miércoles, 19 de diciembre de 2012

VENEZIATIK PARISERA: EPOPEIAREN HASIERA ( XVI )

Veneziatik Parisera guda tronpetak. Edwarden atzetik doaz bere gizonak Parisera bidean atabal soinuz. Zaldiak trostan gerrara bidean. Erregea erregea hiltzera. Odolez idatzitako patua. Aurpegia haserre, malkoak masailetatik behera. Eta odola borborka. Irakiten eta su bilakatzen. Barne sua. Eta barne su horrek irensten du osorik. Gorrotoa, mendeku gosea, haserrea, amorrua ... dena gorputz baten barnean. Sutan. Lehertu beharrean.

Piratak zain daude itsasoan. Bere aliatuak Normandiako kostan. Heroiaren aliatuak epopeia ederrenaren parte izateko. Piraten Erregeak Ingalaterrako erregea nola hiltzen duen kontatuko duena eta piratak izango direla mendekua lortzen lagunduko diotenak. Baina epopeiak ez du kontatuko nola piratek gerrako botina lortu nahi zuten, Peruko urrez egindako altxorrak ron botilengatik aldatzeko.

Eta Parisen Frantziako Koroa, Montemascherako kondearen aliatua. Justiziaren alde borrokatuko duten zaldun prestu eta adoretsuak odola aliatuen alde isurtzeko beldurrik ez dutenak. Mosketeroak. Unus pro omnibus, omnes pro uno. Epopeiako salbatzaileak, ideal egokien banderak eramango dituztenak. Epopeiaren orrietan ez da idatziko, ordea, tronu frantsesak Ingalaterrari gerra irabazi nahi ziola eta bera bihurtu munduko zentroa. Paris. Notre Dame. Ehun Urteko Gerraren errebantsa.

Baina horrek berdin du. Epopeiek hitz ederrak bakarrik aipatzen dituzte eta ondorengoen ondorengoek irakurriko dute Montemascherako kondea guda tronpeten artean abiatu zela Veneziatik Parisera bere aliatuen bila Ingalaterrako erregea hiltzeko.

Heroia Veneziatik Parisera doa, hau da Epopeiaren hasiera.

No hay comentarios:

Publicar un comentario