Mostrando entradas con la etiqueta zigarroa. Mostrar todas las entradas
Mostrando entradas con la etiqueta zigarroa. Mostrar todas las entradas

martes, 14 de mayo de 2013

MUXUAK OPARITU NIZKIZUN

Muxuak oparitu nizkizun
ardo kopa baten truk.
Geroztik muxuak ardo kopetan kontatzen dira
eta zigarro kontusmituak ...
Pariseko akordeoiak isildu dira,
katuen miauak biharamuneko iratzargailu,
poeta mozkorren bertsoak
errima hankatrabatu.
Larrosa pozinduak lorategian ...
Ispiluetan zure islada mamu bat da,
gaueko kea lanbrotan
eta ardo botila bukatu da
autobusaren urruntzearekin batera.
Adio hiztegian hutsune bat da.

viernes, 15 de febrero de 2013

DESAGERTZEN

Ispiluei begira ispiluak begi eta begira
begiei ispilu balira bezala.
Nerbioen barnean odola eta odolaren barnean
ilegala.
Deitu hau, deitu hura. Deitu poliziari,
anbulantziari, suhiltzaileei bere gorputza itzali dezaten.
Bideak itxi egin dituzte, moztu.
Dimisioa aurkeztu zion mutilak. Atearen beste aldetik.
Begian zigarroa itzali zuen.
Eta loreak ... loreak eta izarrak eta ilargia eta katuak ...
hiztegietatik desagertu ziren,
bere hiztegietatik. Agur. Eta berak ere desagertu nahi izan zuen
ispiluei begira ispiluak begi eta begira
begiei ispilu balira bezala.

martes, 30 de octubre de 2012

CURRICULUM VITAE

Inoiz ez dut ahaztuko eta oharkabean
mundua hauts bihurtu da zigarroa
bere baitan desagertzen den moduan.
Gutun hauskor bat ilunpetan hauskorrago
eta abesti bat hiltzaile.
Lisboa testigu, fado bat delituaren teloi. Burdinazkoa.
Brasov doinua, inozentziaren gillotina.
Praga alkohol erromantikoa, droga mingarrienaren alkimista.
Eta lora sorta baten autopsiaren erdian
kilimak.
Ihesaldiko labirinto zure gorputzaren mapa.
1992. Egutegi bat gogoan ez dudana eta hala ere
nire identifikazio iturri.
Eta musuak ez aipatze arren pistolero bat helmuga bakoitzean.
Hiltzeko.
Eta hurrengo geltokian edabea. Berpizteko.
Alpargatak urraturik daude, baina gehiago urratuko dira
hauts bilakatu arte beste itsasertze batean.

jueves, 6 de septiembre de 2012

PUNTO ETA APARTE

Goizero nire ohearen ertzean zure banderak landatzen dituzu

taxia hartu baino hogei erregu lehenago

kafeteraren usain exotikoak lagunduta.

Kristalaren beste aldean galtzen zara,

kalearen horizontea markatzen duen kurban.

Akordeoi animoso bat entzuten da

geranioen azpian Mickey Mousen kareta bat jantzita.

Zortziak eta hogei,

kafesnea azukre eta nikotinarekin.

Eta aterki beltz bat eguzkiarengandik ezkutatzeko.

Kontrabandoko hiru muxu eta bihar arte egunkariari.

Sanson eta Dalilaren jolasak lorategiko larrosari.

Idazteko eskatzea gehiegi iruditu zitzaizun

eta kabina batean ateratako hiru argazki zuri-beltzekorekin

konformatzea besterik ez zait geratzen.

Trenak galtzeko gogorik gabe nago ordutik,

hegazkinei begira lotsabako aurpegi itsuak jartzeaz

unibertsotik hurbilago sentitzen direnei.

Kutxa beltz bat bizkarrean amets erradiaktiboz lagunduta.

 
Sabako erregina bazina ...

