzu,

maitasun gerretako desertoreak

whisky kopa batean gatibu geratzen diren moduan.



"Sous le pavés, la plage".

Gezurra da!

Gezurra da diozun guztia!

Ez zara jabetzen, baina gezurra da.

Julieta beste batekin joan da

eta Romeo putetxez putetxe dabil psikiatrikora bidean.



Berdin dio.

Berdin dio nola izena duzun.

Berdin dio zure adatsetan eskuak ezin baditut pausatu,

zure berba eztiarekin isili,

larrua larruarekin josi.



Beharbada arrazoi zenuen esan zenidanean

ez nintzela hemengoa.

Horregatik banoa. Auskalo nora.

Taberna batera seguruenik zigarro kea oxigeno molekulekin

larrutan ikustera.

Pentsatzera noa.

Pentsatzera zergatik den delitu bihotz bat okupatzea,

maitatzea,

gozatzea,

borrokatzea.

Orbel sikatuak estaltzen dituen maindire zuriak agur esatean

itzuliko naiz.

Itzuliko naiz.

Euria ari du eta aterkia ahaztu zait.



Udaberri da,

baina zure begipeko izotza ez da urtu.

Larregi da hotz egun hauetan.

Larreago zure belardietan.

ARABIAN EYES


Haizeari bi begi oparituko banizkioke

zure zapi azpian gordetzen duzun ile adatsak nola mugitzen diren ikusiko luke

Euriari aho bat oparituko banioke

zure azal beltzarana ukitzean zer sentitzen duen esango lidake.

Ilargiari entzumena oparituko banioke

gau izartsuetan, isilik, nola negar egiten duzun entzungo luke.

Bagdad ez da hain izartsua

bolbora usainez jantzi zenetik atmosfera.

Tripoli, Damasco, Jerusalem, El Cairo.

Begiak begiratzeko omen dira, baina ixtea komeni da batzuetan.

Hori diote bederen egunkariko artikulu batean.

EROMENEAN DANTZAN



Azken afaria marisko eta cava artean joan zen
burua estutzen zuen antifaza kentzeko asmoarekin.
Melodia hutsak airean galtzen ziren
edertasun horrek itsututa,
baina zuri berdin zitzaizun hori baldin eta
kasinoko mahaian zeuden fitxa guztiak zure bandoan bazeuden.
Sonbreroa kendu zenidan,
tabakoa kontsumitzen zen
neoizko argi gorrien elektrizitate kutxek
euli nazkagarrien soinu bera egiten zutelarik.
Soinekoa FBIaren baimenarekin altxa nizun.
Baina legea hausteko esan zenidan
San Petersburgotik harantzago bukatu nahi ez banuen.
- Hotza egiten du han.


Eta sumendiaren babesean
zainak lehertzeari ekin genion
garrasiek garrasien antzik ez zutelarik.
Trena galdu genuen ordubietako geltokian
eta itsasontziak lapurtu genituen
heroina kontrabandoan ekartzeko.
Eta eromenean galtzeko!
Medikuen errezetak biluztea bezalakorik ez dago,
heriotzari noizbehinka deitzea.
Deabruarekin zortzi kopa hartzera joatea
eta taberna isolatuetako komunetan
birjinitatea dekapitatzea.

 - Mandragora, bi txupito!

Rock n rolla blues psikosi batean bihurtzen da.
Galtzak eranztea bezalakorik ez dago
olatuen gainean dantzatzen duzunean,
masturbatzera noa!
Nik xake, zuk mate!
Bota dezagun Eiffel dorrea lurrera
eta Sena ibaiaren azpian gorde
erdoildu dadin bere amoranteen bihotzetan.
Amen.
Hirugarren Mundu Gerra: Zerua eroriko da
eta gu bitartean azken tragoa hartzen egongo gara
delituaren autopistetan naufragatzeko.
Fusilek ez dute eromena inoiz geldituko!
Whisky eskoziar bat, zigarro bat.
Jainkoetan sinesteko
ahalegin bat egiteko fedea behar baita.
Ohean begiak ixten ditugunean
beste kontu bat
izango da.

