viernes, 21 de diciembre de 2012

EXISTENTZIAREN MUGAK ZEHARKATZEN ORTZEMUGARAINO. ERREGE BATEN HERIOTZA ( XX )

Ez da argirik ene inguruan. Suak argitzen dituen lantzen puntek egiten duten dizdira infernuko sugarrek egiten dutenaren parekoa da. Gorputz osoa odolez zikinduta eta gehiago eta gehiago zikinduko da ordulariak gelditu arte existentziaren mugak zeharkatzen ditudan heinean. Ortzemugaraino.

Errege madarikatu hori hil nahi eta azkenean berak hil nau. Edo akaso mendeku goseak, goseak itsutu nau eta azkenean mendekua mendekatu da nirekin.

Eskua odoletan dut begien aurrean.

Orain nire bizitza nola itzaltzen den besterik ez dut itxoin behar. Aita eta amarekin elkartuko naiz berriz ere, urteak beraien ohorea berreskuratu nahian eta esku hutsik itzuliko naiz etxera, ez beraien ohorerik, ez eta nirea ere.

Eta Giulia ere beraiekin egongo da. Berriz ere besarkada baten berotasuna sentitu nahi dut. Berriz ere gure banderak ipini ohean konkistatzen ditugun eremuetan.

Begiak zabalik mantentzea geroz eta zailago egiten zait.

Baina Penelope bakarrik geratuko da mundu honetan, Ulisesen itzuleraren zain, baina oraingo honetan ez da Ulisesik agertuko bere etxean. Bakarrik geratuko da, inoren babesik gabe. Negarrez agian, isilik beharbada. Auskalo. Amorrurik ez dadila ernatu bere baitan eskatu nahi diot Jainkoari. Arren. Ez dut nire odoletan bizi den erokeriarik bere jabe izatea nahi. Aske! Libre izan dadila bere bideak egiteko, libre eskua nori eman erabakitzeko, libre ateak nori ireki erabakitzeko.

Hor dator aita eta amaren heriotzak mendekatzeko hil behar nuen erregea zaldi zuri baten gainean.

Hotza sentitzen dut eskuetan. Eta bularra bitan zatituta.

"Azken traidorea hil da!" belarri ertzera esan dit erregeak. Eta begiak ixten ari zaizkit. Ilunago ikusten dut orain, sugarrak itzaldu balira bezala. Duela momentu batez ikusten nuen sugarrezko mundu hori itzaltzen ari da ... Beltza bihurtu den arte.

No hay comentarios:

Publicar un comentario