Baina postontziak hutsik dirau

eta paperean gatibaturiko zure begiek

gezurra diote.

martes, 1 de mayo de 2012

ITSASOTIK GERTU. ZERUTIK GERTUAGO



Ilargi betea. Borobila. Horia.
Zeru ertzak lurrin espazialez bustitzen dira
olatuen joan etorriekin fusionatzen direlarik.
Berotasuna. Nostalgia. Malkoen eztia.
Luzifer bere presondegitik alde eginda dabilela diote
eta zure bizkar atzean dago mihia kanpoan duelarik zure azal zuria
miazkatzen.
Begirada exotikoa.
Garagardoak pitzaturiko ahotsa.
Itsasoan murgil gaitezen eskatzen didazu
zure desioetan gal nadin.
Kamiseta txuria. Haragi kolorea ozeanoen sakonean.
Larrua larruaren aurka. Lotura askeak. Probokatiboak.
Haizea hanken artetik. Kilimak.
Zigarro keak irudiak lausotzen ditu nahastu gaitezen,
galdu gaitezen.
Eta berriz aurkitu. Inoiz baino desio gehiagorekin.
Plazerra izerdiz bustitzean.
Gela isolatuetako txokoetan garrasiak. Orgasmikoak.
Baina orain dantzan egin nahi dut. Zurekin.
Gau bateko musa izatea desio zuenarekin.

jueves, 26 de abril de 2012

PSYCHEDELIC TEA ROOM



Parfum de vanille. Kearen esplorazio bidaia
airezko itsaso zabaletan. Hosto berdezko hormak,
olatuen pare lehertzen diren kandela argiak.
Arpegio desitxuratuak agurearen begietan.
Eta zureetan goraintzi ahantziak. Beldurrez berriz ahantziak izan
daitezkeelako.
Baina gaur aho usteldu baten gogorik gabe nago
eta lobelarrak Morpheoren sehaskan kulunkatzen nauen bitarteaurrun joan nahi dut
bidaideen bila. Oraindik garaiz dela uste dut.
Binilozko sinfoniak ez daitezela berriz isildu!
Orient Express. Parisetik eguzkiaren bila, sorterrira.
Hondarrezko ordulariak geratuko ziren,
baina zure taupadek nireekin batera oihukatzen dute.

miércoles, 28 de marzo de 2012

0:00



Badira segundoak

urteengandik aldatzen diren merkatu zaharrak,

armiarma sareen paradisuak.

Badira likore botila erdi hustuak

poeta mozkorren euripeko paseo bakartiak

oroitarazten dizkizutenak.

Izenak abandonatu dien naufragoen gutunak.



Badakizu ate atzeko panpinek ezin dutela negar egin,

baina goizero

malko pozoitsuetan itota aurkitzen dituzu,

maitasun gerretako desertoreak

whisky kopa batean gatibu geratzen diren moduan.



"Sous le pavés, la plage".

Gezurra da!

Gezurra da diozun guztia!

Ez zara jabetzen, baina gezurra da.

Julieta beste batekin joan da

eta Romeo putetxez putetxe dabil psikiatrikora bidean.



Berdin dio.

Berdin dio nola izena duzun.

Berdin dio zure adatsetan eskuak ezin baditut pausatu,

zure berba eztiarekin isili,

larrua larruarekin josi.



Beharbada arrazoi zenuen esan zenidanean

ez nintzela hemengoa.

Horregatik banoa. Auskalo nora.

Taberna batera seguruenik zigarro kea oxigeno molekulekin

larrutan ikustera.

Pentsatzera noa.

Pentsatzera zergatik den delitu bihotz bat okupatzea,

maitatzea,

gozatzea,

borrokatzea.

Orbel sikatuak estaltzen dituen maindire zuriak agur esatean

itzuliko naiz.

Itzuliko naiz.

Euria ari du eta aterkia ahaztu zait.



Udaberri da,

baina zure begipeko izotza ez da urtu.

Larregi da hotz egun hauetan.

Larreago zure belardietan.

EROMENEAN DANTZAN



Azken afaria marisko eta cava artean joan zen
burua estutzen zuen antifaza kentzeko asmoarekin.
Melodia hutsak airean galtzen ziren
edertasun horrek itsututa,
baina zuri berdin zitzaizun hori baldin eta
kasinoko mahaian zeuden fitxa guztiak zure bandoan bazeuden.
Sonbreroa kendu zenidan,
tabakoa kontsumitzen zen
neoizko argi gorrien elektrizitate kutxek
euli nazkagarrien soinu bera egiten zutelarik.
Soinekoa FBIaren baimenarekin altxa nizun.
Baina legea hausteko esan zenidan
San Petersburgotik harantzago bukatu nahi ez banuen.
- Hotza egiten du han.


