martes, 23 de abril de 2013

NOUVEAU MISÉRABLE

Barrikadetan erori ziren eta eroritakoekin barrikada gehiago egiten zituzten. Paris aldatzen, aldaketan Marseillesa entzuten zelarik gillotinak buru bat mozten zuren bakoitzean. Bastilla hartu zuten eta Napoleonek Zesar izan nahi zuen, edo beharbada Augusto, princeps, Europaren jaun eta jabe. Elbako uhartea txikiegia zen Leipzig ondoren, horregatik Waterloo bat behar zuen Santa Elena izan zedin bere hilerri.
Vienak bazekien. Bazekien zer zen mozkor ondorengo ajea. Parisek hobekiago eta Konstantinoplak ez zuen imajinatu ere egingo Miloko Venusak gerra deklaratuko zionik Lord Byronek hitzak ipintzen zizkion bitartean independentziari. Eta Espainiak mila gaueko gerra hasi zuen Riegorekin Borboien aurka.
Eta bitartean Liverpoolgo portuan kea eta izerdia eta burdin hotsa. Londresetik munduaren norabidea kontrolatzen dute Ameriketatik Asiara Txinako Harresi Handiaren aurka. Opioaren gerrak eta Meiji Pazifiko ertzeko uharte batzuetan, Japonia harresiak botaz eta samuraien kontrako ehizan. Estatu Batuetan lurren ehiza eta indio lumagorrien lurrak desertu.
Lehengo miserableek miserable berriak sortu dituzte eta lantegitik etxerakoan absentaz mozkortzen dira ez daitezen gogoratu ere egin eguna berriz argituko dela.
Eta bizitzaren haria tentsio tentsiogarrian dutenek kopla zatar batzuk idazten dituzte erromantikoari burla eginez metafisika eta tabako kiratsdun galdera existentzialekin. Ni horietako bat naiz Rimbaudekin botila beretik edaten dudana.

EXPRESS D'ORIENT

Dena ahazte arren Gare de l'Est-en trena hartu nuen urriko egun bero batean ekialderantz. Sei bagoi ekialdera zuzenduta. 1884. Eta hamaika muxu memorian giltzapetuta. Trena aurrera doa, paris zaharra eta berriaren muga-lerro, abandonatzen inoiz abandonatu nahiz ez balu bezala. Dama bat bezala. Aterkipean euria ari duen egunetan bezala ortzemugan galtzen den itzal luze hori.
Arloteak mozkorturik luxuzko putekin ametsetan. Eta Estrasburgo, leiharen sinonimo eta metafora. Errebantsaren ikur eta gurutze. Gerra Santuen urteak pasata diren arren santuek santu izaten jarraitzen baitute eta gerrek gerra. Eta Babariako paisaia Alemaniar Inperioaren hegoaldean. Von Bismarck, garagardoa ardo gorriagatik aldatuta eta Karlomagnoren ondorengoak zatituta. Eta gerran eta borrokan eta gudan. Munich eta Nibelungoen eraztuna. Richard Wagner akordeoi zahar batengatik. Eta Bohemia iparraldean du Vienak. Balsak eta musika eta edertasuna eta elegantzia. Austria bere handitasunean handi Alpeetatik Transilvaniako oihanetara. Budapest erdian Danubio urdinaren xerkan. Eta Paris txikia bidaiaren amaieran kasik, Bucarest, Walakia, Errumania baten alde poetak. Amaiera musulmana, Santa Sofia, hiria bitan du zatiturik Konstantinoplak, bi birika arnasa Europari edo Asiari eman ez dakiela oraindik. Baina hori Konstantinok ere ez zekien.

domingo, 21 de abril de 2013

AMODIO ISTORIO BAT

Amodioari idatzi nion behin, ekutitz bat.
Idatzi nion eskutitz bat zirriborroz betea.
Eta beste zirriborro batekin erantzun zidan,
erantzun gisa zirriborro mugagabea.
 
Eta erantzunaren erantzun bi hitz
koma batez bereizirik bi hitzak, bereizita.
Maite, zaitut. Zaitut, maite.
Aparte egotera kondenatuta daudela iritzita.
 
Bidean maite galdu zen eta amodioak
zaitut bakarrik irakurri zuen, harriduraz.
Nik zu zer? Zer? Zer? Zer ote zer hori?
Eta galdezka oheratu zen loguraz.
 
Biharamunaren biharamunean biharamun
gorroto ala maite zaitudan galdezka.
Biharamunaren biharamunean biharamun
hurbil ala urrun zaitudanaren kezka.
 
Maiatza zen, baina ez udaberri.
Neguak tinko zeraman kaleetan. Elurra
zoko txikienetan oraino eta eguzkia beldurti
urtzearren iraganaren azken apurra.
 
Boulevardean elkartu ginen elkartu gabe
euripean korrika aterpe bila edonon.
Ordulariak hamaikak markatzen zituenean,
guardasolik gabe ezin zenean egon.
 
Haitzetan zure buruaz beste egin zenuela
jakin nuen jakin aurreko instant batean
eta zure eskutitzak haitz horietan bota nituen
abenduko hogeita hamabigarren egunean.
 