LURREAN ZAUDE



Hodeiek zeruaren begiak tapatu dituzte eta

euriak ile guztia busti dizu

aurrez odolak zikindurikoa garbitzen dizularik.

Biharamunean leku berdinean jarraitzen duzu.

“Beharbada nekatuta zaude.”

Baina zure erantzunak mutu dirudi

isiltasuna isildu ezean.

Eta oraindik euria ari du,

zu lurrean zaude

gudazelaian erori den gudariaren pare.

Segundoak malkotan busti dira,

minutuak uholde dira.

Eta ni zuri begira

noiz jeikiko zaren esperoan paseatzera irteteko.


PIRATEN ERREGEA HARRAPATU DUTE!



Piraten erregea harrapatu dute!

Eta herriko plazan akabatuko dute

herri xehearen begien aurrean estatuko agintariek.

Mundu honetan nork agintzen duen gogorarazi nahi dute

eta herri baten babesa lortu

hain etsai bihotzgabea garaiturik.

Piraten erregea harrapatu dute!

Eta mundua bakean dagoela diote pulpitotik

herri ezberdinetako apaizek

Jainkoaren erreinua anuntziatuz.

Kanpai soinuak kanpaidorretatik hedatzen dira zeruan barna

gizon bati burua moztu ostean.

martes, 27 de marzo de 2012

HISTORIAKO APUNTEAK


 
Zer ote da Historia? Igande arratsaldez autobusa hartu Siberia aldera joateko hurrengo egunez asteari ahal den gogotsuen ekiteko. Arratsaldeko zortziak aldera ilun dago eguna urteko sasoi honetan eta libururen bat irakurtzen edo apunteak aztertzen edo besterik gabe musika baxu-baxu ipini belarri alboetan eta leihotik begira joan lo hartzen den arte. Eta horrelako une bakartietan pentsatzen jartzen zara ea zergatik sartu ote zinen lau urteko karrera horretan, zergatik Historia eta ez beste edozer gauza bizitzaren bide zidor guztiak gainditzea errazago egiten dutenak. Mikel Urdangarinen kantu malenkoliatsu batetik Freddy Mercury-ren ahotsera jauzi du erreproduzioak. Militantziagatik gauza gutxi egiten dira gaur egun.
Lehen urtean galdera horren erantzuna topatu nahian ibiltzen zara eta aje egunak besterik ez dira tokatzen begien parean bata bestearen atzetik. Ostegunak. Onak, oso onak direla diote adituek Gasteiz aldean. Kutxi eta Gaztetxia, katu baltzak toki guztietatik miauka. Eta goizetan, ahal den heinean lanak aurreratzeari ekiten diozu Bibliotekan, bidean lanera doazen trajedun gizonak gurutzatzen direlarik Daton barrena. Jubilatuak petankan. Eta liburuak irakurtzen dituzun bitartean aurreko ostegunean mosuak konpartitu zenituen neskarekin topo egiten duzu eta irri batekin agurtzen dizu “zortzietan Hala Bedin” izkiriatzen dutelarik bere ezpainek. Baina Historiari buruzko erantzunik ez duzu topatzen sazerdote drogazale eta ex-voto artean, ez eta Goi Erdi Aroko Inperio Frankoan ere. Irakasleak emandako bibliografia gomendagarrirako ere ez duzu paradarik topatzen Historiaurrekoak beste horrenbeste eta gehiago irakurtzea eskatzen baitizu. Baina hori sistemaren arazoak dira, komunikazioaren eta inkomunikazioaren arteko erlazioak.
Eta bigarren urterako lagun berriak ere ohiko bihurtzen zaizkizu. Eta askotan irakaslearekin baino gehiago ikasten duzu beraiekin bazkari eder baten konpainian garagardo eta zigarro artean. Orduan konturatzen zara garaituak beti idazten dakiela, baina orri beltzak ez dituela haizeak urratzen. Eta saiatzen zara irakaslea irteera bako kaleetara eramaten eta zure ezagutza berea baino handiagoa dela erakusten, baina alderdi ilunenean gordeta dituen kartan mahai gainean pausatzen dituenean emeki begirada koaderno gainean ezartzen duzularik esandakoa onartu ostean berau orri zuriaren gainean idazteko. Auto istripu bat dagoela dirudi Aretxabaleta parean, stand by me. Konturatzerako Araban gaude.
Horrelako uneetatik ikasten zure artxibo propioa handitzen doa eta jada konturatzen hasten zara hasieratik planteatutako galdera oker plantatuta dagoela. Ez da zergatik sartu zaren Historia ikastera gainontzeko guztiek erotzat hartzen zaituzten bitartean sufritu zutelako bere garaian azterketa gainditzeko. Kontua da zer eskain diezaiokezun albokoari Historiaren bitartez. Medikuek pertsonak sendatzen dituzte edo mina arindu lehenengoa ezin bada burutu. Historialariak gizartearen iragana aztertzen du soziologoenak ez dezan berriz ere harri berberarekin tupust egin. Baina Kulturan inbertitzea zaldi elbarriaren alde apostu egitea bezalakoa dela pentsatzen dutenez eta krisiaren eta terrorismoaren aitzakiak ipintzen dituztenez garai hauetan, ba historia plazer duenaren militantziaren arabera zabaltzen da gizarte osora. Akaso iragana (berez existitzen ez dena) ezkutatu nahi dutelako edo bestela gustatu egin zaigulako harri berarekin tupust egitea.
Iritsi gara helmugara, Calle Melancolia live, zerbait afaldu eta laster ohera bihar egun gogorra, eta seguruenik oso hotza izango baita.

