jueves, 13 de diciembre de 2012

CORNUALLESKO TRAIDOREA ( VII )

Zatozte, ez izan beldurrik agure honi. Nahi duzue piratei buruzko istorio bat kontatzea? Taberna honetan bizi izan zen pirata bati buruzko istorio eder bat. Zatozte, ez dut inor jango, ez diozue agure zahar honi izurik izan behar. Mundu honetan bada beldur handiagoa eduki behar zaion jendea, horiei izan benetako beldurra, ez taberna honetan erdoildu den agure honi. Kontatuko dizuet Edward izeneko pirata baten istorioa.


Istorio zaharrek kontatzen dute Cornuallesko Traidorea Galesko Kondearen lagun mina zela. Biek batera diseinatu zutela Ingalaterrako erregearen hilketa. Ez zen bakerik garai hartan. Belardi berdeak gorri bihurtzen ziren eta suak garbitzen zituen bekatu guztiak. Eta noble ingelesek beraiena zena zaindu nahi zuten. Erregeak ez. Erregeak dena berarentzat nahi zuen, botere guztia bere eskuetan izan nahi zuen. Absolutua.


Baina erregea nola edo hala konturatu egin zen nobleen traizioaz eta konspirazioaz koroaren aurka. Galesko kondearen heriotza. Biolina jotzen ari zen bitartean hil zutela kontatzen dute poeta zaharrek. Eta bere seme txikia ihesi joan zen ordutik. Ihesaldi ero batean koroarengandik ihesi. Baina haurregia zen lur hauskor eta basati haietan bakarrik ibiltzeko.


Istorioek diotenaren arabera Cornuallesko Traidoreak babestu zuen bere gazteluan. Bere aitaren adiskide izanik ezin zuela eta haur gaztea bakarrik utzi. Haurrak hamar urte bete zituenean Erregea etsai guztiak harrapatzen eta akabatzen hasi zen berriz ere, traizioaren urtetik bi urte ondoren. Cornuallesko Traidoreak, orduan, haurra koroak harrapa ez zezakeen nonbaitera eraman behar zuela pentsatu zuen, errege hura gai baitzen Galesko Kondearen odola zeraman edonor hiltzeko izan zezakeen adinak axola izan gabe.


Cornuallesko Traidoreak bazuen adiskide bat Frantzian. Bretainiako herri txiki batean, Kemperren. Erreinuko mugetatik haratago ezingo zuen haur hura harrapatu eta egun batez bidaia hasi zuten Cornuallesko kostatik Bretainiako kostara. Kemperrera. Bertan taberna batera sartu ziren. Gizon basatiak, mozkorrak, alprojak, gezurteroak ... zibilizazioaren muga tabernako atean zegoen. Eta istorien arabera bertako jabearen eskuetan utzi zuen. Jacques. Eta bere emaztearenetan, Madeleine. Bertan hazi zuten gazte bilakatu zen arte barraren atzean.


Denborarekin ikasi zuen nola taberna hura piratez josia zegoela. Beraien bidaiak eta lapurretak ospatzeko ardoz mozkortzen ziren piratez jositako taberna. Eta denborarekin bera ere, bere iragana kasik ahazturik pirata bihurtu zen.


Istorio zaharrek hori kontatzen dute, taberna honetan hasi zela Edward pirataren istorioa.

No hay comentarios:

Publicar un comentario