Amodioa zu zinela jakin izan banu lehenagotik,
agian, ez nuen jokoetan ibili beharko zurekin.
Baina Jerusalemgo harresiak gogoko nituen
eta urrun izatea zer zen nahi nuen jakin.
 
Eta oraindik haitzetatik eskutitzak iristen zaizkit
helbiderik gabeko postontzi honetara.
Baina hitzak bidean galduta daude eta badakizu,
eskutitza osatzeko itzuli beharko nukeela haitzetara.
 


HARRESIEI BURUZ GALDEZKA

Alabak galdetu zidan oraindik haur zela:
- Harresiak kanpokoengandik barnean daudenak babesteko egiten badira, zergatik guk barnekoengandik babesteko egiten ditugu?
Eta erantzun nion barnearen eta kanpoaren arteko mugak oso aldakorrak zirela.
Urteak pasa dira eta oraindik barnean egonda ere kanpoan sentitzen gara.

sábado, 20 de abril de 2013

GAZTERIA DENBORAREN KRONOLOGIAN KOKATZEAREN ETA BESTELAKOEN INGURUKO ZALANTZAK

2013ko apirilak 20, Usurbilen larunbatez Usurbilgo Ernairen aurkezpen ekitaldirako egindako testua Leire Iturriotzek bakarrizketa moduan irakurtzeko. Ez dakit hala egingo duten, baina nik fondoko musika moduan Cat Stevens-en "Morning has broken" jartzen dut irakurtzen dudan bakoitzean.
 
Barkatu nire egoismoa, baina galdera bat dut buruan bueltaka eta bueltaka eta erantzun nahian ibilita ere ez dut lortzen erantzutea. Horregatik gaur zuen artean egonda errazagoa izan daiteke buruhauste horrekin amaitzea. Ondo entzun, behin bakarrik esango dut eta. Hemen ona izango litzateke buruhezur bat eskuetan izatea, dramatismo barroko pixka bat, baina hori gabe ere moldatuko gara. Zergatik esaten digute gu gazteok etorkizuna garela? Zuek badakizue? Beno hau bakarrizketa bat da eta nire kontutik erantzun beharko diot galderari. Zergatik etorkizuna? Denbora imajinario hori, inork ezagutzen ez duena, existitzen ez dena? Zergatik gaur biharkoak izan behar dugu eta bihar etzikoak?
Gero diote etorkizuna orainak eraikitzen duela, beraz gazteok non hostia gaude? Krokis bat egidazue gauzak uler ditzadan. Etorkizuna gara eta orainak egiten du etorkizuna. Beraz etorkizun horretan bizi behar dugu gaurko helduek gaur egingo diguten etorkizunaren arabera? Broma bat da, ezta? Non daude kamerak? Konparazion bat eginez, gutxi gorabehera Sobietar Batasunaren antza hartzen diot Kremlinak zioelarik nola jokatuko zuten bloke sobietarreko estatu partaide guztiek.
Nik umetan gazte izan nahi nuen eta gazte izanik herria hobetu genezakeen guri gustatuko litzaigukeen arabera. Eta gazte izanik ikusten duzuna da, edo burugogor, egoskor, errebelde zara edo ea noiz naizen heldu gauzak aldatzen hasteko. Hor arazo bat sortzen da, heldu izanik gaztetako begirada idealista ez dela horren idealista. Batzuetan bai ... kasuak eta kasuak daude ... helduak eta helduak ... eta gazteak eta gazteak noski. Piratak eta piratak dauden bezala. Batzuk kortsario bihurtzen dira. Baina hori beste gai bat da, beste galdera baten erantzuna eta nik lehenagoko galderari erantzun nahi diot.
Uste dut politikan eta boterearen goi mailetan daudenek gazteak kaleetara edo hobekiago esanda lokaletara (tabernak barne) murriztea nahi dutela. Demagogo buruhuts batzuk izan gaitezen, esaten diguten lehen gauza sinets dezagun zalantzarik erakutsi gabe. Eta kaleetara protestan ateratzen garen bakoitzean bandalo (kontenporaneo) batzuk garela esaten digute. Pintada batzuk egiteagatik, boterearen aurkako blasfemiak oihukatzeagatik, poliziari botilak botatzeagatik etab. eta etab. luze bat adibide gisa. Hain gara gaiztoak? Hemen dauden helduek erantzun dezakete? Akaso horrela da eta ispiluan gure burua ezberdin ikusten dugu. [...] Ironia da, ez dut uste Napoleonen sindromea dugunik. Edo agian bai? Soziologo-medikuei galdetu beharko diegu.
Gazteok existitzen gara, etorkizuna ez, ergo gazteok oraina gara eta ez gaude konforme dagoenarekin. ez dugu izan nahi beste belaunaldi bat munduak berarekin daraman zama eramaten jarraituko duena. Boterearen pulpitoetatik (metafora bat da) "Ezin diegu gure seme-alabei halako mundua utzi. Mundu hau konpondu behar diegu" diotenean, EZ! Utzi guri gure mundua eraikitzen! Ez dugu berdinarekin jarraitu nahi, amildegitik gure burua bota nahi. Honekin jarraitu nahi duenak bidea libre du, nik ez diot lagunduko.
Mundua estatu ezberdinek osatzen dute, gizartea bere partaide guztiek. Eta guk gure ahotsa nahi dugu, gure ahots propioa, gazteona gazteon ahotik irteten dena. Beharbada ekibokaturik gaude, beharbada oraindik ez gara hain heldu mundua ulertzeko, beharbada oraindik ez gara gai munduak dituen hamaika korapiloak askatzeko. Berdin zaigu! Ikasiko dugu, gure onerako baldin bada prest gaude. Edan dugu edabetik eta ateei danbaka eta danbaka ibiltzen hasiak gara.
Kulpak eta erruak (baldin badaude edozertan) botatzen hasi aurretik jarri dezagun gure albokoak zer digun esateko. Entzun dezagun zer dugun esaten. Zein diren zure eta nire ametsak, nire eta gure ilusioak, gure eta zure asmoak. "Munduaren koloreak egunetik egun doaz aldaketan" eta guk gure koloreekin marraztu nahi dugu mundua, irri-kolorez, errebeindikazioz, abestiz ... Kaleak, herriak inbaditu eta konkistatu eta zuzenean ikusi nola argitzen den egun berria.



