jueves, 20 de diciembre de 2012

PLAZA ABORDATZERA! ( XIX )

Uhinak bidaide Azken Epaira bidean. Haizea belak puztuz. Putz.
Eta tximistak buruen gainean. Zuhaitz ikusezinen sustrai.

Plaza aurrean da. Eskuekin ikutzeraino kasik.
Mundua iraultzera datozenen eskuek lora bana ito dute indar guztiz
barneko piztia oraindik gehiago ernatzen zaielarik.
Mundu hobeago baten desiran. Bakoitza bere mundua hobetu nahian
Ingalaterrako erregea hil ostean.
Uholde baten gisan, Leviathan basatiena bihurturik
Apokalipsiko lau zaldunen gidaritzapean.

"Jaso belak! Bota aingura! Abordatzera!"
Eta piraten erregea izango denaren atzetik plazara jauzi egin dute piratek
geziak buru gainetik pasatzen zaizkielarik beraiek bezala plazara.
Soldadu ingelesak esperoan etsaiari. Armak zorrotz, bolbora txinparten zain.
Eta adore oihu artean lehen garaitua. Lurrera erori da eta infernuak
irentsiko du ondorengo hamaika gizonak bezala.
"Akaba itzazue denak! Ikus dezan erregeak nola galtzen duen dena!"
Lehen etxeak sutan daude. Sua zeruan gora eta garren artean odola.
Odola eta garrasiak. Garrasiak eta burdin soinua.
Denak heriotzaren dantzan.

Eta piraten erregea plazan aurrera doa etsaiaren bila.
Bat-batean Cornuallesko traidorea aurrean agertu zaio.
"Hi ere laguntzera heldu haiz! Garai zaharrak gogoratu nahian seguru."
Eta erantzun gisa irri bat.
"Hator nirekin Ingalaterrako erregea akabatzera! Gaur mundua aldatuko diagu!"
"Mundua aldatu? Zertarako?"
"Honetan baino hobekiago bizitzeko!"
"Ni honetan ederki bizi nauk. Ez zagok aldatu beharrik.
Eta Piraten Errege bihurtu al haiz dagoeneko?"
"Esan nian. Ingalaterrako erregea hil behar diat horretarako!"
"Orduan ez haiz inoiz bihurtuko."
"Zergatik diok hori?"
"Erregea hiltzen baduk ez naukelako Galesko Kondea izango!"
"Brometan habil ezta?"
"Nola uste duk hil hituala hire gurasoak, errebeldeak eta Giulia? Mundu honetan denak dik prezio bat. Zergatik uste duk naukela Cornuallesko Traidorea?"

Hogeita hamar txanpon airera.

Eta eromena odolak daroa gorputz guzira. Pozoina balitz bezala.
Traizioaren gorrotoa eta oharkabean mila oroitzapen.
Larrosa gorri bat kopetean. Amaren otoitza. Vienako sarrera. Ama baten heriotza.

"Hi akabatuko haut beste inoren aurretik! Putakumea!"

Eta ezpata ezpataren aurka. Piraten Erregea eta Cornuallesko Traidorea.
Zauri zaharrak zabaltzen eta berriak zabaldu nahian. Heriotzera kondenatuta.
Eta sabela zabaldurik traidorea lurrera erori da,
piraten erregeari bidea zabalik utzirik.

"Hil ezazue Montemascherako kondea! Bera da mundu hau desegin nahi duena!"
Lurretik datozen hitzak.
Eta inongo tokitatik gatilo soinua. Bolbora pirataren bularrean. Lurrera erori da.
Eta kupidarik ez dutenak Ingalaterrako soldaduak dira
Montemascherako Kondea inguratu eta heriotzera arte
kolpatu eta zulatuko dutenak
lantzen puntekin.

No hay comentarios:

Publicar un comentario