miércoles, 26 de diciembre de 2012

KALEIDOSKOPIOTIK BEGIRA AMETSAK OPARITZEN DITUT POESIA ERREZITALDIA

"Kaleidoskopiotik begira ametsak oparitzen ditut" poesia errezitaldia berriz ere ikusteko aukera izango da bihar Gasteizko "Txapelarri" tabernan. Aspaldian ez dudala errezitaldi hau jendaurrean egiteko aukera izan eta norbaitek jakin nahi badu zer den edo gogoz badago berriz ere ikusteko badaki zer egin behar duen. Laburtuta:
Eguna: 2012ko abenduaren 27
Lekua: Gasteizko "Txapelarri" Tabernan, Kutxin.
Ordua: 19:00ak aldera, iluntzean

Beraz animatu eta ea han elkartzen garen.

viernes, 21 de diciembre de 2012

NI PIRATEN ERREGEA NAIZ ( XXI )

Y el rey es un rey sin corona,
ni patria, ni nación.
Luis Eduardo Aute

Izarrak zeru urdinaren mila begi dira, ispilu
zure begiena.
Hondartzan luze etzanik
olatuak imajinatzen dituzu.

Eta imajinazioaren korronteetatik errealitatea.
Ile adatsak mugitzen dizkizu haizeak olatu bilakatuz.
Jaio eta hiltzen diren olatuak. Mugimendua. Biziarena.

Hondartzaren mugaren gainean trostan. Biluziak.
Eta zaldia arrats kolorez. Abandonatzen zaitu,
hegan egin dezazun.
Izar haiekin hegan, hodei artean. Hain lauso, hain eme.

Erori egiten zara. Ametsetatik zintzilik.
Hasierako lekura. Piraten erregeak bizi diren lekura.
Itsasora.
Aske sentitzera. Libre izatera. Txoriak lez. Tximeletak bezala.

Eta orduan
Piraten Errege bihurtzen zara. Loturarik ez duzunean.
Hodeiak. Izarrak. Olatuak. Haizeak. Imajinaziotik haratago. Ametsen biluztasunean.


Piraten erregea: Errege bat kororik gabe, ez aberririk, ez naziorik.
Askatasuna.




EXISTENTZIAREN MUGAK ZEHARKATZEN ORTZEMUGARAINO. ERREGE BATEN HERIOTZA ( XX )

Ez da argirik ene inguruan. Suak argitzen dituen lantzen puntek egiten duten dizdira infernuko sugarrek egiten dutenaren parekoa da. Gorputz osoa odolez zikinduta eta gehiago eta gehiago zikinduko da ordulariak gelditu arte existentziaren mugak zeharkatzen ditudan heinean. Ortzemugaraino.

Errege madarikatu hori hil nahi eta azkenean berak hil nau. Edo akaso mendeku goseak, goseak itsutu nau eta azkenean mendekua mendekatu da nirekin.

Eskua odoletan dut begien aurrean.

Orain nire bizitza nola itzaltzen den besterik ez dut itxoin behar. Aita eta amarekin elkartuko naiz berriz ere, urteak beraien ohorea berreskuratu nahian eta esku hutsik itzuliko naiz etxera, ez beraien ohorerik, ez eta nirea ere.

Eta Giulia ere beraiekin egongo da. Berriz ere besarkada baten berotasuna sentitu nahi dut. Berriz ere gure banderak ipini ohean konkistatzen ditugun eremuetan.

Begiak zabalik mantentzea geroz eta zailago egiten zait.

Baina Penelope bakarrik geratuko da mundu honetan, Ulisesen itzuleraren zain, baina oraingo honetan ez da Ulisesik agertuko bere etxean. Bakarrik geratuko da, inoren babesik gabe. Negarrez agian, isilik beharbada. Auskalo. Amorrurik ez dadila ernatu bere baitan eskatu nahi diot Jainkoari. Arren. Ez dut nire odoletan bizi den erokeriarik bere jabe izatea nahi. Aske! Libre izan dadila bere bideak egiteko, libre eskua nori eman erabakitzeko, libre ateak nori ireki erabakitzeko.

Hor dator aita eta amaren heriotzak mendekatzeko hil behar nuen erregea zaldi zuri baten gainean.

Hotza sentitzen dut eskuetan. Eta bularra bitan zatituta.

