jueves, 9 de febrero de 2012

HIRUGARREN MUNDU GERRA DEITU DUTE




Hirugarren Mundu Gerra deitu dute.
Soldaduak adorez bagoietan
sartu dira,
bihar fusila dantzan jartzeko.
Hegoa iparraren aurka.
Iparrorratza guduzelai.
Estazioan emakumeak musuzapia astintzen
agur esango balu bezala,
bihotzak: "etxean bueltan nahi zaitut!"
Kuraia heriotzaren ahoan dagoenean, ordea,hitzek beren balio osoa galtzen dute
eta
minaren iturriak pozoinez janzten dira
bihotzetan.
Hirugarren Mundu gerra deitu dute,
geranioak sikatu dira
eta eguzkiak ez ditu berriz iratzarriko.

KALEIDOSKOPIOTIK BEGIRA AMETSAK OPARITZEN DITUT


"Kaleidoskopiotik begira ametsak oparitzen ditut" poesia errezitaldia.
Zumaiako Gaztetxean otsailaren 17an, gaueko 22:00etan.

martes, 7 de febrero de 2012

AMETSAK OPARITZEN DITUT


Zatozte denak, zatozte ene denda ibiltarira!
Baditut zurezko bitxi distiratsuak,
gau izartsuetako margolan egunsentiarrak.
Teilatu gaineko katuen miau kapritxosoak inork ireki nahi ez dituen kutxetan.
Baditut nahi izanez gero
taberna abandonatuetako likore botila erdi hustuetan
sartutako maitasun eskutitz anonimoak.
Urtu diren elurrak.
Sikatu diren amoranteen loreak.
Bagdad antigoalean zeuden lapurren babesleku isilak.
Inork gogoratzen ez dituen heroien abenturak,
herriko festetako gazte inuzenteen lehen muxuak.
Hor nonbait daude inork erabili gabeko alpargata urratuak,
Orioko balearen testamentua bere errautsak itsasora
botatzeko eskatzen duena.
Binilozko sinfonia rockeroak eta olatu gaineko bals iesustarrak.
Geratzen zaizkit oraindik
itsuek ikusitako paradisuak,
biziarteko zigorra duten presoen ihesbideak.
Pitzaturik abandonatu dituzten musika notak gatibaturik marfilezko barrote
artean.
Zatoz lagun, hurbil zaitez hona
ametsak oparitzen ditut eta.

lunes, 6 de febrero de 2012

KALEIDOSKOPIOTIK BEGIRA


Dena galdutzat jotzen genuenean
genuen DENA galdu genuen.
Zutik ez zen ezertxo ere geratu, denak lurra besarkatu zuen.
Tango bat dantzatzeko eskatu nizun eguzkia itsasoaren
magalean lokartzen ari zelarik lotsati.
Bihar esan zenidan.
Iragana oraina bihurtu den minutu hauetan besoetatik
hartu zaitut,
baina ez tango baten erritmoan.
Burtsak hondoa jo du salbazioari oihu egiteaz nazkaturik
itota. Orain arrainen bankete bihurtu da.
Gizadia gurutziltzaturik abandonatu dugu.
Kontzeptu abstraktu bat besterik ez zen bere balio guztia galduta
eta ondasunak errauts artean kontsumitzen dira
naufragio baten arima olatuek daroten moduan.
Haizeak bortitzago jotzen du zure aurpegian
larrutu nahi bazintu bezala.
Gaizkilea kondenatu behar zuen epaitegiak
gaizkiaren esanahia hiztegietan begiratu gabe
eta gaizkiak berak kondenatu gaitu basamortuko
heriotzera.
Salbatzaileetan ez dugu sinesten.
Horregatik kaleidoskopiotik begiratzen dugu,
zerbait ederra aurkitzeko asmoz,
edo errealitateari uko egiten diogulako
nazkatu baikatu bere lege eta arauekin,
bere etika eta moralarekin,
bere nahi eta ezinarekin.
Gasolina burutik behera bota dugu
eta azken zigarro bat piztu.
Sua.
Sua.
Malkorik ez da begietan.
Sua.
Sua.
Hutsa.

domingo, 5 de febrero de 2012

Psychedelic Tea room. Blog honetan azalduko dira poesia errezitaldien inguruko informazioa, poesia idatziak edota bestelako idatziak. Gustoko izango dituzula espero dut.