TORTURAREN AURKAKO OLERKIA ( II )

Bakearen usoak fusil bat darama mokoan jarria bada ez bada.
Egia esateak berdin dio tribunalen aurrean, hondarrezko gaztelu bat daekaitzari so.

Zelai berdeen gaineko itsaso gorriak jada desagertu dira,

baina itsaso gorriak ez dira desagertu.

Ezta arantzen puntak bihotzetan.

Zelda ilunetan harrapaturik eskuak blai.

Mina. Mina. Mina. Mina.

Galtzeko dena eta galtzeko ezer.

Begiak lauso, zerbaiti begira, baina zeri?

Existitzen ez denari begira beharbada.

Errespetua hitz politegia da egia izateko.

Askatasuna?

Leienda eta mitoetan agertzen den izaki misteriotsua, haur ipuin eder baItxaropena azkena galtzen omen da, baina hori ere gal daiteke.

Galtzadak errepide bilakatu dituzten garai hauetan dena azkarregi doakonturatzerako hauts bilakatuak gara.

Denbora gure jabe egin da gu denboraren jabe egin aurretik.

Kilometro urrunetan gure seme-alabak torturatzen dituzte

negar malko eta odol zaurietan itoak.

Eta okerrena hasiera bat besterik ez dela gurutze bidean.

Eta bitartean gu hemen besaulkietan eserita, inoiz ezin hobekiago esan.
Zoaz kalera! Alde hemendik! Hemen ez duzu ezer egitekorik!

Eta zoaz kalera zure ogia eta irria defenditzera!

Eta zoaz kalera jakin dezaten gu hemen gaudela!

IMAGINE - IMAJINATU


Eskuak buru gainean jarri ustekabearen ausentzia aprobetxatuz

eta ikusiko duzu ez direla hain zailak imajinatzen

errealitatearen existentzia agortzen diren eremuak,

utopiatik gertu,

hiztegietatik urrun.

Hautsontzietan publizitate sintetikoa kontsumituta dago,

zigarro bat bezala.

Eta mendiak ederregiak dira kaleidoskopio batetik begiratuta

eta itsasoa askoz zabalago eta askeagoa da

turistek familiakoen etxeetara bidaltzen dituzten postaletan ageri dena baino.

Zerua oskarbi ageri da begien aurrean, gauetan ametsak oparituko balitu bezal

eta pertsonak ez dira autopisten bidez lotzen.

Garagardo bat pausatuagoa da

eta hitzen balioa ez dute ideologista fanatikoek ezartzen.

Imajinatu horrelako paradisu bat errealitate bilakatzen.