Eta sumendiaren babesean
zainak lehertzeari ekin genion
garrasiek garrasien antzik ez zutelarik.
Trena galdu genuen ordubietako geltokian
eta itsasontziak lapurtu genituen
heroina kontrabandoan ekartzeko.
Eta eromenean galtzeko!
Medikuen errezetak biluztea bezalakorik ez dago,
heriotzari noizbehinka deitzea.
Deabruarekin zortzi kopa hartzera joatea
eta taberna isolatuetako komunetan
birjinitatea dekapitatzea.

 - Mandragora, bi txupito!

Rock n rolla blues psikosi batean bihurtzen da.
Galtzak eranztea bezalakorik ez dago
olatuen gainean dantzatzen duzunean,
masturbatzera noa!
Nik xake, zuk mate!
Bota dezagun Eiffel dorrea lurrera
eta Sena ibaiaren azpian gorde
erdoildu dadin bere amoranteen bihotzetan.
Amen.
Hirugarren Mundu Gerra: Zerua eroriko da
eta gu bitartean azken tragoa hartzen egongo gara
delituaren autopistetan naufragatzeko.
Fusilek ez dute eromena inoiz geldituko!
Whisky eskoziar bat, zigarro bat.
Jainkoetan sinesteko
ahalegin bat egiteko fedea behar baita.
Ohean begiak ixten ditugunean
beste kontu bat
izango da.

martes, 27 de marzo de 2012

IMAGINE - IMAJINATU


Eskuak buru gainean jarri ustekabearen ausentzia aprobetxatuz

eta ikusiko duzu ez direla hain zailak imajinatzen

errealitatearen existentzia agortzen diren eremuak,

utopiatik gertu,

hiztegietatik urrun.

Hautsontzietan publizitate sintetikoa kontsumituta dago,

zigarro bat bezala.

Eta mendiak ederregiak dira kaleidoskopio batetik begiratuta

eta itsasoa askoz zabalago eta askeagoa da

turistek familiakoen etxeetara bidaltzen dituzten postaletan ageri dena baino.

Zerua oskarbi ageri da begien aurrean, gauetan ametsak oparituko balitu bezal

eta pertsonak ez dira autopisten bidez lotzen.

Garagardo bat pausatuagoa da

eta hitzen balioa ez dute ideologista fanatikoek ezartzen.

Imajinatu horrelako paradisu bat errealitate bilakatzen.

Imagine all the people living life in peace.

lunes, 6 de febrero de 2012

KALEIDOSKOPIOTIK BEGIRA


Dena galdutzat jotzen genuenean
genuen DENA galdu genuen.
Zutik ez zen ezertxo ere geratu, denak lurra besarkatu zuen.
Tango bat dantzatzeko eskatu nizun eguzkia itsasoaren
magalean lokartzen ari zelarik lotsati.
Bihar esan zenidan.
Iragana oraina bihurtu den minutu hauetan besoetatik
hartu zaitut,
baina ez tango baten erritmoan.
Burtsak hondoa jo du salbazioari oihu egiteaz nazkaturik
itota. Orain arrainen bankete bihurtu da.
Gizadia gurutziltzaturik abandonatu dugu.
Kontzeptu abstraktu bat besterik ez zen bere balio guztia galduta
eta ondasunak errauts artean kontsumitzen dira
naufragio baten arima olatuek daroten moduan.
Haizeak bortitzago jotzen du zure aurpegian
larrutu nahi bazintu bezala.
Gaizkilea kondenatu behar zuen epaitegiak
gaizkiaren esanahia hiztegietan begiratu gabe
eta gaizkiak berak kondenatu gaitu basamortuko
heriotzera.
Salbatzaileetan ez dugu sinesten.
Horregatik kaleidoskopiotik begiratzen dugu,
zerbait ederra aurkitzeko asmoz,
edo errealitateari uko egiten diogulako
nazkatu baikatu bere lege eta arauekin,
bere etika eta moralarekin,
bere nahi eta ezinarekin.
Gasolina burutik behera bota dugu
eta azken zigarro bat piztu.
Sua.
Sua.
Malkorik ez da begietan.
Sua.
Sua.
Hutsa.