jueves, 13 de diciembre de 2012

LARROSA GORRI BAT KOPETEAN ( V )


Eguzkia horizontera kulunkatzen ari zen lorategian eskuetan zenuen biolinari melodia marrazten ari zinenean. Marrazten marrak. Airean. Horizonte aldera olatuen gainetik eguzkiari sehaska kantu bat jotzen ariko bazina bezala.


Baina olatuen gaineko bidaia horretan Leviathan basatiena agertu zitzaizun begien aurrean. Hortzak zorrotz. Zorrotzegi bakea nahi duenarentzat. Begi gorri. Gori. Bezain gorri. Hori. Zoli uraren gainean. Basatiena ere lokartu nahian marratzen jarraitu zenuen. Uraren gainean. Gainean, uraren besoetan. Venus Milokoarenetan.


Haur. Nerabe nintzen oraino. Eta zure aurpegiko zimurren zirrikituetan gordetzeko beharra nuen beste behin ere. Berriro. Ihesi doan lapurra bezala bere gordelekura. Gordetzeko lekura. Leku hura. Zure aurpegiko zimurren artekoa.


Elurra bezain zuri zenuen aurpegia, larrosa gorri bat kopeta erdian. Eta loreak ureztatzeko malkoak begietan. Kea da lanbroa. Bolbora da aroma. Lanbroa ke, aroma bolbora. Eta justiziaren irri bat bere titereen maskaretan. Antzokiko aktoreek tragediak enmaskaratzeko darabiltzatenetan. Teloien atzean. Hatzean. Zure eskuetakoetan. Biolina. Negarrez. Eta eguzkia? Lotan. Ikusitakoa ametsgaizto bat izan dela sinetsi nahian. Eta ilargia? Bakarrik. Biolin negarti bat izara azpian gorde nahian.

No hay comentarios:

Publicar un comentario