Imagine all the people living life in peace.

BIHARRAREN ESPEROAN



Eta biharra iritsi bitartean

geltoki honetan itxaron nion gaueko trenari,

bizkarrean neraman motxila ireki

eta bertan zegoen koadernoa zabaldurik

idaztari ekin nion.

Gaur arte.

Oraindik ez da ez trenik ez biharrik iritsi.

lunes, 26 de marzo de 2012

LAU HORMA BESTERIK EZ


Zinemako argiak itzali dira filmeak atzerakako kontua daramanean.
Musikak lehen eszena bete du,
bitartean azken ikusleak ilunpetan esertzen dira.
Dantzari bat agertu da akordeonista baten ondoan
Montmartre ginean dantzan.
Taberna baten terrazan muxuzapien gainean idazten dabil norbait
izarren argia espaloi gaineko farola batek ordezkatzen duelarik.
Eta eskultorea bere tailerrean bakarrik lanean
zuhaitz enbor ati margolariaren arima ematen.
Dean hartu eta ipuin batean bilaka dezakegu,
ozeano zabaleko altxorrak pirata baten hilkutxan sartu
etorkizunean
mito baten lerroen artea norbaitek aurkitu ditzan.
Eta hori zara zu. Ipuin bat, maitasun olerki bat,
beste espazio bat:
poetak dantzariarekin tango bat dantzatzen duen bitartean
pintoreak margotzen duen koadroa,
zuzendariak gidatzen duen orkestra
zinemagileak pelikula baterako filmatzen dituen bitartean.
Edota eszeptikoenarentzat
lau horma besterik ez,
baina unibertso oso bat lau hormen artean.
Kaleak zain dituzuna zuk nahi dituzunerako.

TORTURAREN AURKAKO OLERKIA ( I )


Bat. Bi. Hiru. Lau. Bost. Sei. Zazpi. Zortzi. Bederatzi. Hamar. Hamaika egun.

Zenbat denbora igaro duzu iluntasunaren atzaparrek inguraturik?

Bakarrik!

Bilutsik!

Kate eta burdinez lotuta!

Biharamunari iraganari baino beldur gehiago diozu.

Gaizkilearen papera eman dizu historiaren idazleak

eta gaiztakerien ondorio dela zure zigorra.

Ongiaren garaipena!

Idazleak, ordea, ez du bere anonimotasuna baztertzen

eta zalantza sortzen zait ea zein den gaiztoago.

Bizkarrean magortua duzun

Picassoren txoriaren tatuajea aizto batez ezabatu dizute.

Makilkadez!

Bortxaz!

Kuraia bera odolez zikintzen da.

Martir bilakatu zaituzte

eta ongiaren heroiek beren justifikazioak topatzen dituzte

bideo-argi eta flash aurreko mikrofonoetan.

Garaipen notak pentagrametatik erortzen dira

euria ekaitz egunetan bezala eta uholde baten olatuek dena aurretik daroate ezgauzaren pareko.

Hormetako graffitiak ez dira Estrasburgora iristen

eta Berlingo Harresi berri bat altxa digute gure bihotzetan

Kanpoko begiek ikusten ez dutena. Edo ikusi nahi ez dutena.

Bitartean zuk hor jarraitzen duzu Sisifo lez egindako guztia hutsean bilakatzen.

Egunsenti berriarekin amets egiten duzu, baina gaua ez da errenditzen.

Gatibu.

Babes barik.

Eta malko bat erortzen zaizun bitartean masail ubeletik behera

zenbagarrena den pentsatzen duzu azkenaren atzetik doan hau.

Irri egiten ahaztu zaizula dirudi. Dirudi beldur diozula irri egiteari.

Zeruari begira egotea denbora galtze hutsa da, baina amets eginarazten duen gauza bakarra.

Eta krudelkeri zikoitz horretatik ihes egiteko bide bakarra.

Ezpainak inkomunikazio egoeran daude

ez bada herio garrasien oihukatzeko.

UNE AQUARELLE D'UNE FEMME NUE


Bada denbora ez dudala ezer margotu,

baina Paris Paris da eta zu horrela jartzen bazara ...

