jueves, 6 de septiembre de 2012

DEMOSKOPIOA

Jainkorik ba ote da oinak lurrean dituena?

BBC Channelen diote bost hildako egon direla

bart arratseko eraso suizidan.

Zaurituak zenbat diren berdin dio,

horiek ez dute atsekabe emozional postsuizidarik sortzen.

Ezta eztanda mediatikorik ere Barça-Madril batek bezala.

Mou moda linguistiko bihurtu da Marcan

eta Pepen psikologia abesti bakar batera murrizten da.

Bilduren bizi taupadak zortzi epaileren sententzietara

murrizten diren gisara.

Auzipetuen aulkian marihuana eserrarazi dute

Espainiako ikasketa emaitzen errudun dela leporatuta.

Errudun baita Luis XVI.a eta horregatik moztu diote lepoa,

berea baitzen Frantzia hain gaizki egotearen erru guztia.

Eta leporatutakoarengatik moztu diote lepoa.

Orain Espainiako erregeak errepublika frantsesari gerra

deklaratuko dio bere ahaidea hiltzeagatik.

Frantziak gerra irabaziko duela ez dago dudarik eta

akaso berriz ere Espainia okupatzen badute

baliteke Europatik hurbilago egotea Afrikatik baino.

Posizio kontua baita dena.

Xake mate eta partida se acabó. Baina horretarako erregeak egon behar du eta

komunismoak ez du horrelakorik onartzen.

Bai. Jainkoek oinak lurrean dituzte. Guk ez ordea.

Guk pornografia bakarrik dugu, plazer une bat.

Estasi mistikoak eskaintzen diguna bezala.

Edo demoskopiotik begiratzeak sorrarazten diguna.

ORAINDIK BESTE AMODIO OLERKI BAT

Ezin ditut zure hitzak ahaztu,
beti dabiltza dantzan nire buru barruan.
Zuk egiten duzun moduan.
Berez, logikak aginduko balu,
gorrotoak irentsi beharko lizuke.
Zure izena entzute hutsarekin
zure argazki guztiei su eman beharko nieke.
Zure ahotsa entzute hutsarekin
belarriak moztu beharko nituzke
Van Goghen antzera.
Baina hau ez da izan behar lukeen bezala
eta oraindik
beste amodio olerki bat idaztera ausartzen naiz.
Maite baino gehiago desio zaitudalako.
Ez, ordea, hil ala biziko kontu bat bezala,
kurstilada bat besterik ez da hori pena sortzeko.
Baina orain urruti zaitut,
urrunegi eskua eskuari lotzeko,
urrunegi begirada begiradarekin gurutzatzeko,
urrunegi ezpainek ezpainak dantzatzeko,
urrunegi larruak larrua laztantzeko.
Adituek diote denborak aurrera egiten duela.
Bideak berriz elkartzean
geldituko dugu denbora.

VIENA ITSASOARI BEGIRA

Trenak bere bidaiaren akaberan utzi ninduen,
kasik mundua amaitzen den eremu honetan. Horizontearen marraren gainean.
Itsasia ere hemen amaitzen da harrien aurka ezin duela aurrera egin.
Viena itsasoari begira.
Eraikin galaien antzokia. Mendien babespean
eta haien beste aldean zer den jakite arren
etxe txikiek
mendi magalak eskalatu dituzte.
Ezkutatzen dutena gehiago ezkutuan gera ez dadin.
Baina nik itsasoari begira jarraitzen dut
pentsamendu labirinto honetan,
uholde batek urperatu duen basamortuaren aurreran.
Eskaparateetako maniki bat banintza
geldirik.
Musika belarrietan. Musika ahoan.
Eta jakin gabe hasitakoa nola amaitu.
Beharbada trenak bezala. Errailak
amaitzen direnean.
Baina horretarako errailak eduki behar dira oinpean
eta nik aspaldi galdu nituen,
edo hori sineztarazi nahi diot nire buruari.
Eta momentu batez begirada altxatzean
harrizko dama bat leiho batean.
Austriar enperadoreen irudiak hormetan,
behin Austria izan ziren hormetan.
Baina orain banderek ez diote hori.
Eta tintak geratzeko eskatu dit.

OPORRETATIK BUELTAN

Opor luze hauen ostean, berriz ere zuregana nator gauza berriak eskaintzeko asmoz. Ea oraingo honetan pulamentu gehiagorekin hartzen dugun hemen idaztearen kontua.

martes, 1 de mayo de 2012

GOGORATU

Gogoratu zerua kolorez apaintzeaz,
gauero deabruari adarrak ipintzeaz.
Amoranteen poemak sutan kiskaltzeaz,
infernuko ateak zabalik ahanzteaz.
Gogoratu tabernak isilik agurtzeaz,
orbel sikatuetan oinutsik dantzatzeaz.
Errepide alboko loreak ureztatzeaz,
kaiola erdoilduak airera botatzeaz.
Gogoratu eskuak laztanez mimatzeaz,
begipeko larrosak malkoez bustitzeaz.
Ipuin politenak erdizka abandonatzeaz,
hegan dauden muxuak kutxa batean gordetzeaz.
Gogoratu gogoratzeaz.

ITSASOTIK GERTU. ZERUTIK GERTUAGO



Ilargi betea. Borobila. Horia.
Zeru ertzak lurrin espazialez bustitzen dira
olatuen joan etorriekin fusionatzen direlarik.
Berotasuna. Nostalgia. Malkoen eztia.
Luzifer bere presondegitik alde eginda dabilela diote
eta zure bizkar atzean dago mihia kanpoan duelarik zure azal zuria
miazkatzen.
Begirada exotikoa.
Garagardoak pitzaturiko ahotsa.
Itsasoan murgil gaitezen eskatzen didazu
zure desioetan gal nadin.
Kamiseta txuria. Haragi kolorea ozeanoen sakonean.
Larrua larruaren aurka. Lotura askeak. Probokatiboak.
Haizea hanken artetik. Kilimak.
Zigarro keak irudiak lausotzen ditu nahastu gaitezen,
galdu gaitezen.
Eta berriz aurkitu. Inoiz baino desio gehiagorekin.
Plazerra izerdiz bustitzean.
Gela isolatuetako txokoetan garrasiak. Orgasmikoak.
Baina orain dantzan egin nahi dut. Zurekin.
Gau bateko musa izatea desio zuenarekin.

HEGO BAKO TXORIAREN BALADA


Iraganeko txori geroari lotu nahirik
hegoak ebakiak ditu eta mokoa itxirik.

Hegoak ebakirik ezin haizeagaz hegan egin.
Kaiola batean sartu zaituzte bihotzean bala batekin.

Eta gauean lokartzean ametsetan zoaz hegaka.
Itsas ertzean pausatzen zara olatuekin biraka.

Baina itsasoa ez dirudien bezain leiala,
bere atzaparrek itotzen zaituzte naufrago baten gisara.

Eta goizez esnatzean berriz kaiola barnean
malko urtsuak ageri dira zure begi bietan.