viernes, 14 de diciembre de 2012

KARIBEKO URETAN ( IX )

Gauerdia jo dute Port Royalgo kanpaiek. Hamabi kanpai-soinu hamabi olaturentzat. Eta itsasontziak uraren gainean geldo. Ilargiak argi zuriz argitzen ditu iluntasunean. Eta izarrak soldadu prestu ilargiamandrearen inguruan. Gauaren ehun mila begi itsasoari so. Kresala aurpegian, ezer ikusten ez dutenen aurpei biluzietan.

Eta isilik itzal beltzak fragata baten inguruan geratu dira. Eta oraindik isilago abordatu dute bandera ingelesdun fragata. Altxorrak lapurtzera doaz, itsas lapurrak Peruko urrearen bila Karibeko uretan.

Egunsentiz armadaren esnadeia eta guda doinuak Port Royalen. Piraten bila taberna lotietan iskanbila gosez. Ateak ostiko kolpez lurrera eta ezpainetan ron zaporea gordetzen dutenen ehiza. Txakurra eta katuren jolasa. Eta burdinazko espetxeetan harrapakin harrapatua.

Amerika. Utopien eta ametsen lurraldea. Mundu Berria, zaharraren laborategi eta esperimentu.

Itsasoaren gainean uhinek murgiltzen dute Espainiako Koroaren galeoi bat Urrezko Dorrera bidean. Eta atzetik bandera beltza. Buruhezur erdi bat Jolly Roger. Abordatzera! Eta kanoi soinuak piratak hegan doazen bitartean, ezpata kolpeen txinpartak, bolbora lurrina odolean. Eta lehoia eta dorrea sutan kiskaltzen dira altxorrak ontziz aldatzen diren bitartean.

Itsasoa zakar bihurtu da gaur. Olatuek fragata kolpatzen dute eromenaren erdian uharte sekretura bidean doazelarik altxorrak gordetzera. Itsasontziak mamu bihurtzen diren uretan. Leienda eta kondaira zaharren urak, itsas munstro eta marinel naufragatuen itsasoak. Karibea.

Piratak estriborrean. Altxorrak nahi dituzten piratak. Piratak piraten aurka. Bandera beltza bandera beltzaren aurka itsaso eroaren erdian.

- Alferrik erasotuko diguzue. Ni izango naiz hurrengo piraten errgea!

Eta eromenaren erdian guda. Hodei beltzen pean olatuen dantza eta sua beraien gainean. Haize zakarrak putz belak apurtzeraino eta ezpata soinuak abordaiaren ondoren. Kanoien leherketa zarata. Gatilo soinua bolbora artean. Odola egurraren gainean eta itsasoan gorpuak. Infernua urazalean.

Kapitainak bere ezpata lurrera bota du. Kanpaien moduan mundu guztiak entzun du metal soinua egurraren aurka.

- Nor haiz hi?
 
- Edward Galesko Kondea, hurrengo piraten erregea.

Eta altxorrak lapurtu dituzte Edwarden gizonek. Esklabo batzuk eta urre eta zilarrezko txanponak. Tartean emakume eder bat, azal zuria, ile luzea bizkarretik behera, begi ilunak. Kapitaina sorgindu dutenak.

No hay comentarios:

Publicar un comentario