viernes, 17 de mayo de 2013

BESTE HEZKUNTZA FORMA BATI

Irratian entzun dut gaur bozkatuko dela Espainiako Parlamentuan Wert Legea deitua izan dena. Eta inongo arazorik ezean baiezkoarekin aterako dela. Hemendik urtebetera indarrean (praktikan) jartzea espero dutela entzun dut, ondorioz jarriko dutela jada lege izango baita eta legea hitzik gorena izanik ... Diote Estatuan dagoen eskola porrotaren tasa jaisteko erreforma bat dela, eskola porrotaren tasak hain zuzen, ez datuetatik haratago dagoen hezkuntza. Azken batean Gobernuei datuak soilik axola zaizkie. Zer nolako gauzak ezta?
Datuak bakarrik axola bazaizkie, kalitateak bost axola. Europan eta Munduan "begira zer nolako datu onak dauzkagun! Gure eskola porrota jaitsi egin da! Orain hezkuntza hoberena dugun estatuetako bat gara! Gora gu!" esateko besterik ez dute balio datuek. Itsututa gaude datuekin, hobeki esanda daude eta daude horrek gaude egiten gaitu. Baina niri datuek bost axola! Atzo ipini nuen artikuluan nioen moduan arazoa berdina da, Estatuaren eta Herriaren osasuna, Hezkuntzaren datuak eta kalitatea. Pentsatzen dute lehenak senda dezakeela bigarrena eta ez dira pentsatzen jarri alderantziz izan daitekeela. Zergatik datuek garrantzi gehiago dute kalitateak baino?
Bestalde nik uste Hezkuntza egungo egoera justifikatzeko erabili nahi dutela. Dagoenarekin jarraitzeko ikasgaiak eman nahi dituzte, Hezkuntza egungo zibilizazioaren aldare moduan erabili nahi dute. Honekin esan nahi dudana da: Elizak botere handiagoa zuen garaian historian suertatu diren gertaera guztiak justifikatzeko sermoiak erabiltzen zituen moduan, askotan Estatuaren babesean honek ematen zizkion pribilegioengatik, gaur egun Hezkuntza erabili nahi dute horretarako. Hezkuntzaren bidez lokartu nahi dituzte ikasleak, haur direnetik gazte diren arte. Eta K. Marxek zioenean "Erlijioa da Herriaren lobelarra" XXI. mendera egokituta "Hezkuntza HORI da Herriaren lobelarra". Egoera matematika euklidetarraren filtrotik pasako dute eta honela 1+1 beti 2 izango da. Eta inork ez du zalantzarik egingo zergatik 1aren balioa 1 den edo zergatik den 1+1 batura 2. Hezkuntza justifikazio forma moduan.
Beraz zerbait egin behar da honen aurka, manifestazioak, aldarriak, protestak ... ez dute bukatu behar, baina horiekin bakarrik ez dugu ez lortuko. Kaleko ahotsak ez dira Espainiako Parlamentu barrura iristen, ez eta gainontzeko Parlamentuetara ere. Hormak lodiegiak izango dira eta insonorizazio lanak egingo zituzten ez entzuteko. Beste zerbait praktikoagoari heldu behar diogu, alternatibaren bat topatu. Okurritzen zaidan alternatibetako bat Hezkuntza libre bat antolatzea litzateke. Hezkuntza libreak edo deitu nahi diogun moduan, gure herrietako haur, gazte zein helduri eskainia izan behar luke, adin guztietakoen arteko interakzio edo elkarlan horrek fruituak eman ditzazkeelako. Badakit egiten direla egun jakinetan, baina zabalagoa izan behar luke.
Herrian, herri bakoitzean, edo auzoetan, gazteak badaude, haurrak badaude, helduak badaude, eta elkarren artean gauza asko ikas ditzazkegu. Egongo dira magisteritza ikasten dutenak, ingeneria, filosofia, filologia, historia, industriako ikasketak, psikologia eta beste hainbat ikasketa. Ez soilik teorikoak direnak, baita praktikoak direnak eta baita ikasketak egin dituztenak edo lanean gauzak ikasi dituztenak. Zenbat gauza ikas ditzazkegu horrela? Gogoan dut gure herrian Gaztetxearen aldeko mugimendua hasi zenean "Herritik herriarentzat" lemapean ibili ginela. Eta aisia bezalako gauzetaz aparte hezkuntza ere izan daiteke herririk herriarentzat. Horri heldu behar diogu, zalantzan jarri 1aren balio ea 1 den, zalantzan jarri komunikabideek zabaltzen duten oro, zalantza egin zibilizazio honen inguruan.
Hala ere, eta gure herrian oso ohikoa da, antolatzen den ekimen orori bere etiketa politikoa ipintzea. Hau ere gainditu behar dugu, hezkuntza laiko bat proposatzen badugu, ados! egin daiteke ideologia bati zuzenduta edo beste batera, baina laikotasun politiko bat ere behar luke. Hasiera batean Hezkuntzaren aldarria gure kultura maila handitzea dela, gure zalantza egiteko abilezia handitzea onerako eta txarrerako.
Beraz herri mugimenduak indarra duten lekuetan horrelako ekimenak martxan jartzea aproposa izan liteke aurre egiteko ezarriko digute hezkuntza molde berriari. Aldi berean instituzioen aurka egin behar da noski, baina alternatibaren bideari heldu behar zaio, protestak soilik ez ditu emaitzak edo soluzioak ematen. Ez dakit nork irakurriko duen, baina horrelako ekimenak bultzatzea oso aproposa delakoan nago eta Herria bera aberas dezakeen forma bat izan liteke. Dagoenari aurka egiteko beste forma bat.

No hay comentarios:

Publicar un comentario