martes, 27 de marzo de 2012

HISTORIAKO APUNTEAK


 
Zer ote da Historia? Igande arratsaldez autobusa hartu Siberia aldera joateko hurrengo egunez asteari ahal den gogotsuen ekiteko. Arratsaldeko zortziak aldera ilun dago eguna urteko sasoi honetan eta libururen bat irakurtzen edo apunteak aztertzen edo besterik gabe musika baxu-baxu ipini belarri alboetan eta leihotik begira joan lo hartzen den arte. Eta horrelako une bakartietan pentsatzen jartzen zara ea zergatik sartu ote zinen lau urteko karrera horretan, zergatik Historia eta ez beste edozer gauza bizitzaren bide zidor guztiak gainditzea errazago egiten dutenak. Mikel Urdangarinen kantu malenkoliatsu batetik Freddy Mercury-ren ahotsera jauzi du erreproduzioak. Militantziagatik gauza gutxi egiten dira gaur egun.
Lehen urtean galdera horren erantzuna topatu nahian ibiltzen zara eta aje egunak besterik ez dira tokatzen begien parean bata bestearen atzetik. Ostegunak. Onak, oso onak direla diote adituek Gasteiz aldean. Kutxi eta Gaztetxia, katu baltzak toki guztietatik miauka. Eta goizetan, ahal den heinean lanak aurreratzeari ekiten diozu Bibliotekan, bidean lanera doazen trajedun gizonak gurutzatzen direlarik Daton barrena. Jubilatuak petankan. Eta liburuak irakurtzen dituzun bitartean aurreko ostegunean mosuak konpartitu zenituen neskarekin topo egiten duzu eta irri batekin agurtzen dizu “zortzietan Hala Bedin” izkiriatzen dutelarik bere ezpainek. Baina Historiari buruzko erantzunik ez duzu topatzen sazerdote drogazale eta ex-voto artean, ez eta Goi Erdi Aroko Inperio Frankoan ere. Irakasleak emandako bibliografia gomendagarrirako ere ez duzu paradarik topatzen Historiaurrekoak beste horrenbeste eta gehiago irakurtzea eskatzen baitizu. Baina hori sistemaren arazoak dira, komunikazioaren eta inkomunikazioaren arteko erlazioak.
Eta bigarren urterako lagun berriak ere ohiko bihurtzen zaizkizu. Eta askotan irakaslearekin baino gehiago ikasten duzu beraiekin bazkari eder baten konpainian garagardo eta zigarro artean. Orduan konturatzen zara garaituak beti idazten dakiela, baina orri beltzak ez dituela haizeak urratzen. Eta saiatzen zara irakaslea irteera bako kaleetara eramaten eta zure ezagutza berea baino handiagoa dela erakusten, baina alderdi ilunenean gordeta dituen kartan mahai gainean pausatzen dituenean emeki begirada koaderno gainean ezartzen duzularik esandakoa onartu ostean berau orri zuriaren gainean idazteko. Auto istripu bat dagoela dirudi Aretxabaleta parean, stand by me. Konturatzerako Araban gaude.
Horrelako uneetatik ikasten zure artxibo propioa handitzen doa eta jada konturatzen hasten zara hasieratik planteatutako galdera oker plantatuta dagoela. Ez da zergatik sartu zaren Historia ikastera gainontzeko guztiek erotzat hartzen zaituzten bitartean sufritu zutelako bere garaian azterketa gainditzeko. Kontua da zer eskain diezaiokezun albokoari Historiaren bitartez. Medikuek pertsonak sendatzen dituzte edo mina arindu lehenengoa ezin bada burutu. Historialariak gizartearen iragana aztertzen du soziologoenak ez dezan berriz ere harri berberarekin tupust egin. Baina Kulturan inbertitzea zaldi elbarriaren alde apostu egitea bezalakoa dela pentsatzen dutenez eta krisiaren eta terrorismoaren aitzakiak ipintzen dituztenez garai hauetan, ba historia plazer duenaren militantziaren arabera zabaltzen da gizarte osora. Akaso iragana (berez existitzen ez dena) ezkutatu nahi dutelako edo bestela gustatu egin zaigulako harri berarekin tupust egitea.
Iritsi gara helmugara, Calle Melancolia live, zerbait afaldu eta laster ohera bihar egun gogorra, eta seguruenik oso hotza izango baita.

No hay comentarios:

Publicar un comentario