lunes, 26 de marzo de 2012

TORTURAREN AURKAKO OLERKIA ( I )


Bat. Bi. Hiru. Lau. Bost. Sei. Zazpi. Zortzi. Bederatzi. Hamar. Hamaika egun.

Zenbat denbora igaro duzu iluntasunaren atzaparrek inguraturik?

Bakarrik!

Bilutsik!

Kate eta burdinez lotuta!

Biharamunari iraganari baino beldur gehiago diozu.

Gaizkilearen papera eman dizu historiaren idazleak

eta gaiztakerien ondorio dela zure zigorra.

Ongiaren garaipena!

Idazleak, ordea, ez du bere anonimotasuna baztertzen

eta zalantza sortzen zait ea zein den gaiztoago.

Bizkarrean magortua duzun

Picassoren txoriaren tatuajea aizto batez ezabatu dizute.

Makilkadez!

Bortxaz!

Kuraia bera odolez zikintzen da.

Martir bilakatu zaituzte

eta ongiaren heroiek beren justifikazioak topatzen dituzte

bideo-argi eta flash aurreko mikrofonoetan.

Garaipen notak pentagrametatik erortzen dira

euria ekaitz egunetan bezala eta uholde baten olatuek dena aurretik daroate ezgauzaren pareko.

Hormetako graffitiak ez dira Estrasburgora iristen

eta Berlingo Harresi berri bat altxa digute gure bihotzetan

Kanpoko begiek ikusten ez dutena. Edo ikusi nahi ez dutena.

Bitartean zuk hor jarraitzen duzu Sisifo lez egindako guztia hutsean bilakatzen.

Egunsenti berriarekin amets egiten duzu, baina gaua ez da errenditzen.

Gatibu.

Babes barik.

Eta malko bat erortzen zaizun bitartean masail ubeletik behera

zenbagarrena den pentsatzen duzu azkenaren atzetik doan hau.

Irri egiten ahaztu zaizula dirudi. Dirudi beldur diozula irri egiteari.

Zeruari begira egotea denbora galtze hutsa da, baina amets eginarazten duen gauza bakarra.

Eta krudelkeri zikoitz horretatik ihes egiteko bide bakarra.

Ezpainak inkomunikazio egoeran daude

ez bada herio garrasien oihukatzeko.

No hay comentarios:

Publicar un comentario