sábado, 6 de abril de 2013

MILITANTZIA KULTURALA

Ezagutzen nauenak badaki zenbat gustatzen zaidan hezkuntza, kultura eta euskarari buruz hitz egitea, gogoeta egitea. Horregatik, beharbada, dantza, bertsolaritza, literatura, herrigintza eta halako munduetan mugitu naiz nire udaberri mugatu hauetan. Edo akaso alderantziz da, mundu horietan mugitu izanak bultzatu nau mundu horiei buruz hitz egitera. Eta gaur ere, irratia dudalarik lagunkide, lerrook idazteari ekin diot, euskaraz, nire ama-hizkuntzan, nahiz eta beste hizkuntza batean ere idatz nezakeen. Orain Italian egonik italiarrez idaz nezakeen, edota gaztelaniaz edo gogo eta esfortzu gehiagorekin inglesez. Baina ez. Euskara hartu dut nire idazteko forma, blog hau euskarazko hitzez betea dago jende jakin batengana iristea bainuen asmo hasieran eta oraindik ez dut aldatu jo-muga. Beste jende batengana joan nahi izango banu hizkuntzaz aldatuko nuke, baina hau ez da kasua.
Eta zer aipatu nahi nuke sarrera edo testu honekin? Euskara dut mintzagai, pentsagai edo burugai oraindik. Idatzgai bihurtu nahian. Berriaren formatu digitalean Natxo De Feliperen elkarrizketa bat irakurri dut oraintsu. Euskal kulturaren egoera nola ikusten duen irakurri eta kezkatu edo egin nahiz. Mundu horretan nomada gisa mugitu naiz ni, nomada baino bohemio gisa, itzaletik bezala, nire kontura. Dantzan taldearekin, poesia errezitaldiak burutzen interesatzen zitzaidanean, bertsotan lagun artean, herrigintzan kolektiboan ... Inongo gidari funtziorik gabe edo hobekiago esanda beheko mailetan. Ondorioz begirada iristen ez den tokietan zer gertatzen den jakitea zaila egiten da. Bestalde oasis batean bizi izan naiz duela urte batzuk arte. Usurbilgo herria euskararen munduan oasis bat bezala hartu behar da. Hamasei bat urte arte herrian soilik mugitzen ginen eta beste nonbaitera joanez gero gure gustoko giroaren bila joaten ginen (Donostiako Alde Zaharra, Hernani, Zarautz ...), ahala gustorago sentitzen baikara. Beraz errealitatearen begirada oso partziala eta itxia genuen.
Oasis batetik munduara salto egitea zen Gasteizera Historia ikastera joatea. Herri ezberdinetako jendea, mundua ikusteko forma ezberdin bat, borroka egiteko baliabide ezberdinak, hitz egiteko era ezberdinak ... Denak beste mundu baterako ateak irekitzen zituen. Eta orain Italiara etortzeak oraindik gehiago, baina hau beste kontu bat da gaiarekin ez datorrena bat (edo bai?).
Beste herrietan eta hirietan nola dago euskara? Eta taberna bateko terrazan, kalearen erdian, zigarro, kafe, kanuto eta garagardo artean hitz egiten hasten zara euskal kosmopolismo linguistikoan. "Gurian beti!", "Segun zeñekin ...", "Hemen ez da erreza, zona euskaldunetik kanpo zero" ...
Eta konturatzen zara zure herriak ez duela denaren isla baterako ere balio, gauzak oso ezberdinak direla mugarrietatik beste aldera.
Militantzian mugitzen da euskara eta euskal kultura. Militantziaren arabera indartzen edo ahultzen da euskal kultura. Eta indartzeko aktibo egon behar gara une oro, aktibitate aktiboan su-etenik gabe. Gaur hitzaldi bat, bihar dantza emanaldi bat, bakarlari baten kontzertua ostiralean, film bat iganderako etab. eta etab. atsedenik gabe eta ordain saririk gabe, sari bakarra zure asmoak betetzen direla ikustea. Oso ikuspegi erromantikoa.
Baina militantziak ez du jateko ematen eta dena ezin da militantziagatik egin. Eta gaur egun gainean dugun krisi mota guztien artean egonik militantzia da forma bakarra kulturgintza aurrera eramateko. Eta politikak ez du intentziorik kulturari eskaini behar zaion postura eramateko eta murrizketa eta debekuen artean kulturak eta hezkuntzak jipoi handi bat hartzen dute instituzio eta administrazioaren aldetik. Hau jakina da denon artean, baina esan behar nuen.
Horrelako une batean zer egin behar dugu? "Goitik" ez badigute laguntzen, ergo guk mugitu behar dugu. Logikoa. Baina "Goikoek" badituzte formak mugimendua ez sortzeko. Komunikabideak, legeak, debekuak, betebeharrak ... Gaur egun Internet-a dugu eta mila gauza aurki ditzazkegu gure asmoak egiteko, baina beste hainbat gauza daude, opioa alajaina. Telebista, egunetik egunera programazio penagarriagoarekin, baina jendeak ikusten dituenak. Herriaren opio famatua. Opioa legeztatuta al dago?
Kulturgintza, herrigintza. Euria eta hotza eginda ere kalera atera behar dugu. Aztertu zer dagoen kalean eta horiek hobetzen hasi ahal bezain laster. Bakoitzak bere eremuan. Baina zerbait egin beharra dugu, ez badigute laguntzen geure artean laguntzen ibili beharko dugu. Hemen bada esaldi bat izugarri gustatzen zaidana: Ametsek InBECendentziako ekitaldian irakurri zuena: "Politikak bermatzen ez badu liberazio kulturala, beharbada kulturak beharmatu beharko du liberazio politikoa". Eta norbaiti okurritzen bazaio politikak bermatu behar duela dena, demokraziak bermatuko duela liberazio forma oro ... Bai, bai, hurrengo batean hitz egingo dut Demokraziari buruz, zer den Demos bat eta zer den Krazia bat. Hori etxeko lan moduan (niretzat noski).
Beharbada chipa aldatu behar dugu, beharbada begiak aldatu behar ditugu edo betaurrekoak ipini hobeto ikusteko ikusi behar duguna. Badakizu politikan bi urtean behin bakarrik parte hartzen duzula (politika instituzionaletan) gutxi gorabehera, baina herrigintzan egunero jardun daiteke. Egunero hondar ale bat ipini mendia osa dadin. Eta mendia eginik mendikatea egiten hasi, auzoz auzoko, herriz herriko mendikatea denak lotuko gaituena. "Goikoak" badakigu nola mugitzen diren eta zertan mugitzen diren, gure izatea estatuaren salbaziorako, ordenaren salbaziorako bakarrik interesatzen zaie, inork ez digu ezer oparituko, autopariak egin beharko dizkiogu geure buruari. Zoriontasunaren eta edonismoaren pentsamenduak guk eratu behar ditugu. Zoriontsu izateak ederrago egingo baitu gure izatea, nik uste.
Eta norbaiti zerbait berritzailea otzen bazaio, gure kulturari indarra edo kosmopolismoa emango badio, lagun dezagun, zergatik ez? Musika talde berri bat, antzezlan anormal bat, bertso talde bat euskara hain zabaldua ez den toki batean, film amateur bat ... Guk ez badio laguntzen albokoari, beste inork ez dio lagunduko. Hau izan daiteke gure kultura indartzeko erabil beharko genukeen militantzia kulturala. Eta militantzia kultural horrek indar dezake liberazio politiko hori.  

No hay comentarios:

Publicar un comentario