viernes, 19 de abril de 2013

UDABERRIKO LOREAK KASU

Olerki bat idatzi beharra sortu zait egunkarietan topatu ditudan berriek sortzen dutena askatzeko. Urrun egonik ere hurbil sentitzea lortzen baitute. Eta agian ez da izango egokiena geografia oztopo izanik, baina beharrak asetzeko beste biderik ez dut topatzen nire aldetik. Eta gainera bada denbora literaturari buruzko blog honi literaturaren presentzia kendu niola, bada aldatzeko garaia, literatura propioari bere eszenatokikoki zatia oparitzeko.
Eta inspirazio iturri bezala Gorka Bereziartuak bere blogean idatzi duen artikulua Askaguneko gertakariei banda sonora jartzeko egin duen abestien rankingarekin, honatx. Horregatik nik ere olerkiari bere musika jartzea erabaki dut: Silvio Rodríguez-en "Me va la vida en ello".

Bizitza joko bat zela uste genuen hasiera batean.
Eta konturatu ginenean suak dena erretzen zuela
ihesari ekin genion su hark ez gintzan erre.
Baina amildegira urreratzen ginen pauso bakoitzeko
horrela ezin zela segi ikusi genuen.
Eta gu ez erretzeko albokoa ere ezin zela erre ohartu ginenean
albokoa laguntzea onena zela ere ohartu ginen.
Eta sua itzaltzeari ekin genion amildegiaren ertzean.
Eta horretan datza gure bizitzak gaur egun arte
eta nahiz eta suaren besoek gure albotik kendu gure albokoak
ur baldeak suari botatzen jarraitzen dugu
suak erretako lurretan berriz ere udaberria ernai dadin.

Bizitza joko bat zela uste genuen hasiera batean.
Eta konturatu ginenean bizitza joko bat izan zitekeela
eta neguaren ostean berriz ere loreak esnatzen zirela belardietan,
gure paradisua sor genezakeela ere kontura ginen
jainkoen eskurik gabe, jainkoen laguntzarik gabe.
Eta horretan doakigu bizitza, paradisuak imajinatzen,
egunsentiak imajinatzen, udaberriak imajinatzen.
Baina imajinatzeaz ere nazkatu gara
suak aurpegiak beroz erretzen dizkigun momentu hauetan.
Eta suarekin amaitu nahi dugu. Suak dena purifikatzeaz gain
suak dena suntsitzen baitu, baita purua dena ere.
Udaberriko loreak kasu.

No hay comentarios:

Publicar un comentario