 
 

KOLOREEN EREMUARI

2013ko apirilak 20, larunbata, Usurbilgo Ernai Gazte Taldearen aurkezpen ekitaldian irakurritako olerkia. Silvio Rodríguez-en "La era está pariendo un corazón" abestia atzetik entzuten zela idatzi nuen.
 
Goizez eguzkia ekialdetik esnatzen da, esnatu, esnatzen.
Esnatzen esnatu da.
Ekialdetik goizez eguzkia,
ekiaren aldetik, eki goizez, jeiki.
 
Eta lozorrotik ernai, ernatu, erne.
Morpheoren sehaskatik, zorrotik loaren.
Ihintzak busti ditu goizeko loreak.
Ihintz, eguzki printz, loreak kolore, koloreak lore
busti,
kolorezko malko ttantta doa ttantta-ttantta
lurrera.

Ortzadarra.
Ortzitik haratago zerumugaraino, zubi Erromara.
Baina guk ez dugu Erromarik nahi,
gure bideak ez doaz Koliseora,
gure bideak ez dira galduak,
gure bideak, bide, bidaide, egunsentira.
Egunak gauarekin apurtuko du, KRAX kristalak, KRAX ispiluak, KRAX izotza
KRAX KRAX KRAX!

Aroa bihotz berria erditzen ari da
eta bere sabeletik ERNAI taupaka gazte,
zilbor hesteak moztuz oinez hasteko prest.

viernes, 19 de abril de 2013

UDABERRIKO LOREAK KASU

Olerki bat idatzi beharra sortu zait egunkarietan topatu ditudan berriek sortzen dutena askatzeko. Urrun egonik ere hurbil sentitzea lortzen baitute. Eta agian ez da izango egokiena geografia oztopo izanik, baina beharrak asetzeko beste biderik ez dut topatzen nire aldetik. Eta gainera bada denbora literaturari buruzko blog honi literaturaren presentzia kendu niola, bada aldatzeko garaia, literatura propioari bere eszenatokikoki zatia oparitzeko.
Eta inspirazio iturri bezala Gorka Bereziartuak bere blogean idatzi duen artikulua Askaguneko gertakariei banda sonora jartzeko egin duen abestien rankingarekin, honatx. Horregatik nik ere olerkiari bere musika jartzea erabaki dut: Silvio Rodríguez-en "Me va la vida en ello".

Bizitza joko bat zela uste genuen hasiera batean.
Eta konturatu ginenean suak dena erretzen zuela
ihesari ekin genion su hark ez gintzan erre.
Baina amildegira urreratzen ginen pauso bakoitzeko
horrela ezin zela segi ikusi genuen.
Eta gu ez erretzeko albokoa ere ezin zela erre ohartu ginenean
albokoa laguntzea onena zela ere ohartu ginen.
Eta sua itzaltzeari ekin genion amildegiaren ertzean.
Eta horretan datza gure bizitzak gaur egun arte
eta nahiz eta suaren besoek gure albotik kendu gure albokoak
ur baldeak suari botatzen jarraitzen dugu
suak erretako lurretan berriz ere udaberria ernai dadin.

Bizitza joko bat zela uste genuen hasiera batean.
Eta konturatu ginenean bizitza joko bat izan zitekeela
eta neguaren ostean berriz ere loreak esnatzen zirela belardietan,
gure paradisua sor genezakeela ere kontura ginen
jainkoen eskurik gabe, jainkoen laguntzarik gabe.
Eta horretan doakigu bizitza, paradisuak imajinatzen,
egunsentiak imajinatzen, udaberriak imajinatzen.
Baina imajinatzeaz ere nazkatu gara
suak aurpegiak beroz erretzen dizkigun momentu hauetan.
Eta suarekin amaitu nahi dugu. Suak dena purifikatzeaz gain
suak dena suntsitzen baitu, baita purua dena ere.
Udaberriko loreak kasu.