martes, 1 de mayo de 2012

GOGORATU

Gogoratu zerua kolorez apaintzeaz,
gauero deabruari adarrak ipintzeaz.
Amoranteen poemak sutan kiskaltzeaz,
infernuko ateak zabalik ahanzteaz.
Gogoratu tabernak isilik agurtzeaz,
orbel sikatuetan oinutsik dantzatzeaz.
Errepide alboko loreak ureztatzeaz,
kaiola erdoilduak airera botatzeaz.
Gogoratu eskuak laztanez mimatzeaz,
begipeko larrosak malkoez bustitzeaz.
Ipuin politenak erdizka abandonatzeaz,
hegan dauden muxuak kutxa batean gordetzeaz.
Gogoratu gogoratzeaz.

ITSASOTIK GERTU. ZERUTIK GERTUAGO



Ilargi betea. Borobila. Horia.
Zeru ertzak lurrin espazialez bustitzen dira
olatuen joan etorriekin fusionatzen direlarik.
Berotasuna. Nostalgia. Malkoen eztia.
Luzifer bere presondegitik alde eginda dabilela diote
eta zure bizkar atzean dago mihia kanpoan duelarik zure azal zuria
miazkatzen.
Begirada exotikoa.
Garagardoak pitzaturiko ahotsa.
Itsasoan murgil gaitezen eskatzen didazu
zure desioetan gal nadin.
Kamiseta txuria. Haragi kolorea ozeanoen sakonean.
Larrua larruaren aurka. Lotura askeak. Probokatiboak.
Haizea hanken artetik. Kilimak.
Zigarro keak irudiak lausotzen ditu nahastu gaitezen,
galdu gaitezen.
Eta berriz aurkitu. Inoiz baino desio gehiagorekin.
Plazerra izerdiz bustitzean.
Gela isolatuetako txokoetan garrasiak. Orgasmikoak.
Baina orain dantzan egin nahi dut. Zurekin.
Gau bateko musa izatea desio zuenarekin.

HEGO BAKO TXORIAREN BALADA


Iraganeko txori geroari lotu nahirik
hegoak ebakiak ditu eta mokoa itxirik.

Hegoak ebakirik ezin haizeagaz hegan egin.
Kaiola batean sartu zaituzte bihotzean bala batekin.

Eta gauean lokartzean ametsetan zoaz hegaka.
Itsas ertzean pausatzen zara olatuekin biraka.

Baina itsasoa ez dirudien bezain leiala,
bere atzaparrek itotzen zaituzte naufrago baten gisara.

Eta goizez esnatzean berriz kaiola barnean
malko urtsuak ageri dira zure begi bietan.

jueves, 26 de abril de 2012

ERRULETA ERRUSIARRA


Hitzak sikatu dira dagoeneko eta tinta tantak orrian behera doaz
larrosa baten petaloak izango balira bezala.
Gela ilun dago,
ilunegi begirada non dagoen jakiteko.
Indietatik esportatutako lobelarra,
Perutik odolez lapurtutako urrea.
Luxu erotikoa Montparnasseko bagoietan, Senaren ertzean zure irudi
lausotua.
Bals.
Baina hori dena igaro zen,
orain zure egunerokoren batean egongo da idatzia,
etorkizuneko mamuek irakurtzeko edo.
Erruleta errusiarra.
Bolbora garunean lehertzearen zortea.
Eta galera.
Gutunak. Izenik gabekoak. Sutara.
Ez dezaten berriz ere ilusiorik dekapitatu Robespierren gilotinaren dantzan.
Konparazioak txarrak omen dira. Hori diote.
Helduek. Eta ez hain heldu direnek.
Eta kasu egiten diegu. Errepideak amaitzen diren arte.
Orduan balsek ez dute askorik balio.
Montmartre. 2 am. Bolbora garezurretik bi pausura.
Leherketa zarata.

PSYCHEDELIC TEA ROOM



Parfum de vanille. Kearen esplorazio bidaia
airezko itsaso zabaletan. Hosto berdezko hormak,
olatuen pare lehertzen diren kandela argiak.
Arpegio desitxuratuak agurearen begietan.
Eta zureetan goraintzi ahantziak. Beldurrez berriz ahantziak izan
daitezkeelako.
Baina gaur aho usteldu baten gogorik gabe nago
eta lobelarrak Morpheoren sehaskan kulunkatzen nauen bitarteaurrun joan nahi dut
bidaideen bila. Oraindik garaiz dela uste dut.
Binilozko sinfoniak ez daitezela berriz isildu!
Orient Express. Parisetik eguzkiaren bila, sorterrira.
Hondarrezko ordulariak geratuko ziren,
baina zure taupadek nireekin batera oihukatzen dute.

SARRERA II


Teloiak ixterako mundua mila zatitan apurtuko da
asteroideen pare.
Eta antzezleen imajinazioa
interpretagaitzen erbesteraldian joango da maleta batean sartuta.
Dorre guztiak itsasora jauziko dira
eta iratxoen erreinua herensugeen gainean fundatuko dute
uharte bakartietako robinsonoek.
Eta bihar goizeko lauetan Aladin hegan ikusten baduzu
zeru zabalean,
egin tiro! Zure magia lapurtu dizunaren seinale.
Horregatik oraingo fusiletatik conffetiak irteten dira
eta loreek ilargiraino salto egiten dute,
saiakera bakoitzean bere masail borobiletan musu emateko.
Lo hartzen baduzu, lasai. Esnatuko zara. Edo zaituzte.
Eta ez bazara ezertaz enteratu,
azalpenak eskatu albokoari. Eta honek lo hartu badu,
albokoaren albokoari.
Beti egongo da norbait haizezko pentagrametan
zintzilik geratzen dena
edo buruz behera kristalezko euri tantetan.
Poesia ez dago kalean!
Hareazko ordularietan kanuto bat erretzen
akaso, baina gaur kalera ateratzen bada
goraintziak nire partez.
Eta ezer ez baduzu entenditu, lasai
hau hasiera bakarrik baita.

KALEIDOSKOPIOTIK BEGIRA AMETSAK OPARITZEN DITUT



Ostiral honetan, apirilak 28, Añorgako gaztetxean "Kaleidoskopiotik begira ametsak oparitzen ditut" poesia errezitaldia gaueko 22:30etan. ea han ikusten garen.