"Azken traidorea hil da!" belarri ertzera esan dit erregeak. Eta begiak ixten ari zaizkit. Ilunago ikusten dut orain, sugarrak itzaldu balira bezala. Duela momentu batez ikusten nuen sugarrezko mundu hori itzaltzen ari da ... Beltza bihurtu den arte.

jueves, 20 de diciembre de 2012

PLAZA ABORDATZERA! ( XIX )

Uhinak bidaide Azken Epaira bidean. Haizea belak puztuz. Putz.
Eta tximistak buruen gainean. Zuhaitz ikusezinen sustrai.

Plaza aurrean da. Eskuekin ikutzeraino kasik.
Mundua iraultzera datozenen eskuek lora bana ito dute indar guztiz
barneko piztia oraindik gehiago ernatzen zaielarik.
Mundu hobeago baten desiran. Bakoitza bere mundua hobetu nahian
Ingalaterrako erregea hil ostean.
Uholde baten gisan, Leviathan basatiena bihurturik
Apokalipsiko lau zaldunen gidaritzapean.

"Jaso belak! Bota aingura! Abordatzera!"
Eta piraten erregea izango denaren atzetik plazara jauzi egin dute piratek
geziak buru gainetik pasatzen zaizkielarik beraiek bezala plazara.
Soldadu ingelesak esperoan etsaiari. Armak zorrotz, bolbora txinparten zain.
Eta adore oihu artean lehen garaitua. Lurrera erori da eta infernuak
irentsiko du ondorengo hamaika gizonak bezala.
"Akaba itzazue denak! Ikus dezan erregeak nola galtzen duen dena!"
Lehen etxeak sutan daude. Sua zeruan gora eta garren artean odola.
Odola eta garrasiak. Garrasiak eta burdin soinua.
Denak heriotzaren dantzan.

Eta piraten erregea plazan aurrera doa etsaiaren bila.
Bat-batean Cornuallesko traidorea aurrean agertu zaio.
"Hi ere laguntzera heldu haiz! Garai zaharrak gogoratu nahian seguru."
Eta erantzun gisa irri bat.
"Hator nirekin Ingalaterrako erregea akabatzera! Gaur mundua aldatuko diagu!"
"Mundua aldatu? Zertarako?"
"Honetan baino hobekiago bizitzeko!"
"Ni honetan ederki bizi nauk. Ez zagok aldatu beharrik.
Eta Piraten Errege bihurtu al haiz dagoeneko?"
"Esan nian. Ingalaterrako erregea hil behar diat horretarako!"
"Orduan ez haiz inoiz bihurtuko."
"Zergatik diok hori?"
"Erregea hiltzen baduk ez naukelako Galesko Kondea izango!"
"Brometan habil ezta?"
"Nola uste duk hil hituala hire gurasoak, errebeldeak eta Giulia? Mundu honetan denak dik prezio bat. Zergatik uste duk naukela Cornuallesko Traidorea?"

Hogeita hamar txanpon airera.

Eta eromena odolak daroa gorputz guzira. Pozoina balitz bezala.
Traizioaren gorrotoa eta oharkabean mila oroitzapen.
Larrosa gorri bat kopetean. Amaren otoitza. Vienako sarrera. Ama baten heriotza.

"Hi akabatuko haut beste inoren aurretik! Putakumea!"

Eta ezpata ezpataren aurka. Piraten Erregea eta Cornuallesko Traidorea.
Zauri zaharrak zabaltzen eta berriak zabaldu nahian. Heriotzera kondenatuta.
Eta sabela zabaldurik traidorea lurrera erori da,
piraten erregeari bidea zabalik utzirik.

"Hil ezazue Montemascherako kondea! Bera da mundu hau desegin nahi duena!"
Lurretik datozen hitzak.
Eta inongo tokitatik gatilo soinua. Bolbora pirataren bularrean. Lurrera erori da.
Eta kupidarik ez dutenak Ingalaterrako soldaduak dira
Montemascherako Kondea inguratu eta heriotzera arte
kolpatu eta zulatuko dutenak
lantzen puntekin.

TAMESISEKO MARTXA ( XVIII )

Haizea zurrunbiloan mugitzen da itsasoaren gainean.
Olatuak zazpi beso dira, infernuko zazpi beso Luziferrek berak ere kontrolatzen ez dituenak.
Lau zaldun zeruan hegan. Lau zaldun heriotzaren ahuen.
Apokalipsikoak.

Trumoi soinuak orkestraren lagun, tximistak tabernako mozkorren biraoak.
Itsasontziak Tamesis ibaian gora. Londres begiz jota.
Errege baten burua amets. Amestgaizto baten azken hats.

Otsoak mendietatik jaitsi dira eta ez dute inongo erregurik aditzen.
Begi gorridun otsoak. Maltzur bilakatuak, ez maltzur direlako
maltzur izatea nahi duelako Jainkoak.
Aldareak gobernatzen dituztenen titere ahalguztidunak.

