domingo, 21 de abril de 2013

AMODIO ISTORIO BAT

Amodioari idatzi nion behin, ekutitz bat.
Idatzi nion eskutitz bat zirriborroz betea.
Eta beste zirriborro batekin erantzun zidan,
erantzun gisa zirriborro mugagabea.
 
Eta erantzunaren erantzun bi hitz
koma batez bereizirik bi hitzak, bereizita.
Maite, zaitut. Zaitut, maite.
Aparte egotera kondenatuta daudela iritzita.
 
Bidean maite galdu zen eta amodioak
zaitut bakarrik irakurri zuen, harriduraz.
Nik zu zer? Zer? Zer? Zer ote zer hori?
Eta galdezka oheratu zen loguraz.
 
Biharamunaren biharamunean biharamun
gorroto ala maite zaitudan galdezka.
Biharamunaren biharamunean biharamun
hurbil ala urrun zaitudanaren kezka.
 
Maiatza zen, baina ez udaberri.
Neguak tinko zeraman kaleetan. Elurra
zoko txikienetan oraino eta eguzkia beldurti
urtzearren iraganaren azken apurra.
 
Boulevardean elkartu ginen elkartu gabe
euripean korrika aterpe bila edonon.
Ordulariak hamaikak markatzen zituenean,
guardasolik gabe ezin zenean egon.
 
Haitzetan zure buruaz beste egin zenuela
jakin nuen jakin aurreko instant batean
eta zure eskutitzak haitz horietan bota nituen
abenduko hogeita hamabigarren egunean.
 
Amodioa zu zinela jakin izan banu lehenagotik,
agian, ez nuen jokoetan ibili beharko zurekin.
Baina Jerusalemgo harresiak gogoko nituen
eta urrun izatea zer zen nahi nuen jakin.
 
Eta oraindik haitzetatik eskutitzak iristen zaizkit
helbiderik gabeko postontzi honetara.
Baina hitzak bidean galduta daude eta badakizu,
eskutitza osatzeko itzuli beharko nukeela haitzetara.
 


No hay comentarios:

Publicar un comentario