miércoles, 12 de diciembre de 2012

XAKE PARTIDA: INGALATERRAKO ERREGEA HIL BEHAR DUGU! ( IV )

Piratak gaiztoak direla? Marineak onak direla? Ikuspegi hauek beti aldatu izan ditu historiak!
Bakerik ikusi ez duten haurrek eta gerrarik ikusi ez duten haurrek balore ezberdinak dituzte!
Denaren gainetik dagoenak erabakitzen du zer den ongia eta zer gaizkia.
Hau eremu neutrala da (gerrarena)!
Diote Justiziak biziraungo duela? Noski baietz!
Gerra hau irabazten duena izango da Justizia!

Eiichiro Oda, Joker-en ahotik


Mahaiaren gainean gizon beltzak bakoitza bere lekuan.
Karratu zuri-beltzak. Kartzelak batzuetan. Zeldak. Kalabozoak.
Guda zelaia. Gatazka burutuko den tableroa.
Urrea, ospea, boterea, indarra ... jokoaren legeak:
gorputza gorputzaren aurka. Herio epaile.

Partida bat lez peoiak bi pauso eman ditu aurrera. Bat. Bi.
Zaldunak jauzi egin du beste peoien gainetik
uso bat bailitzan hegan. Edota herensugea.
Sua darion bakea.

Aurrean zuriak, partida hasi dutenak.
Zuritasunean garbitu nahi eskuak. Eta aurpegia. Eta begiak.
Eta bihotza. Jainkoaren aurrean garbi. Arima zuria.
Eta beltzak beltz. Gauaren ilun. Itzal luzedun gauak. Beltz.
Xede beltzak. Ilunak helburu.
Erregea hil nahi, Ingalaterrako errege zuria.
Beltzaren leherketa. Eztanda bat amaiera.

Dorreak altxatuen aurka bidali ditu koroak
eta zaldun eta alfilak prest tablero gainean odola isurtzeko.
Ezpatak eta dagak. Zorrotz. Eta aldi berean hotz. Gorputzen antonimo.
Bitartean haizeak joko du iparretik, Eskoziako mendietatik.

Hogeita hamar txanpon mahaiaren gainean utzi dituzte.
Eta irudi beltzak erortzen hasi dira banan-bana.
Izurria bezala. Izurriteen dantzan Herio, tunika luzearen pean seme berriak ezkutatzen.

Halako batean bidea zabalik geratu da
xakerako.
Mugimendu okerren bat? Edo traidore bat?
Ez da posible! Zer gertatu da? Nola gertatu da?

Eta errege beltza zurien eskura geratu da.
Beldurrak. Nerbioak. Hotzikarak.
Zalduna babeste aldera bide erdian jarri da.
Bizia nagusiaren alde ematea. Hain da hutsala batzuetan.
Erditik ebaki dute. Aurpegia bitan. Bat pozik, bestea triste.
Antzokiko drama. Martiriaren bi aurpegiak.
Xake.

Eta Erregina beltzak ere bere buruaz beste egitea hautatu du
Galesko kondearen alde.
Traizioak ez du barkamenik ordea. Ordularia geratzen hasi da. Eta geratu da.
Arratsaldeko hirurak pasatxo.

Ez dago irtenbiderik. Ezin da ezer egin. Zer egin dugu gaizki?
Galdera erretoriko galdera oro.
Partida galtzear dena da hain zakarra eta
aldi berean pausatua.
Segundoak bikoiztu egingo balira bezala.
Trantzea. Eromen absolutua. Burua galtzeraino.
Logika galtzeraino eta absurdoan sinesteraino.

Dirudi irabazleari nola sufritzen duzun ikustea gustatzen zaiola.
Hain da motela bere etorrera,
hain dator irribarretsu, hain harro, hain sinesturik justiziaren alde egin duela ...
Baina zuk ezin duzu ihes egin.
Hankak lurrari lotuak dituzu
eta beldurra diozu mugitzeari. Karratu hori benetan kartzela bihurtu da, kalabozorik beltzena.
Lau horma eta ihesbiderik ez.
Sententzia: Xake mate.
 


No hay comentarios:

Publicar un comentario