jueves, 4 de abril de 2013

IRAUNTZAILE ETA IRAULTZAILE

Aspertuta nengoen eta erabaki dut Twitter-eko kontuko sarrera aldatzea. Eta zer otuko eta iraungitze- data. Irauntzaile bezala definitu dut iraunten duena eta horrela definitu dut nire burua ere. Zergatik ez? Autodefinizoak norberak egiten baitizkio bere buruari. Irauntzaile alajaina. Eta gero konturatu naiz irauntzaile izatetik iraultzaile izatera hizki bateko aldea besterik ez dagoela. Eta nola garuna eta pentsamendua inoiz ez den geldirik egoten, Joaquín Sabinaren abesti bat etorri zait burura: Embustera ("Vinagre y Rosas" diskokoa, 2009). Bertan hala dio bere bertso batek :"la muerte es solo la suerte con una letra cambiada". Irauntzaile eta iraultzaile bezala!
Eta azken finean nik horrela ikusten dut dela kontuaren esentzia. Hizki batek aldatu behar du batek bestera pasatzeko. Beti ezin da ibili iraun eta iraun, iraungitze-data bat du iraupen guztiak. Iraunaraztea pisu bat bihurtzen da azkenerako baldin eta iraun behar duen hori ez bada gai bere kabuz irauteko. Eta ingurukoek medio ezberdinen bitartez iraunarazi egiten dute, edo baita behar. Behar bat bezala azaleratzen da iraunarazte hori. Adibide moduan: gaur egun ditugun idealak. Ez al dira modaz pasatakoak? Nik hala dela pentsatu izan dut maiz, ez diotela erantzuten gaur egun jendeak eskatzen duenari. Eta idealak beharren arabera aldatu beharrean beharrak idealen arabera aldatzen ditugu. Zergatik? Saltzen digutena hori baita, ideal horiek iraunaraztea. Komunikabideen bidez, filmeen bidez, liburuen bidez, modaren bidez, artearen bidez, hezkuntzaren bidez ... Eta horrela goaz, norabidea markatu digute eta amildegira hurbiltzen ari gara. Edo beharbada jada amildegian behera goaz segurtasun neurririk gabe.
Baina esan bezala irauntzaile izatetik iraultzaile izatera hizki bateko diferentzia dago. Horrek ez du esan nahi sinplea denik aldaketa hori, diferentzia minimo bat dirudien arren bada amildegi izugarri bat bien artean. Iraunaraztetik iraultzera. Eta irauli ondoren iraun behar da edo iraultzen jarraitu? Baina hori irauli ondorengo galdera bat litzateke eta oraindik ez dugu irauli, ez ditzagun ekintzak aurreratu. Edo agian hori litzateke egokiena, ondorengo ekintzak adostuak izatea. Baina horren aurretik bada beste gauza bat egin behar dena. Irauntzetik iraultzera pasatzea.
Irauntzetik iraultzera. Garaia baita zama hori bizkarretik kentzeko. Iraunarazteak dakarren pisu eta zama guztiak nora daraman gizakia gure begiekin ikusten dugu, ez oso toki onera. Eta azkartasun handiegian doa, goaz, bizkarreko zamaren inertzia. Eta gure, gazteoi zuzenduta, iraungitze-datak eta bizkarrean daramagunarenak oso data bertsua dutelaren ustea dut.
Irauntzetik iraultzera dagoen diferentzia hori apurtzen hasi behar dugu, lehena abandonatu eta bigarrenera hurbildu. Bakoitzak bere sistema edukiko du horretarako, baina hobe gaur hastea horretan eta ez uztea gerorako. Dena uzten badugu biharko ez dugu denborarik izango ezertarako eta koltxoiak egiten hasi beharko dugu hartuko dugun hostiak min gutxiago eman diezagun. Masokistak beti daude, ordea.
Irauntzetik iraultzera. Pasa gaitezen batetik bestera. Ez al duzu uste badela garaia horretarako? Igor Elortzak hala abestu zuen 2013ko urtarrilean Oiartzunen egin zen presoen aldeko bertso-jaialdian: "Bada garaia herri zahar honi bertso berriak jartzeko." 

No hay comentarios:

Publicar un comentario