Londres begien aurrean.
Euriak bustitzen du, hain erraz, hain bihotzgabe.
Eta negarra darie babes hitzei. Baina ez dute kupidarik topatzen.
Ezta salbatzailearen otoitzetan ere.

Apokalipsiko lau zaldunak Azken Epaia anuntziatuz.
Bolbora usaina. Odol gosea. Eta hiriaren gainean segarik luzeena.

NORMANDIAKO KOSTATIK HARATAGO ( XVII )

Ingalaterrako flota aurrean dago. Gerrako buke onenak itsasoaren gainean. Etsaiak piratak, Montemascherako kondea denen buru, piratarik piratena. Eta erregea akabatzeko asmoz azaldu da iparraldeko itsasoetara, noizbait bere begiradak bustitzen zituen itsasora. Baina nostalgia oro eraman du denborak eraman beharreko tokira eta kutxa ilunetan sartu inork aurkitu ez ditzan.

Gaur, ordea, udaberriko egun horien ezberdin da. Kanoiak prest daude, ezpatak zorrozturik, odola bero, odol gose. Eroturik Normandiko kostatik haratago. Jainkorik baldin bada izan dezala erruki izan behar duenarekin. Justiziarik baldin bada egin beza balantzaren arabera.

Eta tximistak su txinpartak bilakatu dira. Eta trumoiak eztanda hots bihurtu dira. Salbazioari erreguka ari diren garrasiak nonahi. Banderek berdin balio dute Estigian. Bi txanpon begietan. Txanpon bat ahoan.

Ontziak sutan daude uraren gainean. Naufrago. Normandiko kostatik haratago. Behelainozko teloi bat, pantaila ikusezin bat. Arima hiltzaileak. Gaueko otsoak. Piztiak. Begi gorriak. Herio irribarrez begira. Baina Montemascherako kondea aurrera doa Tamesis aldera. Oraino bizirik behelaino artean.

Itsaso gorria lekuz aldatu da. Gorpu naufragoak Neptunok gordeko ditu inork aurkitu ez ditzan. Eta ontzi urperatuak ondorengoen ondorengoek kontatuko dituzten kondairetako mamuen ontzi misteriotsu izango dira. The flying Dutchman, Willem Van der Decken. Atlantidaren bila.

miércoles, 19 de diciembre de 2012

VENEZIATIK PARISERA: EPOPEIAREN HASIERA ( XVI )

Veneziatik Parisera guda tronpetak. Edwarden atzetik doaz bere gizonak Parisera bidean atabal soinuz. Zaldiak trostan gerrara bidean. Erregea erregea hiltzera. Odolez idatzitako patua. Aurpegia haserre, malkoak masailetatik behera. Eta odola borborka. Irakiten eta su bilakatzen. Barne sua. Eta barne su horrek irensten du osorik. Gorrotoa, mendeku gosea, haserrea, amorrua ... dena gorputz baten barnean. Sutan. Lehertu beharrean.

Piratak zain daude itsasoan. Bere aliatuak Normandiako kostan. Heroiaren aliatuak epopeia ederrenaren parte izateko. Piraten Erregeak Ingalaterrako erregea nola hiltzen duen kontatuko duena eta piratak izango direla mendekua lortzen lagunduko diotenak. Baina epopeiak ez du kontatuko nola piratek gerrako botina lortu nahi zuten, Peruko urrez egindako altxorrak ron botilengatik aldatzeko.

Eta Parisen Frantziako Koroa, Montemascherako kondearen aliatua. Justiziaren alde borrokatuko duten zaldun prestu eta adoretsuak odola aliatuen alde isurtzeko beldurrik ez dutenak. Mosketeroak. Unus pro omnibus, omnes pro uno. Epopeiako salbatzaileak, ideal egokien banderak eramango dituztenak. Epopeiaren orrietan ez da idatziko, ordea, tronu frantsesak Ingalaterrari gerra irabazi nahi ziola eta bera bihurtu munduko zentroa. Paris. Notre Dame. Ehun Urteko Gerraren errebantsa.

Baina horrek berdin du. Epopeiek hitz ederrak bakarrik aipatzen dituzte eta ondorengoen ondorengoek irakurriko dute Montemascherako kondea guda tronpeten artean abiatu zela Veneziatik Parisera bere aliatuen bila Ingalaterrako erregea hiltzeko.

Heroia Veneziatik Parisera doa, hau da Epopeiaren hasiera.