Etzan zaitez besaulki horretan, ilargiaren alboan.

Edertasuna edertasunaren aurka

pintzel baten hautuaren zain.

Ederra marroia tokatu zaidana.

Zure alde egin beharko, ederra jartzen zara eta horrela ez bada.

Poliki-poliki.

Emeki-emeki.

Soineko gorria erantzi. Bilutsik une batez.

Eta munduak norabide barik biratzen du akordeoi baten olatuetan.

Izerdia zure bularretatik behera erortzen da

azala laztanduz, azala muxukatuz, azala ... bustiz.

Nerbioen ondorio bat. Besterik ez.

Pintzela paperaren gainean mugitzen da. Hara, hona. Berriz hara, berriz hona.

Amaiera hasiera dagoen tokian dagoelarik.

Zure gorputzaren lerroei jarraikiz ustegabearen horizonteetara iristear

gela argitzen duten argizari suak itzali dira,

musikak beste arpegio batzuk diseinatu ditu.

Atmosfera huts bat pintzelaren eta gorputzaren artean.

Eta tximeletak sabel barnean. Haizearen gainean hegan egiteko prest.

Bero egiten du negua izateko, baina horrek bost axola.

Pintura uretan urtu dadila

ni zure adats artean urtzen naizen moduan.

1892KO EGUN ANONIMO BATEZ

Ate dantzariak tabernatik irtetean.

Izardun gizon bigotedun bat sheriff,

doble rebolber eta sonbrero zulatua bandoleroa.

Johnny McKinnley versus Willy Traveler.

Baina basamortua lehorregia da

eta Sezesio Gerrak min gehiegi egin du

gudazelaietatik kanpo.

Heriotza bala batek erabakitzea ere.

Goraintziak aitari semeari eta izpiritu santuari.

Gatilo soinua.

Whisky XXX. Tragoz barrura.

Arma boteretsuak tartean egonik diplomaziak gutxi balio du.

Bat lurrera erori da.

Justizia edo errebeldia aukeratzea zure esku dago.

domingo, 25 de marzo de 2012

HOUSE: PERFORMANCE OF VICODIN



Bi pastilla.
Eta imajinatu dezagun mundu ezberdin bat.
Ohera noa.
Begiak irekiak mantendu nola aldatzen den ikusteko.
Aldatzen baldin bada.
Ikusiko duzu nola dena hobera doan.
Hor goitik dena oso polit ikusten da.
Irudimena askatu behar duzu
eta
hegal egiten utzi gure arimen gainetik.
Bai eta garun psikosi batean murgiltzen zarenean kirofanoko ateak irekiko dizkizut.
Fantasiak du botere guztia
Whisky kopa bat eta barra amerikar bat.
Izotza dantzaren beroak urtu dezan.
Eta horrela gure bekatuetatik barkatuko gaitu
Jainko ahalguztidunak.
Bake mundiala izango da sistema bakarra.
Tumore bat. Edo lupus?
Jainkoa ez da existitzen.
Denbora gelditu egingo dugu
eta berriro gure etxeak eraikiko ditugu.
Eta Freddy Mercury berpiztuko dugu
Bohemian Rhapsody abesteko bakarrik.
Fantasiaren fruituetatik zuhaitzak haziko dira
udaberrian loratzeko.
Zuk ez duzu inongo gaixotasunik,
benga zoaz etxera
eta pornografia apur bat jarri
fantasiak errealagoak izan daitezen.

sábado, 24 de marzo de 2012

KALEIDOSKOPIOTIK BEGIRA AMETSAK OPARITZEN DITUT

"Kaleidoskopitik begira ametsak oparitzen ditut" poesia errezitaldia martxoaren 30ean Añorgako Gaztetxean gaueko 22:30etan. Ea han topatzen garen.

martes, 20 de marzo de 2012

KALEIDOSKOPIOTIK BEGIRA AMETSAK OPARITZEN DITUT

"Kaleidoskopiotik begira ametsak oparitzen ditut" poesia errezitaldia martxoaren 22an Gasteizko Hala Bedi tabernan arratsaldeko 20:00etan. Animatu!