domingo, 16 de diciembre de 2012

VIENAKO SARRERA ( XII )

Eguzkia ezkutatzerako Vienan egongo dira Edwarden gizonak Ingalaterrako erregea hiltzeko asmoz, palazioko zerbitzarien trajeak jantzita. Ardo kopa bat pozoinarekin eta bihotz bat gutxiago munduan. Afaltzerakoan, arlekin eta bufoiek beren funtzioa hasten dutenean, irriak malko bihur daitezen azal txuridun aurpegi batean. Eta kanpoan bostehun gizonek armak prest beste norbaiti bizia kendu behar baldin bazaio. Dena subirano anker batekin amaitzeko. Herriak ez baitu eguzkirik ikusten bere buruan Ingalaterrako koroa dagoen bitartean.

Eta udaberriko egun batez, traizioaren egun berdinez zaldunak Vienara abiatu dira erregearekin amaitzeko pirata baten gidaritzapean. Danubio ertzak inguratzen hiriaren sarrerara iritsi dira. Viena, otomandarren aurkako gudazelaia, deabru beltzei sartzen utzi nahi ez diena eta deabru zuriak kortesia guztiekin zerbitzatzen dituena. Kanoi burrunbak gurutzearen horizonteetatik ekialderantz.

Baina Ingalaterrako bandera dantzan zebilen hiriaren sarreran zaldun bibotedun batek eutsirik. "Edward MonteMascherako Kondea! Hire pauso guztiak zakizkiagu. Zerbitzari guztiak akabatu dizkiagu." Hogeita hamar txanponen hotsa berriz ere. "Eta ez dituk izango akabatuko dizkiagun bakarrak. Hire emazteak Giulia izena dik, ezta? Ikusten duanean emaizkiok goraintziak erregearen partetik."

Vienako sarrera: kanoiak norabidez aldatu dira eta pozoinak jada ez du ahalmenik inor pozointzeko.


No hay comentarios:

Publicar un comentario